Jabi Ortega (Bilbo, 1976) 19 urterekin hasi zen erraldoien munduan. Deustukoa da, eta auzoan 1996. urtean Ondalan erraldoien konpartsa sortu zenean sartu zen. Afizioz hartu zuen erabakia, beti izan duelako gustuko eguneko jaia. Hirurogei kiloko erraldoiekin ibiltzen da egunero Aste Nagusian. Dioenez, arazoa ez da pisua, oreka baino.
Noiztik dator erraldoi eta buruhandien tradizioa Bilbon? Zer zeregin dute jaietan?
Bilbon beti egon dira erraldoiak. XVII. mendean agertu ziren lehen aldiz erraldoiak, edo, hobeto esanda, irudiak. Udalak antolatutako ospakizunetan parte hartzen zuten: jaietan, inauterietan eta Gabon egunean. Garai haietan, ospakizunak Elizarekin lotuagoak zeuden, eta, beraz, haien zeregina prozesioetan laguntzea izaten zen. Gaur egun, jai giroa sortzeko daude. Hala ere, beti izan dira herriko jaien parte.
Erraldoi eta buruhandiak ezinbestekoak al dira jaietan?
Duda barik. Herrietara joango ez bagina, falta sumatuko zen. Ondalan, esaterako, Deustuko erraldoien konpartsa da, baina herri askotara urtero joaten gara, eta ezin gara falta. Herriko erraldoiak bihurtu gara bertako askorentzat.
Bereziak al dira Bilboko erraldoi eta buruhandiak?
Irudi asko egon dira urteetan. Hasierako erraldoiak munduko kontinente ezberdinetako bikoteak ziren, Iruñean bezala. Gero, denbora aurrera joan ahala, hainbat aldiz aldatu dira erraldoiak; usteldu direlako, hondatu direlako, galdu direlako... Mende hasieran agertu ziren Don Terencio eta Doña Tomasa, Bilboko erraldoi bikoterik ezagunena, eta, haiekin batera, Bilborekin lotutako lanbideak irudikatzen zituzten erraldoiak egin zituzten. Egungo erraldoiak 1988koak dira.
Zer irudikatzen dute erraldoiek?
Ia beti herriko historia. Bilboko Udaleko erraldoi eta buruhandiakdira horren adibide. Don Terencio eta Doña Tomasa bikote historikoaz aparte, Zumalakarregi eta Isabel daude, Pitxitxi, baserritarra, Athleticeko lehoia...
Nola bizi dira jaiak erraldoi baten ikuspegitik?
Goizeko giroa guk pizten dugu. Hamaikak aldera hasten gara, eta ordu horretan jaisten dira umeak gurasoekin kalera erraldoiak ikustera. Egun bakoitzean ibilbide bat egiten dugu, eta oso gustura ibiltzen gara. Azken finean, jaietako protagonista sentitzen gara, jaiak ere denonak direlako. Ez hori bakarrik: umeak erraldoi eta buruhandien zain dauden momentua ere pizgarria da. Batzuetan, kostatzen da bezperan etxera joatea, baina gero hori ikusita merezi du.
Aste nagusi osoa erraldoia eramaten. Sasoian egon behar al da erraldoia dantzatzeko?
Guk brometan esaten dugu erraldoiaren barruan itzalpean goazela, ez duela berorik egiten, baina, normala denez, nekatu egiten gara. Horregatik, txandaka aritzen gara. Azkenean, dantza eta saltoekin nekatu egiten zara, batez ere aste bukaeran. Garrantzitsua da erraldoia ondo eramatea, eta, horretarako, entseguak oso garrantzitsuak dira; orekari eusten ikasteko, erraldoia nola altxatu eta jaitsi jakiteko, erraldoia arriskurik gabe mugitzeko, ez erortzeko...
Zein da Aste Nagusiko unerik politena erraldoi eta buruhandientzat?
Azken igandeko bilkura esango nuke. Santiago plazan edo Areatzan, jendez lepo dagoela, berrogei erraldoi elkartzen direnean, oso polita izaten da. Gaitero guztiek berrogei erraldoientzat musika jotzen dute, eta denok batera aritzen gara dantzan. Erraldoia eramatean ez dugu ikusten kanpoan zer gertatzen den, baina nabaritzen dugu giroa, jendea adi, gustura eta pozik dagoela momentu horretan. Geroko txalo zaparrada ere itzela da.
MARIJAIAREN LAGUNAK. Jabi Ortega. Ondalaneko kidea
«Giroa, ikusten ez badugu ere, nabaritzen dugu»
Aste Nagusiko goizeko giroa pizteko, erraldoiak eta buruhandiak ezinbestekoak dira. Gaur erraldoien bilkura egingo dute, eta 40 erraldoitik gora batzea espero dute Ondalaneko kideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu