Giroan, gatza eta piperra

Abiatu da Baionako urdaiazpikoaren feria, urdaiazpiko lehiaketarekin, eta ehunka bisitari bildu dira hara, jakin-minez eta sabela berdintzeko asmoz.

Epaimahaia zorrotz aritu izan zen urdaiazpiko onena hautatzeko lanean. Andre Perrik irabazi zuen. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Baionak urdaiazpikoa du ohoretan. Urdaiazpikoaren feriak merkatu inguruko bazterrak jendez bete zituen atzo, ostegunetik iganderaino egiten ari den Baionako urdaiazpikoaren feriaren karietara. Eguna indartsu abiatu zen, ehunka herritar eta bezero erakarriz merkatuaren ingurura. Plazan, 29 urdaiazpiko ekoizle eta, gainera, lehiakide. Iaz baino gutxiago, baina horrek ez zion erakargarritasunik kendu egunari. Urdaiazpikoak, lerroan ederki apaindurik. Guztiak, Ezpeletako piper gorriaren dirdiraz atondurik. Eta jende lerroak urdaiazpikoz urdaiazpiko, epaileen ebazpena entzun aitzin irabazlea nor izanen zen igarri nahiak ezin bazterturik.

Urdaiazpikoaren kofradiak erabakia eman zuen eguerdi jo aitzin, eta, ustekabean, lehiaketara lehen aldiz aurkeztutako bat izan da irabazle: Andre Perri 63 urteko ezpeletarra. Ezpeletako piperrez nasaiki apaindurik zegoen 22 kiloko urdaiazpiko batek ukan du ohorea. 63 urteko garailea ez da urdaiazpiko ekoizle profesionala. Etxean jateko hiltzen eta apailatzen ditu txerriak. Saritutako urdaiazpikoa hamasei hilabetez atxiki du ontzen, eta saltzeko asmorik ez duela adierazi du. Etxean egina eta etxerako. Eraman, osorik eraman ere, epaileek ez dutelako dastatzen, itxura eta usaina aztertuz hautatzen dute garailea.

Ezpeletarraren gibeletik Joseph Landarretxe gelditu zen. Lekorneko txerri hazleak hamalau kiloko urdaiazpikoa aurkeztu zuen, eta 300 euroko saria eman zioten bigarren gelditzeagatik. Hirugarren postuan, Jean Amianogelditu zen, hamasei kiloko urdaiazpikoarekin, eta laugarren, Hazparneko Marie Leglise.

Bazterrak bero

Urdaiazpikoari bezala, Baionako feriari ere ez zaio falta gatz eta piperrik. Goizean goizetik gaiteroek Euskaldunen Karrika eta merkatu ingurua girotu zuten. Eguerdirako bestaren lehen txanpa giro ezin hobean murgildu zen. Merkatu aitzinean, oihal etxe erraldoi baten azpian, 500 toki apailatu zituzten bazkaltzeko. Bazkaltiarrak gehiago izan ziren, batzuk tokiak hustu ahala bezero gehiago hartzeko prest gelditzen zelako mahaia. Bazkaria girotzeko, orkestra xume bat barnean, tarteka isiltzen zena txistulariak edo trikitilariak agertzen zirelarik.

Oihal etxe barnean eta bazkaltiarrak inguratuz, ekoizle ugari. Itsasuko eztia, Hazparneko Louis Ospitalen xingarra eta Gamarteko Elizaldia etxekoak, besteak beste. Ipar Euskal Herriko zedarrietatik haratago hedatzen da feriaren ospea, eta anitz jin ziren kanpotik. Adibidez, Biarnotik, Nabarrenkoxeko Casamayou. Ezin da ahantzi izenak ez duela izana egiten, eta Baionako urdaiazpikoa deitzen bada ere, eremu zabalagoan ekoitz daiteke sor-marka horrekin. Gisa horretara, Akitaniatik jin urdaiazpikoak eta Euskal Herrikoek izen bera dute.

Feriaren barnean giroa lasaiagoa izanen da aurten. Izan ere, iaz liskarrak izan ziren inguruan, arno dastaketa egiten zuten etxoletan. Hori saihesteko, aurten alkohol salmenta debekatzea deliberatu du Jean Grenet Baionako auzapezak. Azkaineko Txopinondo etxeko sagardoak ihes egin dio debeku horri eta oihal etxean dasta daitekeen alkohol bakarra izanen da. Hori eta bazkari denboran zerbitzatzen duten arnoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.