Familia festa zale batean jaioa da Dani Goñi (Donostia, 1957), eta berak ere bizi du Aste Nagusia. Pirata da, eta euskaraz eta euskaratik bizi ditu jaiak; Donostiako euskalgintzan lan handia egindakoa da, besteak beste.
Aste Nagusia bete-betean bizi duzu, ala ihes egiten duzu?
Denetik egon da. Urte batzuetan ihes egin dut jendetzatik. Piratak hasi zirenetik, bai, bizi dut herritik sortu den jaia. Horrek herri jaien kutsua ematen dio. Egun batzuetan bai, nahiko bete-betean bizi dut. Xelebreekin ere ibili naiz: helduen kofradian.
Pirata denak, beraz, ez dira gazteak.
Ez, ez. Azkenean, hor gabiltzanak lehendik ere beste gauzetan mugitu izan gara: euskalgintzan, kantujiran, plaza dantzetan... Denean hartzen genuen parte, eta erabaki genuen kofradia bat sortzea: Xelebreak. Piraten kantujira, muxikoak eta dantzak antolatu izan ditugu, eta dultzemeneoa ere egin izan dugu Trinitate plazan, afalosteko dantza.
Herri jaien kutsu hori izan du beti Aste Nagusiak?
Ez, ez. Familia nahiko festazale donostiar bateko kide naiz, eta biloben artean, nagusia. Orduan, asko ibili nintzen osaba-izeben eta gurasoen kuadrillarekin. Suak ikusten genituen aitona-amonen etxetik, eta Ama Birjinaren egunaren bezperan kantuan ibiltzen ginen elkarteetan.
Festara abestutakoa zara, beraz.
Bai. Gainera, nire aitona Gaztelubide elkartekoa zen, eta parte hartzen zuen. Beti joaten ginen Festara entzutera edo kantatzera.
Zure aitona, Shotero Irazusta, ez zen edonor.
Heldu nintzen heinean jabetu nintzen. Umetan, ikusten nuen aitona oso famatua zela: Gaztelubideren danborrada zuzentzen zuen plazan. Kaldereroak hark berreskuratu zituen, eta hura zen zuzendaria. Ni harekin ateratzen nintzen. Oso umetatik bizi izan dut. Garai hartan, gainera, Aste Nagusian zaldiak eta zezenak ere egoten ziren. Aldatu da.
Hobera?
Nire ustez, bai. Hobera, herriaren parte hartzearen bidez. Gaur egun, turismoak eta jendetzak, aldi berean, leku batzuetan arrotz sentiarazten gaituzte.
Euskarak badu lekurik Aste Nagusian?
Egin du lekua. Bagera euskaltzaleen elkartea sortu genuenean, orain dela 33 bat urte, alaba txikia zen, eta parkeetara joaten hasi nintzen. Lehenengo behaketa izan zen, nahi gabekoa: umeentzat zeuden gauza guzti-guztiak espainol hutsez ziren. Orduan, Bageran urtero-urtero hasi ginen jaietan euskararen erabilera neurtzen eta behatzen. Emaitzak beldurgarriak ziren, eta erreakzio bat egon zen.
Antzematen da gaur egun?
Piraten inguruan bai, eta euskal folklorearekin zerikusia dutenetan ere bai. Boleibol lehiaketan megafonia hartzen duenak, baina, erdaraz egin ohi du.
Aste Nagusiko egun normal bat nolakoa da zuretzat?
Edozein jairekin zera gertatzen zait: giroan sartzen naiz, edo ihes egiten dut; ez zait gustatzen begira egotea. Dantza badago, parte hartuko dut. Jaiak begiratzeko, ez; gaizki sentitzen naiz.
Dantza emanaldiak Konstituzio plazan egin ohi dituzte. Edo Plaza Berrian?
Udalaren webgunean Konstituzio plaza da, eta Irutxuloko Hitza-ren egitarauan, Plaza Berria. Konstituzio plaza baino urte gehiagotan deitu izan zaio Plaza Berria, eta horrela erabili izan zen euskaldunen artean frankismora arte. Plaza Berrian ekitaldi folklorikoak egiten dira, eta justu konstituzio hori eta besteak izan ziren Donostian euskara txikitu zutenak.
Zer behar du Aste Nagusiak?
Jendeak bere sentitzea. Herria egiteko modu asko daude, eta jaiak euskaraz egitetik bizi ditut: euskara eta euskal folklorea zabaltzetik. Edozein musika izan daiteke, baina guk gurera ekarri behar dugu. Gurea izatekotan, euskaraz egin beharko da.
lotsabako
Artilleroa bazina, zeri emango zenioke su?
Supremazismo kolonialistari.Pirata zara, baina suak ikusten dituzu?
Oso umetatik ikusi izan ditut. Tarteka, gustatzen zaizkit.