Puntadaz puntada jositakoa da haien arteko jostura. Batak pasaratutako hariarekin egin zuen lan besteak. Eta elkarrekin asmatu zuten siluetei forma ematen, soiltasuna edertzen, harmonia goresten, eta dotorezia harilkatzen. Cristobal Balentziagaren (1895-1972) eta Hubert de Givenchyren (1927-2018) joskintza elkarri begira eta elkarrekin hizketan jarri dituzte The Givenchiaga Family erakusketan. Atzo aurkeztu zuten Getariako (Gipuzkoa) Balentziaga museoan, eta heldu den urteko otsailera arte egongo da zabalik; izan ere, 2027an betetzen dira ehun urte Givenchy jaio zela, eta erakusketa bada hari egindako «omenaldi aurreratua» ere.

«Desberdintasun baino antzekotasun gehiago dituzte, dirudien baino askoz ere antz handiagoa dute elkarren artean. Bata zaharragoa da, bestea gazteagoa: oraindik ere, zalantzarik gabe, Givenchiaga familia dira»: Katharine Whitehorn kazetari ingelesak 1960an The Observer aldizkarian idatzitako pasarte hori baliatu du Igor Uria Balentziaga museoko bildumen zuzendari eta erakusketaren komisarioak, Givenchiaga familia esamoldea hartu eta erakusketari izena jartzeko. «Asmoa ez da konparazio bat egitea, bien arteko loturak eta antzekotasunak azpimarratzea baizik», azaldu du Uriak. Bi egileen 35 lan aurkeztu dituzte, 1956tik 1972ra bitartean eginak: «Givenchyk erreberentziazko debozioa zion Balentziagari, eta begirune eta miresmen berberarekin erakutsi nahi izan ditugu euren sormenak. Edertasuna, sinpletasuna eta dotorezia loratzen dira bertan».
«Givenchyk erreberentziazko debozioa zion Balentziagari, eta begirune eta miresmen berberarekin erakutsi nahi izan ditugu euren sormenak. Edertasuna, sinpletasuna eta dotorezia loratzen dira bertan»
IGOR URIAErakusketako komisarioa
Balentziaga, «Jaungoikoa»
Givenchyk 1953an ezagutu zuen Balentziaga, New Yorken (AEB). Horrela kontatu zuen behin: «Koktel batera gonbidatu ninduten, eta norbaitek esan zidan: ‘Balentziaga dago hemen’. Harrera gelaren amaieran ikusi nuen, sofa batean eserita, bakarrik, betaurrekoak soinean. Aurkeztu egin gintuzten, eta hizketan hasi ginen. Koktela amaitu zen, eta guk han jarraitzen genuen, hitz eta pitz. Bere familiaz hitz egin zidan, bere aita arrantzaleaz, eta Donostiaz». Ordutik aurrera, elkarrekiko errespetuan, konplizitatean eta adiskidetasunean oinarritutako harreman berezia sortu zen bien artean. «Balentziaga nire erlijioa zen. Niretzat, Balentziaga eta Jaungoikoa soilik zeuden», zioen Givenchyk 2007an. «Balentziaga ezagutu izan ez banu, agian ez nukeen inoiz aurkituko modaren esentzia», aitortu zuen 2011n.
Balentziagaren ikasle eta jarraitzaile bihurtu zen Givenchy, eta haren goresle eta ondarearen zaindari ere bai, Getariako maisua zendu zenean. 1968an, Balentziagak erretiroa hartu zuenean, Givenchy etxearen esku utzi zituen bere konfiantzazko langileak eta bezeroak —kalearen bestaldean zeukan Givenchyk denda—.

Eta agerikoak dira erakusketan Balentziagak Givenchyri emandako irakatsiak: tunikaren dotorezia, blusen makurdura, soinekoen geometria, silueten arkitektura, brodatuen aberastasuna, eta lerroen garbitasuna. Getariarrak emandako gomendio bat ekarri ohi zuen gogora Givenchyk: «Politago egin nahi baduzu, ez jarri lore bat. Egin ezazu soilago».