Gaurko filmak

Giza arimaren basamortuan

Maitane Mitxelena
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Komediarekin jolasean aritu ondoren -Intolerable Cruelty (2003) eta Ladykillers (2004)-, coendarrak euren benetako lurraldera itzuli ziren No Country for Old Men lanarekin, eta gaur telebistan estreinatuko du ETB2k. Psikopatia, diruzalekeria eta erospena uztartzen dituen istorio basatia ondu zuten anaia sortzaileek, Sam Peckinpahren bidetik.

Llewelyn Moss (Josh Brolin) basamortuan da ehizan, eta ezusteko harrapakina ikusi du: bi milioi dolarrez betetako maleta bat aurkitu du gizon hilen gorpuz inguratutako kamioneta batean. Badaki ez duela maleta hori hartu behar, badaki bere burua eta familia arriskuan jarriko dituela maleta ukitzen badu, baina... indarkeria urakana abiaraziko du.

Soberako planorik ez du filmak, baina bai narrazio argi eta zuzena. Indarkeriak leku erosoa aurkitzen du filmean, ezin hobeto txertatzen baita, istorioa bera indarkeria baita. Anton Chigurh (Javier Bardem) psikopataren ibilerak oilo ipurdia jartzen du. Chigurherren aire konprimituko bonbonak ez du barkatzen, eta filmak berak ere ez. Hemen ez dago heroirik; ez dago krispeta zinemaren logika zuririk. Tarteka tentsio izugarria bai, maisulan baten une magikoak. Fargo-ren garaiak itzuli dira berriro. Ez da bihozberentzako filma.

Maitane Mitxelena





No es país para viejos

ETB2, 22:40. Zuzendariak: Joel Coen, Ethan Coen. Akt.: Tommy Lee Jones, Javier Bardem, Woody Harrelson, Josh Brolin, Stephen Root. AEB, 2007. 122 min.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.