Giza arrastoa harrietan

Bilboko itsasadarrean urte luzez izandako industrializazioaren eraginez, Tunelbokako hondartzan 'beachrock'-ak sortu dira, Getxon. Eremu ez-tropikaletan ikusten ez diren harriak topatu ditu Nikole Arrietak.

BEACHROCK. Getxoko (Bizkaia) Tunelbokako hondartzan topatutako beachrock edo hondar zementuzko egitura. Metalezko zepak topatu dizkiote. NIKOLE ARRIETA.
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko apirilaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gizakiak ingurunean izan duen eragina modu askotan neur daiteke, baina Nikole Arrieta Kimikan doktoreak harrien bidez erakutsi nahi izan du. Euskal kostaldera jo du horretarako, eta Getxoko (Bizkaia) Tunelbokako hondartzan horren ebidentziak topatu ditu. Beachrock esaten zaien harkaitz batzuetan, gizakien arrastoak topatu ditu ikerlariak, eta Bilboko itsasadarreko historia industrialaren lagin bat erregistratu ahal izan du han. Izan ere, egitura geologiko horietan, burdin zementuak topatu ditu Arrietak: «Industria Iraultzaren garaiko galdaketa zepak eta Europako enpresa batzuen zigiluak dituzten hondakinak». Enpresen izenak eta burdin arrastoak harrietara iritsi dira, beraz. Horregatik, ikerketa horretan ikus daitekeenez, gizakiaren eskua geologiara ere iritsi da.

Bizkaiko kostako beachrock-etan gizakiaren jarduera industrialaren arrastoak soilik ez, harri horiek sortu izanaren eragina ere gizakiari dagokiola adierazi du Arrietak. Normalean, eremu tropikal eta subtropikaletan dauden marea arteko guneetan sortzen diren harri egiturak dira beachrock-ak. Harri sedimentarioak, hain zuzen. Harri normalak sortzeko milioika urte behar izaten dira oro har, baina harri sedimentario horiek berrehun urtean eratu izan dira, eta gizakiaren aztarnak bere geruza propioan geratu dira. Edo hala gertatu da, behintzat, Tunelbokako hondartzaren kasuan. Hau da, harri horien sorrerak Industria Iraultzaren hastapenekin bat egiten duela esan daiteke.

Edozein modutan, halako egiturak eremu ez-tropikal batean sortzea «oso arraroa» dela azaldu du ikerlariak; munduan halako beste zortzi edo hamar kasu daude: «Inguru honetan, gizakiaren eraginak zeresan handia izan du, eta pentsa daiteke faktore bio-fisiko-kimiko eta antropogenikoengatik eratu direla». Eta gizakiaren eragina Bilboko itsasadarrean izan zen jarduera industrialaren ondorio da.

Arrietak azaldu du nola sortzen diren harri mota horiek: «Sedimentuen artean, zementua sortzen da; hala, hondarra ez badago solte beste hondartzetan bezala, harri horiek sortzen dira». Edonola ere, beachrock-ak osatzen dituzten zementuak karbonatuak izan ohi diren arren, aztertutako eremuan egitura geologiko horiek burdin zementuak dituzte: «Egitura zementatuetan harrapatutako zepek disoluzio prozesuak izan dituzte meteorizazio prozesu edo prozesu atmosferikoen ondorioz —euri azidoa, esaterako—, eta berriz prezipitatzen dira poroetan, burdin gatz disolbaezin gisa». Horregatik dio Arrietak zepa horien presentzia gizakiaren ondorio dela.

Aztertutako harrietan, gainera, hamabi metroko arrasto edo segidak topatu ditu ikerlariak. «Hori ikaragarria da harri hauentzat, normalean metro erdi edo metro bateko estratuak eratzen dituztelako». Eta, horrez gain, han bildutako aztarna antropogeniko edo gizakiaren jarduera erakusten dutenak «oso berezi eta interesgarriak» direla azaldu du.

Horrez gain, gizakiaren jarduerak Tunelbokako mikroorganismoetan ere eragina izan zuen. «Industria Iraultza zela eta, Bilboko biztanle kopurua izugarri handitu zen; Elorrietako bonba erabilita, Bilboko ur beltz guztiak Tunelboka hondartzara botatzen ziren. Hortaz, 50 urtez, hondartza horietan materia organiko izugarria pilatu zen». Era berean, lehenago aipatutako zepak «ongarri» moduan funtzionatu zuten mikroorganismoentzat. «Horiek materia organikoa degradatzen zuten, eta zepen metalak erabiltzen zituzten elikagai gisa. Horien metabolismoaren subproduktuak kaltzio karbonatoak izan ziren; zementuak, hain zuzen ere». Faktore horiek guztiek fenomeno geologiko hori berezi bihurtu dute, Arrietaren arabera.

Hondartza, belzten

Euskal kostaldean gertatu den fenomeno horrek «inguruko ekologia eta ekosistemak aldatu ditu, nolabait». Baina fenomeno hori desintegratzen ari dela ere azaldu du Arrietak. Hori dela eta, han bildutako zepa guztiak berriz ere ingurunera itzultzen ari dira. «Labe garaietako hautsa hondartzetan pilatzen ari da, eta hondartzak belzten ari dira», haren esanetan. Horrek eragin estetikoa izango duela garbi dago, hondartzetako hondarra iluntzen ari delako, baina materia horien konposatuak ikertzea «oso interesgarria» izango litzatekeela uste du.

Alde horretatik, Tunelbokako hondartzan topatutako beachrock-en fenomenoa ikertzen jarraitu beharko litzatekeela uste du Arrietak, «ikertzaileentzat altxor» bat dela iruditzen baitzaio. «Beste hainbat ikerketa egin ahalko ziren han». Hori egindakoan material horiek nola berrerabili ahalko ziren ikertzea, esaterako, interesgarria iruditzen zaio: «Harkaitz horiek hain azkar eratu badira, fenomeno hori modu kontrolatu batean errepika daiteke beste material batzuk erabilita ingeniaritza egitura berdeagoak egiteko?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA