Seriea. Ihesa (eta IV)

Gizarteak begiratu nahi ez dion ispilua

Nork bere buruarengandik ihes egin beharra izan ohi da adikzioen jatorria. Aergi elkarteko zenbait kidek beren bizipenak kontatu dituzte, eta estigmari izena jarri diote: «Kontsumitzeari uzten diogunean sortzen da».

Carlos, Itziar, Ivan, Marta, Josean eta Andrea, duela egun batzuk, Aergiren egoitzan. JON URBE / FOKU
Carlos, Itziar, Ivan, Marta, Josean eta Andrea, duela egun batzuk, Aergiren egoitzan. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Lasarte-Oria
2026ko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Andrea, Carlos, Itziar, Ivan, Marta eta Josean borobilean eserita daude, elkarri begira. Kalea hotz eta ilun dago, baina haien elkargunea bero eta argitsu. Larunbatero bildu ohi dira bertan; ostiral arratsaldea da, baina. Hitz baten bueltan ari dira hizketan oraingoan: ihesa. Ivan: «Nik neure burua ikusten dut neure buruarengandik ihes egiten, neure buruarekin». Itziar: «Pentsatzen nuen arazoa kanpoan zegoela, baina arazoa nirekin zetorren». Carlos: «Bizitza osoa ihesean pasatu dut, ez bakarrik geografikoki eta fisikoki, baizik eta emozionalki ere bai». Andrea: «Errutinatik ihes egin nahi nuen: helburuak nituen, baina ez nituen betetzen». Marta: «Neure buruarengandik ezkutatzea da, hainbeste ez sufritzeko. Ihesbide bat da, baina ez da dinamikoa».

Adikzioaz ari dira. Seiak adiktuak dira, eta ondo ezagutzen dute ihes egitea zer den, ihes egin nahi izatea zertan datzan. Errehabilitazioan dabiltza seiak, Aergi elkartean. Lasarte-Orian (Gipuzkoa) duen egoitzan bildu ohi dira astero, elkarri laguntzeko, elkarrekin hitz egiteko, elkarri entzuteko. Ihes egiteari uzteko. Adiktua da elkarteko presidentea ere. Josean: «Nire ustez, adikzioa ihesa da: errealitatetik ihes egitea; bereziki, nork bere barne errealitatetik. Nork bere burutik ihes egiteko modu bat da».

Ihesaz hitz egin baino lehen, baina, beren burua aurkeztu diote bisitariari. Izan ere, ez dira anonimoak: «Aurpegia ematen dugu, hori baita estigma kentzeko modu bakarra». Banan-banan aurkeztu dute beren burua. «Ni Andrea naiz. Lazkaokoa naiz, baina Beasainen bizi naiz. Irakaslea naiz, eta Aergin bi urte egingo egingo ditut datorren martxoan. Errehabilitazio prozesu batean nago, eta oso gustura nabil». «Ni Carlos naiz, adiktua naiz, eta errehabilitazioan nabil. Irunen bizi naiz, eta politoxikomanoa naiz. Hainbat substantziagatik nago hemen». «Ni Ivan naiz, adiktua naiz, eta 11 urte daramatzat errehabilitazioan. Ni ere Irungoa naiz, hemengo gehienak bezala. Ostalaritzan egiten dut lan». «Ni Marta naiz, 65 urte ditut, eta lau urte pasatxo daramatzat hemen errehabilitazioa egiten. Medikua naiz, eta erretiratuta nago». «Ni Josean naiz, eta ni ere adiktua naiz, errehabilitazioa egiten. Nire adikzio nagusiak alkohola eta tabakoa ziren, eta urte asko daramatzat istorio honetan. Lokatzetik atera nahi duen jendeari eskua luzatzen saiatzen naiz».

«Nire ustez, adikzioa ihesa da: errealitatetik ihes egitea; bereziki, nork bere barne errealitatetik. Nork bere burutik ihes egiteko modu bat da»

JOSEANErrehabilitazioan dabilen adiktua

Behin beren burua aurkeztuta, atzera begira jarri dira, adikzioen zurrunbiloa gogora ekartzera. «Nik minetik egiten nuen ihes, kalte egiten zidaten sentimendu guztietatik, bai familian, bai gizartean. Ni Hendaian bizi naiz, eta hara joan nintzen Irungo erdialdetik irteteko: han denek ezagutzen naute, eta nik denak ezagutzen ditut. Onerako eta txarrerako. Kanpora joan naiz, kokaina eta alkohola uzteko. Baina ahuntzak beti larrera, ezta? Ba, ni ahuntza naiz», kontatu du Carlosek. Hain zuzen ere, ihes geografikoaren ideia burutik pasatzea ohikoa da adikzio prozesuen erpinetan, Joseanek azaldu duenez: «Ia denei pasatzen zaie burutik korrika ateratzea beren eremutik, arazo gehien sortu dien eremutik, eta guztiz desberdina den beste batera joatea. Pentsatu ohi du lekuz aldatzen bada bestelako bizimodu bat hasi ahalko duela. Ni Alcala de Henaresera joateko zorian egon nintzen, baina azkenean ez nintzen joan. Ni alkoholikoa naiz, eta tabernak leku guztietan daude».

Hori zer den ondo dakite Ivanek eta Itziarrek. Ivan: «Nik neure burua ikusten dut neure buruarengandik ihes egiten, neure buruarekin. Urte batean, zazpi aldiz aldatu nintzen etxez: haustura sentimental bat izan nuen, eta erorialdi handi bat apustuetan». Itziar: «Ni ere zortzi aldiz mugitu nintzen etxez bi urtean». Ez da halakoa Andrearen bizipena: «Ni etxeko kontsumitzailea izan naiz, eta nik banekien arriskua etxea zela. Supermerkatua alboan nuen, eta erostea besterik ez nuen. Gaizki nengoen, eta ez nuen bidea bilatu. Orduan, bide errazetik joan nintzen: popatik dena, egun bat gehiago, eta aurrera. Edan, lo egin, jaiki hurrengo egunean, eta berriro errutinara».

Putzuan erortzea

Ihes egiteko beharretik adikzioaren putzuan erortzeko bidea, baina, nolakoa da? Nork bere bizipenak ditu. Hona Carlosena: «Triste bazaude, eta zure aitak ez badizu inolako jaramonik egiten, ez badizu inoiz besarkadarik eman... Aldartea aldatzen dizu, eta zu egiteko gai ez zaren hori ematen dizu —zure aldartea aldatzea; ni ez nintzen gai hori egiteko—. Aldartea aldatzen dizun gauza bat aurkitzen duzunean, beti nahi duzu: eta hor izorratu da kontua». Zera ñabartu du, ordea, Joseanek: «Horregatik erortzen zara haren menpe, baina baita daukan gaitasun adiktiboagatik ere. Lehen zigarroa ez da goxoa, baina heldu egiten dizu».

Ivanek, berriz, ez zuen adikziorik substantziekin, baizik eta jokoarekin: «Ni neure buruarengandik ihesean nenbilen, nik banekielako ni akaso ez nintzela onartua izango ni nintzen bezala, nire familian edo lagunartean. Ni horregatik sartu nintzen jokoan. Ez dago substantziarik, baina haren menpe erori nintzen, zuek bezainbeste».

«Asko kostatzen zait kontatzea, estigma delako: 'alkoholiko zikin hori'... Gaixotasun bat daukat, eta hori gizartean barneratzea oso zaila da»

ANDREA Errehabilitazioan dabilen adiktua

Adiktuaren bizitza bakartia da, iluna, tristea, beltza, ilusiorik gabea, motibaziorik gabea. Hala deskribatu dute kideek. «Nik ez nuen bizitzeko gogorik. Iratzargailuak jotzen zuen, altxatzen nintzen, eta eguneroko bizimodua egitea mendi bat iruditzen zitzaidan, eta ohean sartzen nintzen berriro. Horrela egunero. Saltzen zidanari mezua bidaltzen nion, eta, erantzuten zidanean, korrika batean altxatzen nintzen. Horrela funtzionatzen nuen, bizitzeko gogorik gabe. Ezerk ez zaitu motibatzen», kontatu du Itziarrek. Heroina erostera joaten zenean barnean gatazka izaten zuela gaineratu du: «Ez dut nahi, baina ezin diot joateari utzi. Negarrez joan naiz heroina erostera, joan nahi izan gabe».

Martak bestela bizi izan zuen: «Kontsumitzeko unean, guztiz ezabatzen da horrek mesede egiten ez dizulako ideia. Ajearekin zaudenean gogoratzen zara, baina burua deskonektatu egiten da kontsumitzeko momentuan: dena ahazten da, eta baita haren ondorio negatiboak ere».

«Aldartea aldatzen dizun gauza bat aurkitzen duzunean, beti nahi duzu: eta hor izorratu da kontua»

CARLOSErrehabilitazioan dabilen adiktua

Denen bizipenak bat datoz zerbaitetan: adiktu gisa jasaten duten estigman. Xehe aztertua du Joseanek: «Adikzioa guztiz kamuflatuta dago gizartean, batez ere legezko drogekin. Estigma benetan ez da sortzen norbera kontsumo adiktiboan murgilduta dagoenean, baizik eta kontsumitzeari uzten dionean. Orduan hasten da estigma. Gu jende arriskutsua gara, ja ez dugulako kontsumitzen. Gelditu nahi duen eta gelditzen ez den jende askoren ispilua gara, eta frustrazioz ikusten dute beste batzuek lortu dutela, baina ez daude prest ahaleginik egiteko hori lortzeko. Gizartean egin dezakegula esaten diguten horretatik harago gauzak egin daitezkeen froga erreala gara. Hori da errehabilitazioan gabiltzan pertsonen kontrakorrontea».

«Nik ez nuen bizitzeko gogorik. Iratzargailuak jotzen zuen, altxatzen nintzen, eta eguneroko bizimodua egitea mendi bat iruditzen zitzaidan»

ITZIARErrehabilitazioan dabilen adiktua

Bat datoz besteak. Andrea: «Asko kostatzen zait gizartean kontatzea, estigma delako: alkoholiko zikin hori... Nik gaixotasun bat daukat, eta hori gizartean barneratzea eta horretaz kontzientziatzea oso zaila da». Marta: «Kontsumitzen duzunean, ez zara asko nabarmentzen normalean. Baina zure gaixotasuna aitortzen duzunean, eta esaten duzunean alkoholikoa zarela, jendeak: ‘Zer, nire ondoan gintonic-ak hartzen zegoen hau? Harekin ikusiko naute?’».

Izan ere, ez da gauza bera legezko droga bat edo legez kanpoko bat kontsumitzea eta adikzio haren errehabilitazioa egitea. «Garai batean, kokainatik edo heroinatik ateratzen ziren pertsonak txapeldunak ziren, eta gizartean berriro sartzea erraztu egiten zitzaien. Baina alkoholiko batek kontsumitzeari uzten zionean, bere auzoan jendeak gaizki begiratzen zion: kontsumitzen ez zuenean, mozkor bat zen, eta kontsumitzen zuenean, pasatzen zen beste bat. Kontsumitzeari uzten diozunean, zera bihurtzen zara: gurekin gehiago egon nahi ez duen mozkor zikin hori, uste duena bera baino gutxiago garela. Orduan hasten da marjinazioa. Gaixotasun hau gizarteak ez du horrela onartzen», azaldu du Joseanek.

«Ni neure buruarengandik ihesean nenbilen. Horregatik sartu nintzen jokoan. Ez dago substantziarik, baina haren menpe erori nintzen»

IVANErrehabilitazioan dabilen adiktua

Izan ere, errehabilitazioari ekiten dionak hainbat joera desegin behar ditu, adiktua beti izango baita adiktu. «Lepo atzean ipotx bat izan banu bezala zen: kontsumitu, kontsumitu, kontsumitu. Nire atzean zeuden ahots horiek. Hemen ikasi dut zer den burua, horri aurre egiten, eta horrek guztiak zer dakarren», azaldu du Andreak. «Ipotxa ez da joaten. Adikzioak ez zaitu inoiz utziko. Zarauzko kide batek aurrekoan zera esan zigun: ‘Malekoian paseoan nenbilen, eta taberna baten aurrean nengoen; esku batek heldu zidan atzetik, taberna barruan sartu ninduen, eta barrara iritsi aurretik pare bat garagardo hartuak nituen'. Horrela da. 'Zer ari nintzen ni tabernako atean? Eskuari itxaroten'. Haren zain zaudenean, etorri egiten da», azaldu du Joseanek.

Nola egin izkin ipotxari? «Ez gara tabernan geratzen. Malekoian aurrera segitzen dugu», esan du, argi, Carlosek. «Hori ihesa da. Adikziora eraman zaitzakeen dena saihesten dugu, guztiz. Supermerkatuan zuzen joan behar dugu, alkoholari begiratu ere egin gabe», nabarmendu du Martak. Hori inguruari azaltzea, baina, zaila izaten da askotan, Martak azaldu duenez: «'Ados, joan taberna batera, eta ez edan. Egon zaitezke edan gabe'. Ez da horrela». Eta horrek badu azalpena. «Prozesu neurologiko bat dago honen guztiaren atzean. Plazeraren memoria oso selektiboa dugu, eta minaren memoria ez hain selektiboa. Plazeraren memoria aktibatzen denean, globo handi bat pizten da, eta minaren memoria txiki geratzen da. Zer gertatzen da? Minarekin geratzen zarela, eta plazera desagertzen dela», azaldu du Joseanek.

«Adikziora eraman zaitzakeen dena saihesten dugu, guztiz. Supermerkatuan zuzen joan behar dugu, alkoholari begiratu ere egin gabe»

MARTA Errehabilitazioan dabilen adiktua

Eta horren aurka ari dira borrokan: elkarlanean. Hori baita Aergi elkartean egiten duten lana: «Adiktu batek beste adiktu bati laguntzen dio, eta elkarri laguntzeko prozesua oso frogatuta dago. Prozesu ireki bat da, zientzian zentratua». Hala bizi dute beste kideek ere. Martak: «Ulertzen zaituzte. Hitz egin dezakezu, entzun dezakezu, nahi duzuna esan dezakezu». Ivanek: «Maitasuna dago». Carlosek: «Sentitzeko eta jarduteko moduak aldatu ditut nik. Nik!». Andreak: «Besteek zuri laguntzeak indarra ematen dizu gero zuk besteei ere laguntzeko. Hori gustatzen zait».

Bukatzeko, eskari bat egin diote irakurleari: «Ikus gaitzatela begiratzen digutenean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.