1980ko hamarkada zen kriminalizazioan erroturiko egungo kontrol sistemaren oinarriak sortuzirenean. Geroztik, gizabanakoaren askatasuna mugatzen duten neurri ugari etorri dira, baina eztabaida ez da bukatu. Hainbat adituren lanak biltzen dituen Umbrales. Fugas de la institución total (UNIA argitaletxea) liburua aurkeztuko du bihar Dario Malventi antropologoak (Livorno, Italia, 1975), Mikelazulo Elkartean (Errenteria, Gipuzkoa), gosari solasaldian, 10:30ean.
Nola sortu zen liburu hori egiteko ideia?
Orain bi urte Andaluziako Nazioarteko Unibertsitatean egin ziren jardunaldi batzuen jarraipena da liburua. Han, alor ugaritako nazioarteko zenbait aditu bildu ginen, eta diskurtso akademikotik kritikara, analisira eta militantziara jauzi egiteko aukera ikusi genuen. Hala, alde askotariko begirada izan nahi du liburuak.
Zeintzuk dira garatzen diren gaiak?
Lan honetako gorputza kartzela da, erakunde totalitario nagusi den heinean. Baina adar desberdin asko lantzen dira: gerrak, unibertsitateak, kasu errealak...
Liburuak espetxeen eraginkortasuna jartzen du zalantzan.
Eraginkortasuna baino gehiago, existentzia bera. Helburu politikoa du, gaitzespena zabalduko duen militantzia bultzatzea.
Zer adierazi nahi izan duzu ihesa hitzarekin?
Liburuak begirada zabaldu nahi du; kontrol sistema kartzeletako hormetatik harago —geriatriko eta psikiatrikoetatik harago— luzatzen da, eta gure egunerokoan jarduten duten erakundeak daude. Espetxeko mugetatik urruti bereizitako pertsonen gizarteratze prozesuaren barruan bitartekari lanetan dabiltzan erakunde asko daude. Bereizitako pertsonek nahitaez erakunde horiekin lan egin behar dute, gizarteratzea aitzakia. Azkeneko moda da hori, kanpoko gizarte zerbitzu azpikontratatu, bereizitako pertsonari irtenbide bat emanez, baina hari bizitza bahituz. Eta haren ingurukoen bizitzan ere eragiten du horrek. Espetxe barruko populazioa eta krisia kontrolatzeko, kanpoko populazioa kontrolatu behar da.
Alde horretatik, terapia kontzertua ere oso kritikatua izan da.
Gizarteratzera bideratutako unitate terapeutikoek ez dute helburu presoen bizitza hobetzea. Marketin politikoa da. Espetxeen eraginkortasun eza agerian gelditu da. Hala, gobernuak kontrol sistemen legitimizazioa lortzeko unitate terapeutikoak sortu ditu. Bestalde, mikroekonomia bat gordetzen da. Lotuta dago lehen aipatutako bitartekaritza agentzien diru laguntza eta finantzaketa publiko eta pribatuarekin. Enpresek gizarteratzen duten lagun bakoitzeko dirua jasotzen dute. Baina, adibidez, presoei lan baldintza txarrak eskaintzen dizkiete, gutxieneko soldata.
Zein da gizartean zabaldu beharreko gogoeta kritikoa?
Askatasuna bahitu zaion pertsona baten gizarteratzeak zer esan nahi duen eta prozesuaren norabidea zein den hurbiletik jarraitu behar da. Euskal Herrian kartzelek eta bestelako kontrol erakundeen eraginak sortu duten kontzientzia kontuan hartuta, garrantzitsua da behaketa parte-hartzaile eta etengabe baten beharraz ohartzea. Zubietako, Zaballako edo Iruñeko hiru munstroak direla-eta ez gaitezen erori saltzen diguten marketin politikoan, dela terapia, errehabilitazioa edo gizarteratzea. Ez dago kartzela onik, ez geriatriko onik, ez psikiatriko onik; kontrola bilatzen dutelako.
Dario Malventi. Antropologian lizentziaduna
«Gizarteratzearen atzean legitimizazioa eta interes ekonomikoak daude»
Espetxeetako hormez haratago zabaltzen dira kontrol neurriak egungo gizartean. 'Umbrales' liburuan kartzela, gerra, unibertsitatea eta bitartekari gisa jarduten duten erakundeak jartzen dira ikusmiran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu