'Glamour'-a zoruan

Enrique Egino diseinatzailea da; eraikinak diseinatzen ditu, barrutik, eta alfonbrak ere asmatzen ditu. 'Japan collection' bilduma du azkena, hamahiru alfonbraz osatua.

Enrique Egino diseinatzailea, Japan collection-eko alfonbretako baten aurrean. ENRIQUE EGINO.
Ilargi Agirre.
Azpeitia
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Enrique Eginok diseinatutako alfonbrak Espainiako telebista kateetako platoetan daude jarrita; Telecincon eta Cuatron, adibidez. Maria Teresa Camposek eta Boris Izagirrek zapaltzen dituzte, eta Sálvame deluxe telezaborarren jarraitzaileei ezagunak egingo zaizkie. Azpeitiko (Gipuzkoa) Estudiod3 lantegiaren jabea da Enrique Egino. Eraikinen barneko diseinatzailea da Egino, eta diseinuzko alfonbrak ere sortzen ditu. Japan collection da haren azken bilduma, hamahiru alfonbrek osatua.

«Egunkariek diseinuaren inguruko informazioa ere jaso beharko lukete; guztia da politika hemen. Glamour-a falta da», dio irribarrez Eginok. Estudiod3 lantokiari erreparatuz gero ere, glamour-a da burura etortzen den lehen hitza. Diseinuzko altzariek egiten diote ongietorria bisitariari, eta tartean daudeJapan collection-eko zenbait alfonbra lurrean. Asiako herrialde hartara egindako bidaia batetik etorri zitzaion inspirazioa Eginori. «Japonian bizi den lehengusina bat daukat. Senarra japoniarra du; oso margolari ona da, eta arte galeria bat dute. Haiei bisitatzera joan nintzen». Bidaian ateratako argazkiak hartu ditu oinarritzat alfonbrak diseinatzeko. «Irudiak desegituratu egin ditut: formatua handitu eta pixelak ikusiko balira bezala; laukizuzenak atera dizkiet». Hala, lehen begiratuan, kolore ezberdinetako forma geometrikoz osatuta daudela ematen du. Bitxia da, ordea, urrutitik arretaz ikusita jatorrizko argazkiak nola antzematen diren.

Pertsonak, eraikinak, monumentuak eta paisaiak hartu ditu motibo gisa. Horrela, tonu iluneko alfonbra baten atzean Tokioko udaletxearen argazkia dago. Kamakurako Buda, geishak eta Shinkansen 350 km-ko abiadan mugitzen den trena izan dira beste alfonbra batzuen abiapuntua.

Bidaiazalea da Egino, eta bereziki asko erakartzen duen leku bat da Japonia. Bi aldiz izana da han: « Izugarri dotorea da herrialdea, eta oso zainduta daukate guztia:jatetxeak, harategiak, fruta dendak... Beste mundu bat da». Bi materialekin egindako alfonbrak eros daitezke. «Zetazkoak eta artilezkoak daude. Zetak mugimendua ematen du, baina garestiagoa da; bikoitza balio du». Metro karratua 313 eurotan saltzen du.

Uharteko arte garaikidearen zentroan aurkeztu zituen alfonbrak lehenik, Nafarroan, baina diseinuaren munduan mugarri den Valentziako (Herrialde Katalanak) azoka batean izan dute, batez ere, arrakasta. Nazioartetik iritsitako zenbait etxe elkartzen dira han: «Diseinuzko lanparak egiten dituen Italiako etxe garrantzitsu bat da Foscarini. Diesel arropa markarentzat egin zituzten lanparak, eta nik haiekin batera eman nituen ezagutzera nire alfonbrak». Lanparak eta alfonbrak elkarren ondoan jarritako argazkiak erakusten hasi da.

Etxeak eta enpresak

40 urte inguru daramatza diseinatzaile gisa Eginok. Urola Kostako eta Gipuzkoako eraikin ugaritako barnealdeko diseinuak du haren arrastoa. Azpeitiko Kibuk denda eta Donostiako Ricardo Optica, esaterako, haren eskuetatik pasatu dira. «Zerbait berezia nahi duen jendea etortzen da niregana. Oinarri suabe baten gainean kolore indartsuagoak jartzea gustatzen zait niri». Donostiako Kontxako badiara begira dagoen teilatupe bat diseinatu du tartean. Horman sartutako altzariak dira nagusi, eta zorua zuriz margotuta dauka etxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.