Telesailak

‘Go!azen’-en katalanezko bertsioa hasi dira grabatzen TV3entzat

Euskarazko formatua egokituko du Abacus ekoiztetxeak Jo mai mai egiteko. Go!azen 10.0 ere grabatzen ari dira; zazpi aktore berri daude euskarazko fikzioan; tartean, Nerea Arriola.

'Go!azn 10.0' telesaile aktoreak. 'GOAZEN'
urtzi urkizu
2023ko ekainaren 12a
12:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreneko aldiz, Kataluniako TV3 kateak euskarazko telesail baten bertsioa egingo du. Go!azen ETBko telesaila —Pausokarena da formatua— egokitu du Abacus ekoiztetxeak, eta Jo mai mai telesaila egingo du katalanezko katearentzat. Gaur bertan hasi dituzte grabaketak, Bartzelonan.

Go!azen haurrentzat pentsatuta dago, baina Jo mai mai ikus-entzule nerabe eta gazteentzat izango da gehiago. TV3ek datozen egunetan emango du fikzioaren gaineko informazio zehatzagoa. Hiru zuzendari izango ditu telesailak, eta musikak ez du Go!azen-en bezainbesteko garrantzia izango. Ez dute telesail musikaltzat joko, alegia. Edonola ere, egokitzapenean katalanezko hainbat kanta interpretatuko dituzte aktore gazteek.

Fikziozkoa ez, baina TV3ek duela urte batzuk euskarazko beste formatu baten egokitzapena egin zuen: Bocamoll. 2007an, Mihiluze-ren katalanezko bertsioa egin zuen Antartida ekoiztetxeak TV3entzat. Eta hura izan zen lehen aldia TV3ek ETB1en formatu bat egokitzen zuena. Orio Produkzioak ekoiztetxearena da Mihiluze.

Go!azen-en formatua Pausokak sortu zuen, 2008an, lehenbizi telefilmarekin —Xabier Zabaletak eta Alvaro Carmonak idatzi zuten gidoia—. Ondotik iritsi zen telesaila: lehen denboraldia 2009an eman zuen ETB1ek. Zazpi urteko etenaren ostean, ETBk telesaila berreskuratu zuen 2016an, eta orduz geroztik urtero egin du Pausokak fikzioa.

Joan den denboraldian, Go!azen-ek %3,3ko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %8,7koa—. Hiru haurretik batek ikusten du telesaila ETB1en. Youtuben ere milaka ikustaldi ditu.

‘Go!azen 10.0’, martxan
ETBko Go!azen telesailaren hamargarren denboraldia, halaber, gaur bertan hasi dira grabatzen, Donostian. Aktore berrien artean, Nerea Arriola egongo da; hainbat antzezlanetan aritzeaz gain, Super Txope Youtubeko pertsonaiarekin egin zen ezaguna, eta ondotik euskarazko websail batzuetan parte hartu du. Maitane begirale berriarena egingo du Arriolak.

Udalekuko ikasle berrien artean, bestalde, Ander Aierzak Boskoren rola jokatuko du; Xabier Elizaldek Anerrena egingo du; Haizea Astrainek, Learena; Marina Ostolazak, Noarena; Unai Arrietak, Urtzirena; eta Unai Aranak, Mattinena. Horrenbestez, gutxienez zazpi aktore berri egongo dira telesailean.

Aurreko denboraldietan parte hartu zuten aktore batzuk ere agertuko dira atal berrietan: Andoni Agrregomezkorta, Maria Redondo, Mikele Arizkorreta, Kimetz Etxabe, Lorea Intxausti eta Nerea Elizalde, besteak beste.

Irabazi arte telesailaren hirugarren denboraldia, berriz, hilaren amaieran hasiko dira grabatzen. ETB1ek azarotik aurrera emango ditu Go!azen-en hamar atal berriak, eta, ondoren, otsailean iritsiko dira Irabazi arte-renak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.