'Goazen gudari danok' historia azaleratzera

Zirardamendiko Batailan, 1936ko irailean arituriko borrokalarien inguruko dokumentala emango dute gaur, estreinakoz, ETB1en. Gertaerak berregin dituzte, eta Aranzadiko forentseen lana aztertu dute.

Gertaera historikoak irudikatzeko, 200 figurante baino gehiago erabili dituzte, eta garaiko autobus zein kamioiak. ETB.
Edu Lartzanguren.
2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lau gorpu atera dira azalera; hezurrak besterik ez, egia esan. Bala zuloak dituzte kaskezurretan. Zirardamendiko Bataila deitzen diote gertaerari, baina lau horiek exekutatu egin zituzten, antza. Aranzadi zientzia elkarteko kideek atera dituzte lurpetik gorpuzkiok. Baita izen-abizena jarri ere horietako bati, DNAri esker: Sabin Atutxa. Baleuko ekoiztetxeak aurpegia jarri nahi izan die hezur-izen horiei, Goazen gudari danok dokumentalarekin. Ostegunean estreinatu zuten zineman, Elgoibarko antzokian. Gaur emango dute, 21:30ean, ETB1en.

«Borroka gogorra izan zen: zelai batean, gorputzez gorputz. Ez zen borrokaldi handia izan, Intxortakoaren aldean. Baina sekulako garrantzia izan zuen Zirardamendikoak», dio Iban Gonzalez Pagaldaik (Arrasate, Gipuzkoa, 1973). Hark zuzendu du Goazen gudari danok dokumentala. Izan ere, gudari haiek matxino frankistei Elgoibar (Gipuzkoa) eta Markina (Bizkaia) arteko zelai hartan eutsi zietelako egonkortu zen frontea, dokumentalgileen arabera, eta lehen Eusko Jaurlaritza sortzeko aukera izan zuten.

«Antzerkikerietatik harago»

Fikzioa erabiltzen dute dokumentalean, baina ez horrenbeste entretenimendua eta ikuskizuna bilatzeko, baizik eta arrazoi praktiko batengatik: «Garai hartako artxiboko irudiak asko erabili dira; askotan ikusi ditugu», dio zuzendariak. Gainera, bataila horretan aritutako Jose Maria Otsoa de Txintxetru zenaren lekukotasuna zuten. Zehatz-mehatz kontatu zien han bizi izandakoa. «Ez dago modurik hori artxiboko irudietan bilatzeko; berriz sortu behar dituzu». Gainera, matxinoak hobeto antolatuta zeudenez, argazki gehiago daude faxisten aldekoak.

«Edonola ere, halakoetan askotan ikusten ditugun antzerkikerietatik harago joan nahi izan dugu». Izan ere, historialari talde batekin lan egin dute, ohiko akatsak zuzentzeko: «Udan izan zen borroka; beraz, berokirik ez; armen benetako modeloak erabili ditugu... lan zorrotza egin dugu sinesgarritasuna emateko». Fikzioa, beraz, ahalik eta xehetasun gehienekin egin dute, eta film itxura hartu du dokumentalak.

Bilboko kuartela irudikatzeko, Azpeitiko mojen komentua (Gipuzkoa) erabili dute agertoki gisa. Hainbat filmetan erabili dute (Goazen, Izarren argia). Azpeitiko zein Markinako gazteak aritu dira figurante. Orduko autobus eta kamioi bat erabili dituzte. Birsortze lan hori testigantzekin eta Aranzadiren lanarekin nahastu dute. Zirardamendiko baserrietako jendearen lekukotasunak jaso dituzte. Horietako batzuek gogoratu egiten dute txikitan ikusitakoa; beste batzuek, berriz, senide zaharragoek kontatutakoak dituzte gogoan. «Urte askoan isilik gordetako gauzak dira», dio Gonzalezek. «Kostatu egin zaigu ateratzea, baina jende nagusia da, eta orain da unea hau jasotzeko».

'Eusko gudariak' kanta

Zirardamendin borrokaturiko EAJren Arana Goiri batailoiaren sorrera kontatzen dute dokumentalean. Trebatzeko denbora gutxi izan zuten batailoiko gazteek, eta bat-batean aritu ziren armekin zein sinboloekin. Dokumentalean kontatzen dutenez, Jose Maria Garatek 1932. urtean sorturiko Eusko gudariak kanta borrokarako abesti bihurtzeko lanean ibili ziren batailoiko kideak. Alejandro Lizaso kapitainak gehitu zion kantari «Irrintzi bat entzunda» esaldiarekin hasten den estrofa, «kutsu borrokalariagoa» emateko. Batailoiko buru Felipe Bediagari emaitza entzun eta Eusko Gudarosteko ereserki izateko egokia izango zela iruditu zitzaion.

Memoria historikoa berreskuratzeko prozesuan ikusten du zuzendariak lana. «Badago presa», dio, lekukoak galtzen ari direlako. Dokumentalerako lan egin duten historialarien artean daude Josu Txueka, Iñaki Goiogana eta Patxi Juaristi. Antropologia eta genetika adituen artean, Paco Etxeberria, Lourdes Herrazti eta Marian Martinez de Pancorbo. DNA frogei esker identifikaturiko Sabin Atutxa gudariaren senideen hitzak jaso dituzte lanean.

Etxeberria Aranzadiko forentse-antropologoak laburbiltzen du dokumentalean: «Aspaldi gertatutakoa bada ere, hau ez da iraganeko kontua, bizirik dago». Familiek bila jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.