Moto batenaren antzeko motor hots berezi batek iragartzen du badatorrela. Baina, jendeak, soinua nondik datorren asmatzen hasten denean, ez du espero zuena ikusten; agian, aurkitzea ere kostatzen zaio. Jostailuzkoa dirudien auto batekin egiten dute topo, auto txiki-txiki batekin: Goggomobil batekin. Haren historia, berriz, ez da haren maletegian sartzen. Mungian hasi zen abentura «zoro» hori. Goggomobiletik askoz haratago joatea izan zen ekoizleen hasierako asmoa, baina, azkenean, fabrika bost urtez egon zen martxan, eta 6.000 mikroauto ekoitzi zituzten guztira. Hala ere, arrastoa utzi zuen euskal automobilgintzan.
Auto horietatik hiru Miguel Martin Zurimendirenak dira. Medikua da, baina aisialdian beti gustatu zaio Euskal Herriko automobilgintzaren historia ezagutu eta kontatzea. Pasio horrek Goggomobilen Elkartea sortzera eraman zuen orain dela hogei urte. «Euskal ondare industriala berreskuratzen ari gara», azaldu du Martinek. «Uste dugu Euskal Herrian hamabi inguru egongo direla, eta guztiak ez daude egoera berean; denek ez dute funtzionatzen».
Beltran Casado y Compañia enpresa talde bilbotarrak sustatu zuen Goggomobil modeloa. Baina haien ideia ez zen formatu txikira mugatzea: izan ere, auto handiak ekoiztera heldu nahi zuten. Horretarako, Alemaniako Hans Glas fabrikatzailearekin akordio bat lortu zuten Goggomobilak Euskal Herrian ekoizteko. Baina, Martinen arabera, Alemaniako konpainiak baldintza bat jarri zien enpresariei: «10.000 Goggomobil egitera behartu zituzten auto handiagoak egiten hasi aurretik, ahalmena zutela ziurtatzeko».
«Espainiako Gobernuari beldur handia eman zion Bizkaiko fabrikatzaile hark ibilgailu bat egiteko gaitasun eta potentzia nahikoa izateak»
MIGUEL MARTIN ZURIMENDIEuskal automobilgintzan aditua
Baina Espainiako Gobernuak beste plan batzuk zituen. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, Espainia motorizatzen ari zen, eta, automobilgintza garatzeko, gobernuak Seat, Renault eta Citroen enpresen alde egiten zuen, besteak beste. «Euskal ekimen pribatuak ez zuen bat egiten gobernuaren planarekin», kontatu du Martinek. «Espainiako Gobernuari beldur handia eman zion Bizkaiko fabrikatzaile horrek ibilgailu bat egiteko gaitasun eta potentzia nahikoa izateak».
Gero eta familia eta langile gehiagok nahi zuten auto bat. Horregatik, auto txiki eta merkeak boladan jarri ziren, hala nola Seat 600a. Goggomobila 35.000 pezetatan saldu nahi zuten —210 euro inguruan—, Seat 600a 90.000 pezetatan saltzen zen bitartean —540 euro inguru—. «Gobernuak autoak ekoizteko baimena eman zien Mungiako ekoizleei —izan ere, lizentzia erosi zuten—, baina prezioa igotzera behartu zituen, eta Seat 600 autoarena jaitsi egin zuten», esplikatu du Martinek.

Zailtasun horiek gaindituta, 1962an atera zen Mungiako fabrikatik %100 Euskal Herrian egindako lehen Goggomobila. «Moto batek baino gehiago eta Seat 600 batek baino gutxiago balio zuen, baina jendeak Seat 600 bat nahi zuen», azaldu du Martinek. Izan ere, Goggomobila baino pixka bat handiagoa zen, eta zilindrada handiagoa zuen; indartsuagoa zen. «Goggomobilak fidagarriak ziren, baina komertzialentzako auto gisa erabili ziren», argitu du Martinek.
Alemaniako egoera
Alemanian, ordea, egoera desberdina zen: han arrakasta handiagoa izan zuen Goggomobilak. Bigarren Mundu Gerratik atera berri ziren, eta ez zeuden hainbeste aukera: auto txikiak egiten zituzten bereziki, baliabideak urriak ziren eta: «Gerran egon ziren herriek motorizazioari berrekin zioten, eta, horren ondorioz metal asko geratzen ez zenez, txapa gutxi zegoen eta auto txikiak egin behar ziren». Euskal Herriko merkatura, ordea, geroago heldu zen, Espainiako Gobernuak eragindako eragozpenengatik; eta heldu zenean, beste marka batzuekin lehiatu behar izan zuen. «Horrek kondenatu zuen», ebatzi du Martinek.
Lehen urtean, 1962an, 1.000-1500 auto ekoitzi zituzten; bigarren urtean, 2.000; eta, denborarekin, proiektuak forma hartu zuen, eta urtez urte kopurua handitu. Hala ere, zaila zen merkatuan lekua egitea. «Berehala konturatzen hasi ziren autoak ez zuela lekurik, Seat 600ak hartzen zuelako guztia», azaldu du Martinek. Garai berean, Hans Glas Alemaniako fabrikatzaileak hondoa jo zuen. «Gauza horiek guztiek autoaren porrota ekarri zuten, eta 1967rako dena amaitu zen», gogoratu du Martinek.
«Pena izan zen, benetako auto bat baitzen; aurrera egin izan bazuten eta auto handiagoak ekoizten hasi, Mungia euskal Detroit izango zen»
MIGUEL MARTIN ZURIMENDIEuskal automobilgintzan aditua
«Pena izan zen, benetako auto bat baitzen; aurrera egin izan bazuten eta auto handiagoak ekoizten hasi, Mungia euskal Detroit izango zen», azaldu du Martinek. Izan ere, ekoizpenarekin jarraitu izan balute, Renaultek, Citroenek edo Fordek bezalako muntaketa planta izango zuten. «Goggomobilarena benetako muntaketa planta bat zen, denetarik zuten, dena muntatzen zuten». Zer izan ahal zitekeen: horregatik izan zen garrantzitsua Goggomobila, Martinen ustez.

Hala ere, proiektuak leku handia du euskal automobilgintzaren historian. Guztiz Euskal Herrian ekoitzitako autoa izan zen, eta gertuko materialarekin egiten zen. Martinen arabera, hori oso zaila zen garai hartan: «Renault, Citroen eta Sinca hemen ekoizten hasi zirenean, atzerritik ekarri behar izan zituzten piezak».
Gaur egun ez da erraza kalean horrelako bat aurkitzea; topatuz gero, ordea, oroitzapenak piztu eta belaunaldiak konektatzen ditu. «Aitona-amonak eta bilobak batera doazenean, aitona-amonek autoa gogoratzen dute, gazteagoak zirenean gidatu edo ikusi zutelako; biloba txikiari atentzioa ematen dio, bere tamainakoa delako, jostailuzkoa ematen baitu berarentzat», adierazi du Martinek. Hor dago Goggomobilaren xarma: irribarre eginarazteko gai da.