Gasteizko jaiak

Goizeko liturgia eta 'perreo'-a

Gasteizko jaietako bi aurpegiak erakusten ditu Andre Maria Zuriaren egunak: goizean, isiltasuna, loreak eta tradizioa dira nagusi; arratsaldean eta gauean, berriz, musika, dantza eta parranda.

Blusa eta Nesken kuadrillak, gaur goizean, Andre Maria Zuriaren irudiari lore eskaintza egiten. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Blusa eta Nesken kuadrillak, gaur goizean, Andre Maria Zuriaren irudiari lore eskaintza egiten. ENDIKA PORTILLO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko abuztuaren 5a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goizeko bederatziak dira eta bezperako parrandaren arrastoak ikus daitezke oraindik Gasteizko erdiguneko kale bazterretan: edalontzi hutsak, konfeti bustia, plastikozko botilak... Udaleko garbitzaileek erratzak eta ur-zorrotadak eskuan dituztela hasi dute euren liturgia isila, gaueko gehiegikeriak ezabatzen. Aldi berean, beste erritual bati eman zaio hasiera: Andre Maria Zuriaren eguna da, jaietako egun handia.

Dianek festa esnarazi dute, gauak inoiz erabat lo hartu ez balu bezala. Eta, egia esan, batzuek ez dute hartu ere egin. Denda bateko erakusleihoaren kontra, oraindik parrandan dabilen bikote gazte bat elkar musukatzen ari da, inguruan gertatzen ari denarekin axolagabe. Eguneko lehenengo kafea hartzen dagoen gizona, mahaiak eta aulkiak terrazan paratzen ari den tabernaria, musika instrumentuak soinean dituzten txarangetako kideak... Ohiko ezohikotasunak hasiera eman dio jaietako bigarren egunari.

Abarkak eta zimurrik gabeko alkandora eta gonak jantzi berri dituzten blusa eta neska ugari dabiltza Andre Maria Zuriaren plazan, nor bere kuadrillarekin. Goizaldeko prozesioaren eta egunsentiko mezaren ostean, San Migel elizaren balkoi azpian hasi dira pilatzen. Andre Maria Zuriaren irudiari eskainitako lore eskaintzak isiltasuna eta algarak uztartu ditu, eta aurreskuaren doinuekin batera, oihuak tartekatu dira: «Gora Zeledon! Gora txikiak!», egin dute garrasi guraso izan berri diren Desiguales kuadrillako hiru kidek loreak paratu ostean. Basatiak kuadrillako kide batek ahots urratuarekin egin du oihu gero: «Gora Martxoaren 3a! Gora Euskal Herria!». Berehala hartu dute txarangek lekukoa, eta dantzan hasi dira kuadrillako neskak eta blusak, algara batean.

Gasteizko jaiak-Abuztuak 5
Blusak eta Neskak aurreskua dantzatzen San Migel elizaren parean. ENDIKA PORTILLO / FOKU

Jendetzaren artean dira Siberiarrak kuadrillako Ane Sanchez eta Oihane Gil. Hamar urte dira kuadrillan izena eman zutenetik, eta, diotenez, gaurkoa da jaietako egun bereziena: «Egun luzea daukagu: lore eskaintza eta hamaiketakoaren ostean, egoitza batera dantzatzera joango gara, gero bazkaldu eta joan-etorria...». Aitortu dute bezperan parranda egin zutela, baina «neurrian», gaurko egun handirako indarrak gorde nahi zituztelako. Tradizioaren eta jai giroaren arteko itxurazko kontraesanaz galdetuta, argi du Gilek: «Bi gauzak bateragarriak dira: tradizioa errespetatzen dugu, baina parranda egitea ere bai».

Marta Camarerorentzat ere gaurkoa da jaietako egunik bereziena. «Gaur hasiko dira benetan festak», dio, Andre Maria Zuriaren irudiari begiratzen dion bitartean. «Sinestuna izan edo ez izan, lore eskaintzak eta erritu honek denak zerbait mugiarazten dizu barrutik».

«Bi gauzak bateragarriak dira: tradizioa errespetatzen dugu, baina parranda egitea ere bai»

OIHANE GILSiberiak kuadrillako kidea

Sentimendu horri buruz mintzatu da Galtzagorri kuadrillako Zuriñe del Olmo ere. «Kuadrilla barrutik bizi duen edonorentzat gaur da egunik bereziena. Gosaldu, bazkaldu, afaldu... egun osoa elkarrekin egiten dugu». Lore eskaintzak urtero norbait ekartzen dio gogora: «Beti dago falta den norbait, horregatik da hain hunkigarria. Erlijioaz harago doa; barruan daramazun sentimendua da». Blusa eta Nesken kuadrilla batean egoteak, gainera, urte osoan ikusi gabeko lagunak berriz elkartzeko aukera ematen diola dio: «Barrutik bizi behar da hau jakiteko zer den».

Luken kuadrillako Aitor Diaz de Monasteriogurenek 25 urte baino gehiago daramatza blusa gisa. Berarentzat gaurko egunak esanahi bakarra du: familia. «Anaiak, lehengusuak, ilobak, seme-alabak... denak elkartzen gara. Gure egun handia da». Lore eskaintzan, urtero bezala, falta direnak izan dituzte gogoan, eta desioak eskatzeko baliatu dute unea: «Andre Maria Zuriari eskatzen dioguna da kuadrillak eta Gasteiz osoak jai onak izan ditzatela». Eta zer ekarriko du egunak? Irribarre batekin erantzun du: «Arratsaldean han eta hemen ibiliko gara... eta, gauean, festa apur bat».

«Beti dago falta den norbait, horregatik da hain hunkigarria. Erlijioaz harago doa, barruan daramazu»

ZURIÑE DEL OLMOZGaltzagorri kuadrillako kidea

Horixe baita Gasteizko jaien paradoxa. Goizean meza, prozesioa, aurreskua eta loreak. Eguerdian bazkariak, kalejirak eta txarangak. Batzuek zaindariaren aurrean dantzan egin duten bitartean, beste batzuek kaleak bete dituzte gaur egungo abestien eta kanta klasikoen moldaketen erritmora. Eguerdia iritsi denerako, kafea baztertu eta eguneko lehen garagardo edo kalimotxo katxia eskuartean dute askok. 

Reggaetoiaren erritmoak entzuten hasi dira bazkalorduan. Hector & Titoren Besos en la boca kantaren doinuek hartu dute Mateo Moraza kalea, eta ehunka lagun hasi dira dantzan, perreo-a egiten. Goizean Andre Maria Zuriaren irudiari begira zeuden askok, ordu batzuk geroago, dantzaleku bihurtutako kaleetan amaituko dute eguna, eta iluntzeko liturgian murgilduko dira.

Gasteizko jaiak-Abuztuak 5
Txaranga bat Gasteizko kaleak girotzen, eguerdian. ENDIKA PORTILLO / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA