Udako seriea. Literatur ibilbideak (IV)

Goizuetako bazterrak

'Goizuetako ezkongaiak' eleberrian estuasuna da nagusi. Gotzon Garate idazleak gogo-handitasunez gidatuko du irakurlea aferaren gainean argi egiteko xedez. Ibiltaria ere paraje bertsuetan ibiliko da, herriko ondarea bertatiko batean ezagutzeko joranez.

Urumea gaineko zubi galanta ikusiko da Goizueta herrian. JOSEAN GIL-GARCIA
Urumea gaineko zubi galanta ikusiko da Goizueta herrian. JOSEAN GIL-GARCIA
Josean Gil-Garcia.
Goizueta
2026ko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Gotzon Garate euskal idazlea Elgoibarren (Gipuzkoa) jaio zen, 1934an. Literaturaren adierazle nabarmenetako bat izan zen sasoi batean. Aiurri bereziko pertsona izaki, hizkuntzak ikasteko grina piztu zitzaion gaztea zelarik. Baita gogor ekin ere hizkuntzekiko helburuak erdiesteko. Izan ere, mintzaira guztiak gustuko zituen. Baina, euskara berea izanik, egundoko ekarpena egin zuen, ahaleginak xahutu gabe.

Ibilbide literarioak - Goizuetako bazterrak

Liburuak idazten hasi zen laster, euskararekiko maitasunak eraginda. Lexikoa, esamoldeak eta atsotitzak jasotzeko alimaleko ahaleginak egin zituen, milaka eta milaka esapide jaso zituela baserriz baserri hainbat hamarkadatan ibili eta gero. Gaur egun, erreferentziazko lan eskerga da. Polizia eleberriak idazten hasi zen Deustuko Unibertsitatean ematen zituen eskolak amaitutakoan. Mundu mailako eleberri ugari irakurriak zituen, eta aurki konturatu zen literatur genero beltza oso zabalduta zegoela, makina bat irakurle gogotik harrapatzeraino. Bihotza altxarazi zioten lehen sariak 70eko hamarkadan iritsi zitzaizkion Garateri. Bere grina hauspoz hauspo buhatuta, asmamen handiko lanak burutu zituen.

Goizuetako ezkongaiak 1979an eman zuen argitara Leopoldo Zugaza argitaldariaren eskutik. Nafarroako Goizueta herrian girotuta dago. Udazkeneko hosto kulunkariak Urumea ibaiaren abaroan nola, halaxe ibiliko da Jon Bidart detektibea: buru-belarri jardungo du herritik Alduntzin jauregira. Larunbat goiz batez jasotako eskutitz durduzagarri batek bidea emango dio detektibeari katebegi batu gabeak ahokatzen hasteko. Zirt edo zart erabakia hartu behar duela, mandatuari baiezkoa emango dio detektibeak. Alta, orriz orri aletuko du Garatek istorio zirraragarri bat, korapilo mataza ongi harilkatzearen karietara.

Alduntzin jauregia. JOSEAN GIL-GARCIA
Alduntzin jauregia. JOSEAN GIL-GARCIA

Polizia nobelen abiapuntua zehazte aldera, 1955era arte atzera jo beharra dago. Jose Antonio Loidi idazleak Hamabost egun Urgainen liburua idatzi eta argitara eman arte. Garatek bereziki liburuaren elkarrizketaren bizitasuna eta deskribapenen zalutasuna nabarmendu zuen. Epe luze batean euskal eleberririk irakurriena izan zen 1977ra arte, hots, Garateren eleberriak argitara eman zuen arte.

Bazterrez bazter

Goizuetako plazan emango zaio hasiera ibilbideari. Udaletxearen eta Santa Maria elizaren artetik doan kalean aurrera hasiko da. Garbitegia eta Zubimuxu aterpetxea atzean laga ondoren, Urumea ibaia zeharkatuko du. Irisarri Enea izeneko jauregiaren aurrez aurre, eskuinera jo eta Sancti Spiritu kaletik urratsak egingo ditu. Pilotalekuaren albotik igaro, eta Mandoegiko errekatik salto egingo du berehala. Olaberria errotaren biltegiko harriak erreka bazterrean agertuko zaizkio, denboraren poderioz erortze bidean direla. Bide sardan, ezkerrera hartu, eta, asfaltoaren gainetik egin gabe, aldats gora doan harbideari lotuko zaio. Alkasoaldeko auzoko baserri bidean ibiliko da arraitsu, gaztainondoek tapizatzen duten orbel ohantzeak lagunduta.

Hurritzak eta haritzak izango dira gaztainondoen morkots arantzadunei bidea emango dieten espezieak. Arrandi baserrira iritsiko da abiadan. Porlanez jantzitako Morrotxiko estratari oratu eta, Petxi baserria ondoan utzita, goratasuna hartzen jarraituko du, haritz gorriak, gaztainondoak eta haritzak gogaide. Bide sarda batera helduko da ehunka metro egin ostean. Orduan, ezkerrera hartu eta Bidezabalean aurrera egingo du, Martitxonea baserri aldera. Panoramika zabalaz gozatzeko aukera izango du han, Goizueta herriaz eta Urumea ibaiaz bestaldean hainbat tontor eder altxatzen dira-eta.

Lepakaestuko mairu baratzea. JOSEAN GIL-GARCIA
Lepakaestuko mairu baratzea. JOSEAN GIL-GARCIA

Aldapan gora segituko du gero, hesiaren albotik. Bidebanatzean, maldan gora egiten duen bideari lotu, eta, haritzak bidaide-gogaide, lau bide elkartzen diren tokira helduko da. Alanbrearen konpainia utzi eta zuzen jarraituko du orduan, eskuin-ezker egin gabe. Magalari gortea egite aldera, sigi-saga joango da mazelak orrazten, noranzkoari eutsirik eta goratasuna galdu gabe.

Aritzxelaiko errekaren ibarrean Alkaso baserria atzematen dela-eta, haritz gorriz jantzitako baso trinko batekin topo egingo du ibiltariak. Tinda berde-urdineko seinaleei jaramon eginez, eskuinera hartu eta jauzi txiki bat eginda Altzanburuko tumuluak dauden bizkarrera igoko da. Añone eta Bidagurutzetako kaskoak ondo-ondoan izango ditu.

Bordatik bordara

Tontor horiei begira jarri, eskuineko magala zeharkatzeari eutsi eta Bidagurutzetako lepora iritsiko da berehala. Mazela belartsua zapaltzen jarraituko du gero, eta, segituan, Lepakaestuko lau mairu baratzeak ikusiko ditu alertze sail batean. Bidean aurrera jarraitu eta Uzteroko lepo zabalera helduko da agudo. Uzteroko kaskoa inguratzen duen bide seinaleari kasu eginez, Deskargako lepoan izango da. Aurrera jarraituko du muinoa mugatzen duen hesiarekiko paraleloan joanda. Alertzeek, urkiek eta pagoek jantzarazten duten basotxoan sartuko da ziztuan. Haritz gorri ederrak agertuko zaizkio berehalakoan. Alanbreak eskuinera egiten duenean, haritz gorrien eremutik irten eta eskuinera joko du. Zurezko oholak erakusten dituen Zimizketako bordara helduko da laster. Magalari lotuta jarraituko du. Etxollako bordatik jaisten den bide zabala eskuinetik lotuko zaio bizkor-bizkor. Maldan behera doan bideari ekin eta bihurgune itxi bat egin eta berehala, borda batera helduko da. Goizuetara basabidetik jarraitu daitekeen arren, bide zabala utziko du, eta bordaren eskuinetik abiatzen den zidorrari men egingo dio. Alduntzinsoroko errekara iritsi, ur emaria gurutzatu eta ezkerretik jarraituko du korrontearekiko paraleloan.

Alduntzingo jauregia Urumeaz bestaldean ikusiko du. Terrazari atxikita doan bideari eutsi, eta, kanpinera jaitsi gabe, eskuinetik doan bidea hartuko du. Labeko borda gainetik igaro ostean, errepide ondoan dagoen zubira helduko da. Ibaia gurutzatu gabe, Urondo eta Gorostita baserrien atzealdetik doan Sancti Spiritu kalea baliatuko du Goizuetako plazara iristeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA