Bilboko Aste Nagusian, Zazpikaleetako kaleak girotzen dituzte erraldoiek. Jaietarako ia bi hilabeteren faltan, ordea, oraingoz beste toki batean egin beharko dute habia. Mariaren Bihotzaren plazako aztarnategian, Bilbo Zaharrean, eta Euskal Museo berrituaren atarian bisitatu ahalko dira, irailaren 6ra bitartean.
Dagoeneko desfilatzen ez duten erraldoiak ipini dituzte aztarnategian; aldiz, Euskal Museoak berriak hartuko ditu, eta handik aterako dira jaietako kalejiretara. Museo horren handitze lanen kausaz, azken urteetan erraldoi berriak ere aztarnategian erakutsi izan dituzte, eta haien aukeraketa bat baino ez: Pitxitxi eta Lina falta ziren, baita Terentzio eta Tomasa ere, Euskal Museoko hezkuntza arduradun Itziar Martijak nabarmendu duenez. Aurten, ordea, erraldoi berri guztiak ikusi ahal izango dira ostera ere Unamuno plazako museoan.
«Bilboren nortasuna eta Bilboko jendea adierazten du bildumak, erraldoien bidez»
ITZIAR MARTIJA Bilboko Euskal Museoko hezkuntza arduraduna
Bilbon errotua dagoen tradizioa da erraldoiena, eta aspaldikoak dira figura eta pertsonaia horien aipamenak. Terentzio eta Tomasa duela urte mordo bat agertu ziren, esate baterako; XVIII. mendean jada aipatzen ziren, eta Martijak uste du are antzinagokoak direla. Baserritarrak XIX. mendean agertu ziren, eta hortik aurrera sortuz joan ziren gainontzekoak: kasu baterako, Bilboko kantutegian daukate jatorria ingelesak eta neskatilak. Beharginak ere ordezkatzen ditu bildumak: marinela dago, zamaketaria, San Frantsizkoko olagizona eta Santutxuko zigarrogilea, kasurako. Eta klase politikoak ere baditu bere figurak: Isabel II.a eta Zumalakarregi. «Bilboren nortasuna eta Bilboko jendea adierazten du bildumak, erraldoien bidez», laburbildu du Martijak.
Estilo desberdinak
Pertsonaiak berberak dira erraldoien bi belaunaldietan: hau da, marinela edo olagizona bisitatu daitezke hala aztarnategian nola museoan. Salbuespen bakarra dago: Pitxitxi eta Lina. «Athleticen mendeurrena ospatzeko egin zen bikote hori, 1998an, Moskotarrak konpartsakoek proposatuta». Aurreneko Aste Nagusirako taxutu zituzten lehen belaunaldikoak —1978an hasi ziren Bilboko jai herrikoiak ospatzen—, eta 1988an jaio ziren bigarren belaunaldikoak. Eta pertsonalitate bera izan arren, Martijaren ustez nabarmen desberdinak dira batzuk eta besteak: antzinakoek «nortasun handiagoa» dutela iruditzen zaio. Izan ere, erraldoi berriak falletako artista bati enkargatu zizkioten, Vicente Lunari, eta Valentziako (Herrialde Katalanak) jai horietan egiten dituzten figuren antza hartzen die Euskal Museoko hezkuntza arduradunak. «Aurpegiak garbiagoak dira; zaharrek karikaturak dirudite».
Ez da alde bakarra, edozelan ere. Aurreneko erraldoiak pisutsuagoak eta garaiagoak ziren, eta, hortaz, berriekin errazagoa da dantza egitea. Kuriositate moduan, altuera eta pisua zehazten dituen kartel bat zintzilikatu diote bakoitzari: Lina da arinena, eta, oro har, 40-50 kilo pasatxo pisatzen dituzte figura guztiek. Ez dakite lehen belaunaldiko erraldoiak zer neurritakoak ziren.
Erakusketa haurrentzako nahiz helduentzako tailerrekin osatu dute: adibidez, Erraldoiak dantzan jardueran haien historiaren berri jakiteko aukera izango da, Ondalan konpartsaren eskutik. Aste Nagusian, abuztuaren 22tik 30era, doan ikusi ahalko dira hala erraldoi zaharrak nola berriak.