Gora sanferminak eta 'free Palestine'

Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako hiru kidek bota dute txupinazoa: Lidon Sorianok, Eduardo Iberok eta Dyna Kharratek. Ehunka ekitaldi egonen dira gaurtik aintzina, eta bederatzi egunez bestak ez du etenik izanen.

Iruñea
2025eko uztailaren 6a
10:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Ernatu da besta Iruñean. Suziria zeruan lehertzearekin batera hasi dira sanferminak, eta bederatzi egunez besta nagusituko da Nafarroako hiriburuko karrika eta plazetan. Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak eman die hasiera jaiei, herritarrek hala erabakita. «Free Palestine, stop genocide», ozen oihukatu du plataformako kide Lidon Sorianok, eta Eduardo Ibero eta Dyna Kharrat kideekin batera bota du txupinazoa. Iruñeko alkate Joseba Asiron «harro» agertu da jaien hasierako elkartasun mezuagatik.

Palestina ez da udaletxeko balkoian bakarrik presente egon, baita beheitian ere, plaza bete duen marea zuri eta gorriaren artean. Palestinako hainbat banderak atzerako kontaketan lagundu dute, palestinarren sufrikarioa gogoratzeko.

Ikurrinak, berriz, ez du lekurik eduki balkoiko mastan. Aitzitik, plazan dantzan ibili da, bertze hainbat bandera eta aldarrikapenekin batera. Txupinazoaren mezuan ez ezik, zapietan ere ikus daiteke palestinarrenganako elkartasuna, Iruñeko Peñen Federazioak eta Salam Gaza Nafarroa elkarteak zapi bat diseinatu baitute.

10:00etan, bi munduk bat egin dute: bapo gosalduta zain-zain egondako goiztiarrak eta eguzkia ateratzen ikusi duten bestazaleak. Aurten sanfermin bezpera igandea tokatu da, eta horrek erran nahi du batek baino gehiagok atzoko gaua txupinazoarekin lotu duela. Alabaina, aise antzeman daiteke bakoitza zer bandotakoa den: kamisetaren koloreari begiratu bertzerik ez dago. Dena dela, inork ez du besten hasmenta galdu nahi.

Hiri osoa udaletxeko balkoira begira dagoen bitartean, batzuek beren entzierro propioa bizi izan dute: billabesarena, hain zuen. Izan ere, hiri autobusaren greba mugagabeak aitzin segitzen du, eta gutxieneko zerbitzuak %70ekoak izanen dira egunero.

Hala, besta erdiguneraino iristea zezenen aitzinean lasterka egitea bezain konplikatua bihurtu da herritarrentzat; loria gutiagorekin, ordea. «Gaur ez dago autobusik, edo zer?», erran du autobus markesinan nahi baino gehiago esperoan daraman bidaiari batek. Hasperen luze bat egin, eta oinez abiatu da emakumea, bihartik aitzina zezenek eginen duten ibilbidea simulatuz.

10:30erako jada gutxi falta zaio udaletxeko plazari gainezka egiteko; badirudi billabesaren grebak ez duela galaraziko plaza betetzea. Hori dela eta, zenbaitek nahiago dute bertze txoko lasaiagoren batean ikusi suziria zeruratzen. Pantaila erraldoiak paratu dituzte bestaren agertoki nagusietan; hala nola Gazteluko plazan, Sarasate pasealekuan, Foruen plazan, Antoniutti parkean, Yamaguchi plazan eta Federico Soto plazan.

«Hunkituta eta harro gaude herri honek eman digun bultzada ikusita»

EDUARDO IBEROYala Nafarroa Palestinarekin plataformako kidea

Udaletxeko balkoiko ateak zabaltzeko minutu gutxiren faltan, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kide Eduardo Iberori urduritasuna nagusitu zaio: «Erantzukizun handia da, baina hunkituta eta harro gaude herri honek eman digun bultzada ikusita».

Europako bertze herrialdeekin alderatuta Iruñean palestinarrek pairatu duten sufrimenduaren inguruko kontzientzia handiagoa dagoela dio Iberok: «Badakigu zer dagoen kanpoan, eta Nafarroan daukagun elkartasuna ikaragarria da».

Txupinazo gehiago

517 ekitaldi ofizial izanen dira sanferminetako egitarauan, baina herri mugimenduak ere dozenaka ekintza antolatu ditu. Oinez txokoak suziri alternatiboa bota du ordu berean, Takoneran; Herri Sanferminak plataformak, berriz, O-ko Andre Mariaren plazan, 14:00etan. Bertan paratu dituzte txosnak, eta egitarau oparoa prestatu dute. Ekitaldi horiek guztiak BERRIAk prestatu duen aplikazioan kontsulta daitezke.

Eskuak goiti eta zapi gorriak airera. 12:00ak jo dute azkenerako udaletxeko erlojuan, eta Gainza biribilketaren doinuak hartu du plaza. Txistulari eta gaiteroen udal bandak eta Pamplonesa musika banda eraikinetik atera dira, eta dantza artean hasi da jende uholdea inguruko karriketara ere hedatzen.

Iruindarrek urte osoan gordeta edukitako traje zuri-gorria zuria baino gorriagoa da dagoeneko. Piztu da besta Iruñean, eta ez da itzaliko hilaren 14an Gaixoa ni abestu arte.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.