Mendiak mendizaleei egiten die dei, nola ez. Tontorrek eta harriz betetako maldek erakartzen dituzte gailurzaleak. Gainera, Euskal Herrian badago mendiz mendi aritzeko aukera franko. Esaterako, Gorbeia eta Urkiolako mendilerroek mendizale askoren izerdia eragin dute. Mendizaletasun horrekin lotu izan da orain arte Gorbeiako parke naturala bera. Baina, Araba eta Bizkaia lotzen dituen lurraldearen sona irauli, eta turismo berria erakartzeko lanean hasiak dira Gorbeialde elkarteko kideak. Hala, Gorbeia Central Park izeneko proiektua abian da iazko uztailetik.
Aurrera eta atzera ibiltzen da Iñaki Saenz Gorbeialdeko Landa Garapen Elkarteko turismo teknikaria, herri batetik bestera, beste teknikariekin proiektuaren nondik norakoak kudeatzen. Izan ere, Gorbeia Central Parkek inguruetako hainbat herri biltzen ditu, eta horiek guztiak, elkarlanean aritzen dira turismo berria erakartzeko plana aurrera eramateko. Saenzek azaldu duenez, proiektuaren xede nagusia da Gorbeia parke natural osoa jomuga turistiko bakartzat hartzea, «eta hori jendeari helaraztea».
Bestetik, ostatuarentzat osagarri izango diren ekintzak eskaini nahi dituzte egitasmoaren bidez. «Gorbeia bada mendi garrantzitsua, baina turismo aldetik, mendizaletasun hori pixka bat ahaztea nahi dugu», dio teknikariak. «Etor dadila bisitaria, gera dadila lotan eta, gainera, zerbait berria proba dezala». Horretarako, askotariko ekintza eta ibilbideak eskaintzen dituzte Arratia-Nerbioi (Bizkaia) eta Zuia (Araba) eskualdeetan barrena. Turismoa sustatzea da helburua, mendiaz harago joango den turismoa, hain zuzen.
Naturaz, gastronomiaz, aisialdiaz edo kirolaz gozatzeko aukera izango du turistak Gorbeialdean. Zuhaiztietan eta zelai berdeetan tokiko produktuak izango ditu eskura, parkeak gordetzen duen isiltasunean bilduta.
Esperientzia berrien bila
Hori guztia bisitariari helarazi eta sentiarazteko, hainbat ekintza prestatu dituzte egitasmoaren bultzatzaileek: guztira, hemeretzi. Iñaki Saenzek esan du badaudela zenbait ekintza bereziki deigarriak direnak. Esaterako, jende asko erakartzen duen aukera da bodymind-a naturaren erdian, hau da, pilates, yoga, tai txia praktikan jartzea muino baten gainean, baso baten sakontasunean edo errekasto baten inguruan. Safaria itsu-itsuan izeneko ekintzak ere eskaera handia izan du, teknikariaren arabera. Gorbeia bizileku duten animalien bitxikeriak gauez ezagutzeko aukera ematen du ekintza horrek. «Oraingoz safaria eta G-astronomia, hau da, afari kosmikoak, dira jendeak gehien egiten dituen ekintzak».
Emaitza eta gogoeta
Horiez gain, badaude beste hamaika aukera ere: siestodromoak, sukalde bideak, piknika gurpil gainean, eskuz esku eta artzain egun batez, besteak beste. Esperientzia horien artetik batzuk kendu egingo dituztela aurreratu du Saenzek, horrela berri batzuk eskaini ahal izateko. Irailetik aurrera egongo dira denen gozagarri. Teknikariak dioenez, belatzeen entrenamendu saioetan parte hartzeko eta Gorbeiako garagardoaren prozesua ezagutzeko eta dastatzeko aukera gozatu ahal izango dira, besteak beste.
Hori guztia aurrera eraman ahal izateko, lantalde bat sortu zen iaz, proiektua martxan jarri zenean. 80 enpresa inguruk osatzen dute lantalde hori, eta Saenzek argitu du 80 horietatik ia erdiak ostatuak direla. Ekoizleak, jatetxeak eta museoak ere parte hartzen dute. «Lantalde horrek urtero ezartzen ditu erronka berriak: zeintzuk izango diren ekintzak, promozioak baita merkaturatze plana ere».
Proiektuak urtebete egin zuen joan den uztailean, eta Saenzek dio neurri handi batean jendeak abian jarritako «asmo berria» onartu duela. Gainera, «bisita asko» izan dituzte, eta Eusko Jaurlaritzako webgunean Gorbeia Central Parkaren ataria izan da guztietan bisitatuena. Hainbat sari ere jaso ditu proiektuak. Fiturreko turismo aktiboko produktu onenaren saria jaso zuen Gorbeia Central Park egitasmoak, Bartzelonan banatzen den Alimara saria eta Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko saria.
Egindakoarekin «oso pozik» agertu da teknikaria. Hala ere, Gorbeiak daukan irudi mendizalea ez dute gainditzea lortu, haren ustetan, eta, argi dauka irudi biek osagarriak izan behar dutela. Gorbeia Central Park egitasmoa garatzeko, bide horretan egingo dute lan datozen hilabateotan: turismoa sustatzen.
Ezarian
Gorbeia, turismoari deika
Duela urtebete pasatxo Gorbeia Central Park proiektua jarri zuten martxan, Gorbeiako parke naturalera turismoa erakartzeko asmoz. Emaitza «onak» izaten ari da iazko uztailetik abian den egitasmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu