2022an, Matt Reevesek The Batman filma zuzendu zuen; The Dark Knight saga entzutetsuarekin batera, saguzar famatuari buruz egin den filmik interesgarriena eta sendoena da. Protagonistaren rola Robert Pattinsonek jokatzen du. Tonua eta erritmoa deigarriak dira oso; izan ere, gertuago dago Seven eta Zodiac filmetatik, superheroien inguruko beste edozein proposamenetatik baino. Gotham hiriaren giroa sekula ez da agertu hain zikin, dekadente, triste eta ilun.
Bada, orain, The Penguin telesaila iritsi da, film horretako gertakariak amaitu eta astebetera girotua. Showrunner nagusia Lauren LeFranc da, baina Craig Zobelek zenbait atal zuzendu ditu; Mare of Easttown, Westworld edo The Leftovers telesail zoragarrietan parte hartu duen zuzendari eta gidoilari estatubatuarra da Zobel. Telesailak 2026an estreinatuko duten The Batman Part II filmaren tarteko istorio gisa funtzionatzen du, eta Batmanen etsai mitikoari buruzkoa da: Oswald Cobblepot —Pinguinoa ezizenez—, Colin Farrellek maisuki antzeztua. Begirada guztiak pertsonaia horretan jarriak dauden arren, ezustekorik handiena Cristin Milioti aktorearena izan da; Sofia Falconeren rola jokatu du, eta lan paregabea egin; haren pertsonaia mamitsua eta oso interesgarria da.
Ikuspegia kaletarragoa
Cobblepotek hiriaren barruan izandako bilakaera aztertuko du telesailak, eta bere inperioa nola eraikitzen duen erakutsi; horretarako, Gothameko azpimundu kriminalaren erraietan murgilduko dira, eta pertsonaiarekin guztiz bat datorren giro ilun eta klaustrofobikoan. The Batman-en neo-noir estetikak eta estilo bisualak bere hartan dirau telesailean. Hori bai, hemen ikuspegia kaletarragoa da, gordinagoa. Tonu ilunek, hiri eszenatokiek eta argiztapenek arrisku eta dekadentzia giroa indartzen dute. Atmosfera xurgatzailea da, eta oso itogarria, ikusleak pertsonaien hatsa eta hiriaren estoldetako kiratsa arnasten ari dela sentitzeraino.
Zinez ariketa zaila zen gaitzespena eragiten duen pertsonaia horrekin gutxieneko enpatia piztea, baina oreka egokia lortu dute; alde grotesko eta bortitza, batetik; sotiltasun emozionala, bestetik. Ez du bat egiten Pinguinoarekin, inondik inora ere, baina haren ekintzak eta motibazioak guztiz ulertzen dira.
Pertsonaien garapenean eta tramaren angelu guztietan behar bezala sakontzeko erritmo nahiko geldoa erabiltzen da hasieran; ikusle batzuk uxatuko dituen arren, guztiz egokia eta logikoa da hautu hori, ezinbestekoa unibertso berezi honetan behar bezala murgiltzeko.
Heroiak eta gaizkiaren aurkako borrokak albo batean uzten dira hemen. Hau ez da superheroien inguruko istorio klasikoa, antiheroi batean zentratutako kontakizuna baizik: boterea, traizioa, mendekua, aliantza aldakorrak... Gehiago du tragedia klasikotik edo gangsterren eta mafiaren munduan girotutako istorioetatik.
fitxa
- Sortzaileak. Lauren LeFranc eta Craig Zobel.
- Aktoreak. Colin Farrell, Cristin Milioti, Clancy Brown, Myles Humphus eta Berto Colon.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2024.
- Non ikusi. Max.
- Atal bakoitzaren iraupena. 60 minutu.
- Generoa. Drama. Thrillerra.