Gozogintza, artelan bihurtuta

Forma, kolore eta zapore guztietako gozoak egiten dituzte Euskocake izeneko sareko enpresan, maisulanak, eta etxera eramaten dituzte, bezeroei erraztasunak emateko.

Arreta handiz eta xehetasun guztiak zainduta egiten dituzte gozoak. EUSKOCAKE.
Donostia
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Haurrentzat, bikoteentzat, familientzat, lagunentzat... denentzako gozoak egiten dituzte Donostiako Euskocake enpresan. Kolore, forma, motibo eta tamaina guztiak erabiltzen dituzte tartak, pastak, macarons izenekoak, txokolatezko madalenak eta bestelako produktuak egiteko.

Haien webgunean ikus daiteke egiten dituzten maisulanen katalogoa (www.euskocake.com). Eskaerak bertatik egin daitezke, horretarako gunean sakatuta; eta telefono bat ere badute: 619-34 70 42. Katalogokoak adibideak baino ez dira; edozer eska daiteke: iloba txikientzako gaztelutxoak, ezkontzetarako tarta eta pasta pertsonalizatuak, urteurrenetarako pastel argazkidunak, eta abar. Bat aukeratzean, haiekin jarri behar da harremanetan. «Eskatutakoaren zirriborroa prestatzen dugu, aurrekontuarekin batera. Ondoren, bezeroei pasatzen diegu, dena adosteko», kontatu du Iñaki Retegik, enpresako komunikazio arduradunak.

Jesus Leyvak egiten ditu gozoak. «Bera da artista», dio Retegik. Leyvak dioenez, berarentzat «lan bakoitza erronka bat da». Horregatik, arreta handiz egiten du lan: «Kontuz-kontuz egin behar da eskatzen duten lan bakoitza, xehetasun guztiak zainduz». Lana baduela aitortu dute biek. «Baina esker onekoa izaten da. Askotan deitzen edo idazten digute eskerrak emanaz».

Tarta gehienek bizkotxoa dute barruan. Gero, bakoitzak erabakitzen ditu barruko osagarriak: fruta, txokolate, banilla, krema, esne gain eta beste mila zaporetakoak izan daitezke. Autoak, panpinak, animaliak... denetik egiteko gai dira. «Denetik eskatu izan digute», azaldu dute bi enpresariek. «Gabonetarako eskaera bitxi bat egin digute: Olentzero pipa erretzen eta astoa hartuta traineru batean ipintzeko eskatu digute, eta trainerua familiako kideen argazkiz egotea nahi dute», kontatu du Retegik. «Orain, ezkondu aurreko agur festa baterako, beisbolarekin zerikusia duen pastel bat irudikatzeko eskatu didate», dio Leyvak.

«Gehienetan, ezkondu aurreko agur festetarako, ezkontzetarako eta urtebetetze ospakizunetarako egiten dizkigute eskaerak, eta erotikoak ere oso ondo saltzen dira», baieztatu dute Leyvak eta Retegik.

Denda Internet sarekoa izanik, dena ordenagailu bidez egiten dute, baina eskaera bereziren bat izanez gero, aurrez aurre biltzen dira, xehetasunak bezeroarekin zehazteko.

Eskaera egiten denetik betetzen den arte denbora bat pasatzen da: «Eskaeraren araberakoa izaten da. Oro har, aurrez eskatzen dizkigute egun jakin batzuetarako, eta ordurako prestatzen ditugu. Hala ere, normalean, astebete inguruan egiten ditugu», azaldu du Leyvak. «Batzuetan, mirariak ere egiten ditugu», gaineratu du Retegik. Denbora hori eskaeraren araberakoa izaten da, zailtasunaren eta tamainaren araberakoa.

Denetariko prezio zerrenda dute. Lau pertsonarentzako tartak, esaterako, 36 euro balio du. Tamainaren eta lanaren arabera igotzen da prezioa.

Dena ordenagailuz egiteaz gain, gozoa etxean jasotzen du bezeroak. Donostia inguruetan zerbitzua doakoa da; gainontzekoetan, prezioa kontsultatu egin behar da. Bidaiak, gainera, ez die eragiten lanei. «Geuk eramaten ditugu gozoak, bidaian kalterik ez izateko. Lanak kontuzkoak izaten dira. Horregatik, askotan, azken ukituak etxeetan edo jatetxeetan bertan ematen ditugu; muntatzea eta apaintzea, esaterako», dio Leyvak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.