Tolosako gozoak ez ezik, beste hainbat tokitako gastronomia produktuak dastatzeko aukera izango da asteburu honetan Tolosa Goxua azoka berezian; gozozaleentzako paradisu bihurtuko da herria.
Kalitatezko gozogintzan aritzen diren egileek bat egingo dute Triangeluko plazan larunbatean. Tolosako Gorrotxategi, Ezeiza, Gorosti, Gozona eta Saizarrek herriko produkturik gozoenak dastatzeko aukera eskainiko dute. Baina ez horiek bakarrik, ondoan izango baitituzte Gipuzkoako, Arabako, Bizkaiko, Ipar Euskal Herriko eta Errioxako gozogileak. Nork bere produktu eta espezialitateak eskainiko ditu; hala, produktu ugari ezagutzeko parada izango dute bisitariek.
Aurten, berritasun gisa, Bizkaiko Gozogileen Alkartasunarekin bat eginda, Bizkaiko Karolinak —merengezko pastela— egingo dituzte Tolosako bost gozogileek. Karolinak nola egiten diren ikusi eta dastatu ahal izango da, gainera.
Azokarekin batera, bestelako ekitaldiak ere prestatu dituzte gastronomian ari diren herriko sortzaileek.
Tolosako txurro denda ireki zutela lau urte bete direla-eta, ekimen berezi bat egingo dute dendako arduradunek: denda zabalik dagoen egun bakoitzeko bina txurro banatuko dituzte; beraz, 2.800 txurro egingo dituzte larunbatean hara gosaltzera joaten direnen artean banatzeko.
Gozoen ondoren, babarruna
Gorrotxategik, bestalde, Tolosa Gipuzkoako hiriburu izan zen garaia gogoraraziko du. 1844tik 1854ra bitartean izan zen hiriburu Tolosa, eta, horregatik, 1.844xaxu banatuko ditu Triangeluan jarriko duen postuan eta Plaza Zaharreko dendan.
Gazta tartaren lehiaketa ere antolatu dute larunbaterako. 10:00etatik 11:00etara aurkeztu beharko dituzte lehiakideek euren tartak errezetarekin batera.
Tolosa Goxua azokarekin abiatuko ditu Tolosak udazkeneko azoka bereziak. Urrian gozoei eskainitako ekimena egin ondoren, azaroan herrian hain preziatua den babarrunari eskainiko diote 19 eta 20ko asteburua.
Abenduan, bestalde, ohikoa bihurtu den txuletaren festa izango da. Abenduaren 5etik 8ra bitartean, jatetxe erraldoi bihurtuko dute Zerkausia, eta han elkartuko dituzte txuleta erretzailerik onenak, erretegietako menu tradizionala bisitariei eskaintzeko.
TOLOSA GOXUA
Non. Tolosako Triangeluan (Gipuzkoa).
Noiz. Larunbatean.
Asteburuko proposamenak
Gozozaleentzako herria
Tolosa. Herriko gozoak ez ezik, bestelakoak ere dastatu ahal izango dira larunbatean Tolosa Goxua azokan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu