Maratila

Grezia

santi leone
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Espainia ez da Grezia. Aspaldi honetan, horixe azpimarratu izan dute behin baino gehiagotan mota guzietako adituek, krisia dela eta. Estatu espainoleko egoerak ez du deus ikustekorik Greziakoarekin. Espainia ez da Grezia.

Ados nago. Erabat. 1974an monarkiaren gaineko erreferenduma egin zuten Grezian. Horren ondorioz, hango errege-erreginek alde egin behar izan zuten. Greziarrek ezetz erran zuten, aukeran errepublika zutela nahiago. Nonbait, buru koroadunek koronelen diktadurarekin izandako konplizitatea erabakigarria izan zen emaitza monarkiaren kontrakoa izan zedin.

Orduan ere, Espainia ez zen Grezia izan. Uste izatekoa da Espainia demokraziarako bidean gidatu zuen pilotuak (eta haren emazteak) ongi gogoan izanen zutela bi penintsula haratago gertatutakoa, eta erraz ikasiko zutela hobe dela zenbait gauzari buruz herriari ez galdegitea, badaezpada ere.

Berriki, printzeak iparreko lurralde hauetarako egindako bisita batean, Laura izeneko bat Francok izendaturiko erregearen semearengana hurbildu eta erran zion, bertzeak bertze, errepublika batean bizi nahiago lukeela, herritar izateko, eta ez inoren meneko. Nire iduriko, neketan adieraz daiteke ideia hori dotorezia eta duintasun handiagoz. Gaia, halere, potoloegia izan bide zen printzearendako (Georgetownen ez zuen zientzia politikoa ikasi, naski), eta, argudiatuz erantzun beharrean, fama bilatzea leporatu zion bere bat-bateko arerio hari.

Edo, beharbada, ez zuen Lauraren eskaera ongi ulertu. It's all Greek to me, pentsatuko zuen, ingelesez.

Baina, jakina, Espainia ez da Grezia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.