XVIII. mendean jaio ziren Grimm anaiak, Jacob eta Wilhelm. Unibertsitatean irakasle lanak egitearekin batera, idazten hasi ziren. Oraindik hizkuntza batu germaniarrik ez zegoen arren, grimmdarrak lehen mailako idazleak izan ziren.
Gehienbat haur eta gaztetxoentzako egin zituzten liburuengatik egin dira ezagun. Antzinako kondairak eta ipuinak oinarri hartuta, horiei jite berria eman zieten Grimm anaiek. Hainbatetan, Frantziako idazleen ipuinak bereganatu zituzten. Garai hartako zentsurarekin hainbat arazo izan bazituzten ere, haien ipuinek arrakasta handia bildu zuten, eta belaunaldiz belaunaldi pasatu ziren.
Horrela ailegatu dira gure garaietara, nahiz eta askotan ezagutzen ditugun bertsioak ez diren jatorrizkoak. Urteetako transmisioaren bitartez hainbat aldaketa nozitu dituzte bi anaien ipuinek. Haienak dira, besteak beste, Hansel eta Gretel, Loti ederra, Errauskine, Hamelingo txirularia, Erpurutxo eta beste ipuin ezagun asko.
Musikal arrakastatsua
Garai modernoetan, istorio horiek pelikula eta telesail askoren oinarri izan dira. Horien artean, beharbada ospetsuena 1937an Walt Disneyk egin zuen Edurnezuri-ren moldaketa zinematografikoa izan da. Joan den mendeko 1980ko hamarkadan, berriz, James Lapinek ideia berri bat izan zuen: Grimm anaien hainbat pertsonaia hartu eta denak musikal berean sartzea: Stephen Sondheim konpositore ezagunarekin elkarlanean, Into the Woods musikala egin zuen.
Lan hori 1987. urtean estreinatu zuten, New Yorken, eta arrakasta handia izan zuen. Hiru urtez jarraian izan ziren emanaldiak, eta hainbat Tony sari jaso zituen. AEBetik musikalak Londresera egin zuen salto, eta han ere oso harrera beroa izan zuen.
Orain, zinemara ailegatu da Into The Woods musikala oinarri duen istorioa, Rob Marshall zuzendariaren eskutik. Nahiko logikoa da Marshall hautatu izana, hura baita azken urteotako film musikal arrakastatsuenaren egilea: Chicago. Horren ostean, 2009an, formula errepikatzen saiatu zen, baina Nine musikalak ez zuen emaitza bera lortu.
Errauskine, Txanogorritxo, Rapunzel eta beste pertsonaia ezagun asko istorio berean elkartzen ditu filmak. Baso ilun bat dago, eta horren inguruan, familia bat sortu nahi duen bikote bat. Halako istorio batean ezin falta sorgin gaiztoa, gazteen planak hankaz gora jartzen saiatuko dena.
Film musikala da Into the Woods, eta antzerkirako bertsioan zeuden abesti gehienak aprobetxatu dituzte. Aktoreei dagokienez, Meryl Streep da protagonista nagusia; sorginarena egiten du aktore beteranoak. Bikote gaztearen rolean, berriz, Emily Blunt eta James Corden daude. Johnny Depp, Chris Pine eta Daniel Huttlestone, besteak beste, bigarren mailako roletan agertzen dira.
'INTO THE WOODS'
Zuzendaria. Rob Marshall.
Aktoreak. Meryl Streep, Emily Blunt, James Corden, Anna Kendrick, Chris Pine, Johnny Depp, Lucy Punch.
Herrialdea. AEB.
Urtea. 2014.
Iraupena. 124 minutu.
Generoa. Musikala.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian; eta hilaren 28an Ipar Euskal Herrian.
Datorren asteko estreinaldiak
Grimm anaien pertsonaiak, nahas-mahasean
'Into the Woods' filma egin du Rob Marshallek, idazle alemanen ipuinetan oinarriturik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu