Jose Ramon Aranberria. Gernika batailoiko gudaria

«Guk bete genuen egitekoa; guk frantsesei lagundu bai, eta haiek guri, batere ez»

Bigarren Mundu Gerran, alemaniarren aurka borrokatu zen Aranberria. Beste hiru lagunekin, Ondarroatik irten zen oinez, eta txalupan iritsi ziren Hendaiara. Naziak garaitzearekin batera, Euskal Herria askatzea ere helburu zuten.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Getaria
2017ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Duela 70 urteko kontuak ondo gogoan ditu Jose Ramon Aranberriak (Ondarroa, Bizkaia, 1925). Baita detaile osoz oroitu ere: Gernika batailoira eraman zuen bidaiaren xehetasunak, amerikarrekin egindako entrenamendu gogorrak, lagun izandakoen izen-abizenak, Iparraldeko herrietan pasatutakoak... Memoria ona duenik ezin daiteke uka: «Jaungoikoari eskerrak! 92 urterekin... Gauza asko ere ahazten zaizkit, baina...».

Arrantzale zenbiltzan, Ondarroan. 36ko gerra pasatuta, frankismo urteak ziren. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Itsasoan nenbilen; zer izango nituen, 17-18 urte, eta han etortzen ziren txapel gorriak-eta mosketoiekin. Guk, lagun artean, zer egingo genuen, bada, euskaraz. Orduan erdaraz ez genekien; gero ikasi genuen. Eta mosketoiarekin: «Hablad en cristiano!». Eta hanketara; hankak jota odolez. Orduan dena kanbiatu zen. Kanbiatu ziren maisuak, maistrak, doktrinarekin; espainola dena. Gaueko eskola bazen, baina kontrabandoan.

Eta erabaki zenuten ezin zenutela horrela jarraitu.

Ezin zela. Lagunekin txikito batzuk hartuz, itsasotik etorrita, pentsatu genuen: «Frantziara joango al gara? Hau ez da bizimodua». Ondarroatik irten ginenGipuzkoara: Mutrikura, eta handik, Debara eta Getariara, oinez dena. Diru pixka bat bageneukan, eta Getarian moilako taberna batera joan ginen. Lau gazte ikusi zituzten, eta haiek guri begira; gu bizkaieraz. Ondarroarrak ginela esan, eta botila bat ardo atera ziguten. Iluna egin zenean, esan genuen: «Orain da garaia txalupa txiki bat hartu, batela, eta Hendaiarantz [Lapurdi] joateko». Tximistak bezala, argiak bota zizkiguten txalupara, tak-tak-tak. Kostazainak, hiru-lau aldiz. Eta gu beherantz jarrita, elkarren gainean. Argiak itzalitakoan, haitz kontra sartu ginen, Hendaiara.

Ondarroatik joatea erabaki zenutenean, zer esan zizueten etxean?

Hitz eginda geneukan. Baina hartu genuen txalupa ondo ordainduta egon zen, hori bai. Txaluparen jabeak Ondarroara joan ziren erreklamatzera; guk hartu genuen beharra genuelako, derrigor. Gutako lauren ama bakoitzak 500 pezeta ordaindu zuen[3 euro]; 2.000 pezeta [12 euro], denera. Txalupa hark ez zuen 500 ere balio, baina... irabazten atera ziren.

Edonor ez litzateke ausartuko zuen bidea hastera.

Gazteak ginen. Autoan joanez gero, derrigor harrapatu, baina, arrantzale izanda, itsasotik susmorik ez. Gero han, beldurra bai, baina atzera inoiz ez: beti aurrera egin behar da.

Iparraldera iritsi zinetenean, bazenekiten nora jo?

Gu euskaraz trankil mintzatzen, eta han emakume batek igarri zuen gure hizkuntza. Aita ondarroarra zeukan, eta bera Donibane Lohizunen [Lapurdi] bizi zen. Nik neure artean: «Kartzelara goaz». Besteak, isilik denak. Esan zigun: «Hor jendarmeak-eta daude; ez begiratu, txarra da begiratzea». Orduan, nik ez nekien jendarmea zer zen ere; orain, gehiago. Andrea erdian jarri zen, gutako bi alde banatan, eta haren etxera. Orduan, etxeetan aldabak zeuden, jotzeko, eta danba-danba: «Ama, ireki atea, ondarroarrak daude hemen». Hura pozez zoratzen. Sartu ginen, eta andreak esan zigun ez irteteko kalera. Ez zeukala asko emateko, ogia eta jateko pixka bat, oheak ere ez zeudela ondo, baina nahikoa genuen. 18 urterekin... Orain bai, baina orduan, harriaren gainean ere! Han egon ginen astebete pasa.

Nola iritsi zineten gero Baionara?

Ondarroar baten osaba apaiza zen Baionan. Hiru baziren Baionan, ondarroarrak. Apaiza bera etorri zen gugana: «Etorri, kasu egin, eta ez begiratu». Han, Baionan, hotel batera joan ginen, hamabost egun bai. Euskal gobernuak pagatzen zuen, eta gero etorri zen [Kepa] Ordoki komandantea, irundarra. Esan zigun ez mugitzeko handik. Baionatik gero Bordelera [Okzitania] joan ginen. Denbora asko egon ginen kanpalekuan, barrakamendu handi batean. Eta abisua eman zuten «la fuerza vasca» behar zela.

Euskaldun asko aritu zineten borrokan. Beti elkarrekin?

Gazte asko egon ginen: bizkaitarrak, gipuzkoarrak... Denetakoak zeuden gurekin, nazionalistekin: komunistak, anarkistak, sozialistak… denak ondo, Agirre lehendakaria bakarrik zen burua. Abisua jaso genuen Pointe de Grave puntan zegoen ikurrina hartu behar zela. Hara joateko, alemanek minaz josita zeukaten dena. Ez zen pasatzeko modurik; zaila zen.

1945eko apirilean Pointe de Graveko borrokan alemanek zuten diziplina aipatu zenuen Gernika batailoia. Askatasunaren ametsa dokumentalean.

Aleman batzuek 16-17 urte zituzten, bizarrik ez, baina diziplina... Dena bloke handiekin zeukaten, zementu armatuarekin. Zailak ziren puskatzen. Itsasotik, itsaspekoarekin, gauez, hornidura eramaten zuten alemanek, jatekoa eta dena. Gero amerikarrak etortzen ziren aeroplanoekin, eta kargatu eta deskargatu, kargatu eta deskargatu. Horrela egunero-egunero. Jada alemanek gerra galduta zeukatela, gezurra esaten zuen ofizial batek: ondo zeudela. Bazekiten galduta zeukatela, baina…

Iñaki Azpiazu apaiza gertuko lagun izan zenuen han.

Seme bat bezala tratatzen ninduen, eta niretzat han zen nire aita bezala. Han genbiltzala, konfesatzeko aukera eman zigun; ez bagenuen nahi ezer, bakoitzak bere borondatea; berak ez zuen inor behartzen. Nik bai. Urte askotara hona etorri zen, Getariara, sermoia ematera. Ni mezatan nengoela, neure artean: «Hau ezagutzen dut». Baina hain flako zegoen... Meza bukatu, bikarioari galdetu, eta baietz; ni atzetik, baina joanda zegoen. Hurrengo hilean, koinatua eta biok Azpeitira [Gipuzkoa] joan ginen haren bila, eta mojek esan ziguten orduantxe irten zela Argentinara. Handik bi hilabetera-edo jakin genuen hil egin zela.

Pointe de Graven irabazita, Euskal Herria askatzeko esperantzan jarraitu zenuten aurrera. Amerikarrekin entrenamendu gogorrak egin zenituzten, Paris inguruan. Nolakoak?

Chateau Rothschildera joan ginen, amerikarrekin, hona etortzerako instrukzioak jasotzera. Han zeuden armamentu denak, klase guztietakoak. Joakin anaia, lau urte zaharragoa, ondo maneiatzen zen. Ni traketsagoa nintzen. Han egon ginen denbora pixka batean. Hemezortzi-hogei kilometro egiten genituen, gauez, gero lur eremuan ez galtzeko. Gaueko hamabietan-edo hasi, eta goizaldean iristen ginen. Jontxu Arruti zarauztarrak, nola txikitatik egon zen Ameriketan, interprete lanak egiten zizkigun. Entrenamendu asko egiten genituen han. Gero, boxeoan ere bai. Nafar bat bazen, Ramontxu, ni baino altuagoa, Espainiako txapelduna. Nik ez nekien boxeoan, baina… atrebitu nintzen. Espektakulu ederra egin genuen. Manuel Irujo ministroak, Lizarrakoak, Matxote izena jarri zidan. Irujo gizon ona zen, argia.

Paris izan zenuten bizileku. Han, familia osatzen hasi zinen.

Aberri Egun batean ezagutu nuen emaztea. Euskal Etxean, afaria genuen, eta euskaldun asko elkartu ginen, berrogei bat; Joakin anaia ere han zen. Kantuan gu, andrea zerbitzatzen. Emakume asko zeuden horrela: bizpahiru getariar, hernaniar bat... Adiskideak egin, eta sei-zazpi hilabetera ezkondu ginen. Iñaki semea han jaio zen; Ander, hemen.

Hemengo familiaren falta ere sumatuko zenuten, ezta?

Gure ama etorri zen Iñaki semea zaintzeko, gu lanean ginen eta. 84 urterekin, joan egin behar da Ondarroatik Parisera... Sei hilabete egon zen, etxean bakarrik, Paris batean... Euskaraz bakarrik, erdaraz gutxi. Guk batekin eta bestearekin ikasi genuen frantsesa, hizketan.

Paristik Iparraldera egin zenuten atzera. Zer ikasi zenuen?

Parisen lau ondarroar izan ginen, anaia eta biok eta beste bi. Amerikarrekin egon eta gero, batzuk batera eta besteak bestera bidali gintuzten. Anaia eta ni mugara joateko aukeratu gintuzten. Zuraide, Aldude, Urepele… Nik Euskal Herria ezagutzen dut frantsesek eurek baino hobeto; Frantziakoa, hemengoa bezain ondo. Eta lagun asko egin nituen. Ni Bankan egon nintzen. Han, tinta egiten zuten arbolaren gaztaina zaharrekin. Trenen bideentzako trebesak ere bai.

Aliatuek Euskal Herria askatzenlagunduko zizuetelakoan zineten, baina ez zen hala izan. Arantza hori hor daukazu?

Guk bete genuen egitekoa; guk frantsesei lagundu bai, eta haiek guri, batere ez. Bestela, frantsesen inguruan ez daukat ezer esateko; denetarik zegoen han ere, onak eta txarrak, hemen bezala, baina ondo portatu ziren. Ez pentsa hemen denak onak direnik. Hemen Gernikako bonbardaketa-eta pasatuta, aleman batzuk etorri ziren barkamena eskatzera, eta beste batzuk ez. Hemen, espainolak ere, bat ere ez. [Jose Maria] Aznar ez da joan barkamena eskatzera, orain ere ez.

Franco garaitzeko ahaleginak utzita, nola itzuli zineten egunerokora?

Bukaeran, Hendaiara etorri ginen anaia eta biok, baserri batera. Behin, Marta emakume espainolaren etxean bazkaritara geratu ginen. Frantzian urte asko emana zen, gizon frantses batekin ezkondua. Hantxe bazkaritan geundela, ordu biak edo ordu bi eta erdiak, atea jo zuten. Herritik nahiko aparte geunden. Bi gizon, zibilak, traje urdin ilunarekin. Anaiari esan nion: «Joakin, hauek poliziak dira». Halaxe zen. «Bi anaia zarete, ezta?», galdetu ziguten. Guk baietz, eta gure izenak esan genizkien. Poliziak gure bila zebiltzan, guri laguntzeko, guri karneta emateko. Han lana egiteko, paperak behar ziren, eta espainolek bazeuzkaten paperak, baina astebetean-hamabost egunean aurkeztu behar ziren udaletxera. Guk biok, meritu osoz, frantsesek bezalako dokumentazioa geneukan ofizioa hartzeko, libre, frantsesek bezala.

Azkenik Getariara itzuli zinen, hemen geratzeko.

Bai, hasieran, hemen, baserri batean ibili ginen. Jabeak zaharrak ziren artoa biltzeko; gu libre geunden, eta Joakin anaiari esan nion: «Hauei lagundu behar diegu». Alabak bazkari ederra prestatzen zigun, eta, horrela, haiek kontentu eta gu ere bai.

Zer-nolako giroa topatu zenuten Hegoaldean?

Nik beti beldurra, beti. Etorri, paperak egin lanerako, eta lanean hasi nintzen Zarautzen, urtebetez edo. Gero hemen, etxe ondoan, Getarian, tailer batean. Hemengo arduradunak hari esan zion ea nolakoa nintzen ni, eta baietz, balio nuela, lana ondo egiten nuela.

Duela bi urte, Gernikan omenaldia egin zizueten gudari izandakoei. Gustura hartu zenuen?

Bai, bai, gustura. Hemen [Getarian] ere egin zidaten. Ikurrin bat dago, eta neska-mutil getariarrek aurreskua egin zidaten.

Nola ikusten duzu oraingo panorama?

Txarra, lapur asko. Batzuk goseak hiltzen, eta beste batzuk besteen diruarekin, 30 milioi, 40 milioi eta... Lapurreta hori da. Hemen, baserri batean oilasko bat ostu, eta kartzelan bizi osorako, eta beste batzuek, 50 milioi ostu, eta zoriondu. Jendeak protesta-eta egiten du, baina indarrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.