Xirikara antzerki taldeko zuzendaria

Idoia Uranga: «Gure gizartearen kritika txiki bat dauka ‘Ama begira zazu’-k»

«Ama begira zazu/ leihotik plazara», dio bertsoak, eta halaxe egin dute Xirikara taldekoek, plazaz plaza baitabiltza ‘Ama begira zazu’ antzezten. «Omenaldi bat da», Idoia Uranga zuzendariaren esanetan.

Idoia Uranga. JON URBE / FOKU
Idoia Uranga. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elena Iruretak eta Kontxu Odriozolak 1980ko hamarkadaren bukaeran idatzi zuten, eta plazaz plaza aritu ziren hura taularatzen, Jose Ramon Soroizekin eta Mikel Garmendiarekin. Leihotik plazara joan ziren orduan, eta gaur egun ere bai. Segurako (Gipuzkoa) Xirikara antzerki taldea Ama begira zazu antzezlana taularatzen ari da, Idoia Urangak zuzenduta (Azkoitia, Gipuzkoa, 1972).

Noiz eta non ikusi zenuen Ama begira zazu lehen aldiz?

Ama begira zazu Azkoitian antzeztu zutenean ikusi nuen, eta izango dira agian 30 bat urte.

Eta zer iruditu zitzaizun?

Oso momentu on bezala daukat gogoan gordeta. Ikaragarrizko barreak egin nituen, oso ondo pasatu genuen, eta, gainera, orduan aktore famatuak zirenak zeuden oholtzan. Aktore lanetan nenbilen, eta haiek hain gertu ikustea ederra izan zen. Oso oroitzapen polita daukat.

Gerora, aktore horietako batzuk lankide izan zenituen.

Arte Dramatikoa ikasi nuen, eta telebistan, Goenkale-n, haietako batzuekin batera aritu nitzen, bai. Oso urduri egoten nintzen, beti miretsi izan ditudan aktoreekin lan egiteagatik. Baina oso eskuzabalak dira, ikaragarri lagundu zidaten, eta taldeko bat gehiago sentiarazi ninduten. Orduan, eroso sentitzen zarenean, babestuta sentitzen zarenean zure lankideekin, lana hobeto egiten duzu.

Ama begira zazu ari zarete berriro taularatzen. Nondik nora?

Segurako Xirikara antzerki taldeko zuzendaria naiz, eta talde hori 2023an sortu zen. Herritik sortutako proiektu kultural bat da, kultura, euskara eta hitanoa ardatz hartuta. Hitz edo irri, euskaraz elkarri euskara elkarteak beka bat eskaini zigun, eta horren bitartez lehenengo antzezlana egin genuen, hitanoa sustatu eta babesteko asmoz: Zopa, Mirari Martiarenak idatzitakoa. Antzezlan horrekin, Ataungo amateur antzerki topaketetan Zutabe saria irabazi genuen, ikusleen saria. Horrek harrotasunez bete gintuen. Guk biran jarraitu genuen urtebete, eta bigarren proiektuarekin hasteko, Ama begira zazu-ren omenalditxo hau egitea erabaki genuen, Segurako festetan estreinatuta. Elena Iruretarekin harremanetan jarri nintzen gure asmoa azaldu nahian eta oniritzia eskatuz.

Eta baietz, noski...

Elena hunkitu eta guzti egin zen, gogora ekarri nizkiolako antzezlan hori egiten ibili zen garaian izan zituen momentu onak. Baiezkoa eman zidan, aurrera joateko, eta gu eskertuta gaude, noski. Orain biran gabiltza herriz herri.

«Antzerkia ez da soilik oholtza gaineko hori, baizik eta prozesu osoa: beste familia bat osatzen duzu»

Antzezlan hau 1980ko hamarkada bukaerako gizartearen parodia bat da. Gaur egunera egokitu duzue nolabait?

Gure gizartearen kritika txiki bat dauka Ama begira zazu-k, eta gaur egun kritika horiek egiten jarraitu behar dugu, tamalez. Aurrerakuntzak ere egon dira, hala ere. Berdintasunaren aldetik, adibidez; oraindik lan handia dago, baina pausoz pauso gauzak aldatu dira. Testuan zeuden gai batzuk gaur egun ezin dira berdin-berdin antzeztu. Horiek egokitu ditugu.

Bestelako aldaketarik egin duzue?

Bai. Testua egokitu egin dugu gaur egunera. Sei esketx dira, eta monologo bana dute tartean. Guk sei esketx horiek mantendu ditugu, baina ordena aldatu diegu, eta monologoak ez ditugu egiten. Haiek lau aktore bakarrik ziren, eta monologo horiek zituzten arropaz aldatu ahal izateko, atrezzoa eta dekoratua aldatu ahal izateko. Gu sei aktore izanda, tarte handiagoa daukagu, eta monologo horiek kendu ditugu.

Sei esketx horiek zeri buruzkoak dira?

Esketx batean ikusiko dugu bikote bat oporretara joaten denean eta oporraldi zoragarria espero dutenean, ez dela hain zoragarria izango...

Torremolinosen, ezta?

Hori da. Beste bat ikusiko dugu jatetxe batean: atzealdean, sukaldean, langileekin dauden gorabeherak. Beste batean ikusiko ditugu moja batzuk gotzainarengana joaten direnean gotzain trakets batekin topatzen direla, mozkorra ez esatearren. Bi ahizpa ere baditugu, elkarrekin bizi direnak, eta beren arteko xextrak: bat oso erromantikoa da, eta bestea, berriz, marmarti hutsa. Eta, nola ez, Euskal Herriko harri jasotzaileak ere ikusiko ditugu. Sorpresatxo bat daukagu harri handi horrekin.

Kale inkesta ere badago, ezta?

Horixe da azken esketxa. Aktore guztiak azaltzen dira, pertsonaia bat baino gehiago antzezten. Kazetaria galderak egiten ari da kalean, eta elkarrizketatzen duen jendea bat bestea baino okerragoa da.

Hasieran lau aktorek egiten zuten obra, eta orain sei zarete.

Bai, eta adin guztietakoak, gainera. Gazteenak 30 urte inguru ditu, eta helduena erretiroa hartuta dago; oraindik ere antzerkia egiten jarraitzen du, bizia ematen dio eta. Antzerkia ez da soilik oholtza gaineko hori, baizik eta prozesu osoa: lantalde horrekin beste familia bat osatzen duzu. Elkar babestuz eta lagunduz, aurrera ateratzen dugu. Lagun giroan ere bizia ematen du antzerkiak.

Eta publikoaren txaloek ere bai, noski.

Publikoak ere eman egiten du. Haren erreakzioen arabera egokitzen dira oholtzako aktoreak. Herriz herri ibili gara, eta barrua puztu egin digute publikoaren txaloek. 

lotsabako

Esketx kuttuna?
Harri jasotzaileena.

Oholtzan natural egoteko gakoa​​​​?
Ziurtasuna edukitzea, bai pertsonaian, bai testuan. Oinarri horrekin, dena natural irtengo zaizu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA