Zozoen elean (III). Serafin Basauri. Euskaltzalea

«Gure lan-hizkuntza euskara zen Eibarren, baina pikutara joana da hori»

Iragan mendeko 50eko hamarkadan borrokaren lekukoa hartu zion belaunaldi berriak gerra galdutakoari. Diktaduraren karga pisu, itomen eta harrokeriari aitzi egin eta errebelatu ziren, mezuak idatziz, panfletoak zabalduz eta Erregimen zuzengabearen kontrako kontsignaz hormak margotuz. Sabotajeak eginez, eta Espainiako banderak errez. Han zen Serafin Basauri.

ZALDI ERO.
Miel Anjel Elustondo
Donostia
2017ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Etxerat ezin joan ilundu artean,

egoten ohi dira zozoen elean


Jean Martin Hiribarren

«Nik zer kontatu behar diat, bada!», esan zenidan telefonoz deitu zintudalarik.

Egia da, eta memoria ere nahiko eskas dabilkit.

Felix Arrieta zen, edo Felix Arrate Gudari Euzko Gaztediren aldizkari klandestinoan zuzen ez zekiten, 1961eko uztailaren 18an bandera erre zuena?

Felix Arrieta. Hil zen. Felix Arrieta zen, bai.

«Lista de patriotas detenidos» dio, eta zerrenda horretan ageri dira: Manuel Laspiur…

Hil zen, Imanol.

Eustaquio Narbaiza…

Hil zen Eustakio ere.

Jose Antonio Izagirre…

Hil zen.

Zerrendan hurrena: Serafin de Basauri.

Zeinek idatzi zuen hori. Nik inoiz ez dut «de Basauri» ipini.

Francoren matxinadaren 25. urteurrenaren karietara, 1961eko uztailaren 18an, asteartea, «bilkura handiak» hots egin zituen erregimenak. Donostia, esate baterako, bandera espainolez josi zuten. Haren kontra, zenbaitek, Vascongado-aren trenbidea saboteatu zuten Añorgako tunelaren sarreran. Beste batzuek, bandera espainola erre zuten arratsaldeko 15:30ean. Handik hiru ordura, 06:15ean, beste bat ere erre zuten. Ondoren, atxiloketak Donostian eta Eibarren.

Euskal Herrian ez zegoen mugimendurik batere. Dena hila zegoen. Gu kultura aldetik jotzen hasi ginen, geure buruak jantzi nahian. Eibarrera etortzen zen, adibidez, Alfontso Irigoien, eta han biltzen ginen Juanito San Martin, Jabier Zubiaurre hila hura ere, Imanol Laspiur… Kultura zen gure asmoa. Hurrengo pausoa, berriz, Ekin-ekin bat egitea izan zen, konpromiso hartzea, klandestinitatean.

Konpromisoa, zertarako?

Konpromisoa, erlatiboa. Ekin izan zen sorrera. Hark Euzko Gaztedirekin bat egin eta ETA sortu zen, segurtasun arauengatik batez ere. «ETA zarete!», esan ziguten eta guk, «Tira, ETA gara!» besterik ez genuen esan.

1961ean harrapatu zintuzten…

Amarako tren sabotajea eta bandera erreketak eta gero. Felix Arrieta harrapatu zuten eta, gero, sokan, gainerakoak. Felixek bandera erre bat, behintzat, baina ikusi egin zuten [motoz zihoan, eta matrikula hartu zion baten batek], salatu, eta Eibarren, etxean atxilotu zuten. Felixekin, Jose Antonio Izagirre erori zen, eta, sokan, hirugarren bat, eta hark nire izena eman… Niregandik gora ez behera, ez nuen inor ezagutzen, ez nekien ezer, delako segurtasun arauengatik. Trenez etortzen nintzen Donostiara, Xabier Elosegirekin egoten nintzen hemen, baina haren izenik ere ez nekien. Niregandik hara ez zen joan polizia, eta kitto! Baina Imanol Laspiur, Rafa Albisu, Iñaki Larramendi eta beste hainbat lagun jausi ziren.

Dakidanez, Felix Arrieta Eibarko etxean atxilotu zuten uztailaren 19an. Eibarren bertan, Narbaiza, Izagirre, Alejandro Ormaetxea, eta zu zeu atxilotu zintuzteten…

Ni ez ninduten Eibarren harrapatu, hala ere. Panorama ikusi eta ihes egin nuen, Logroñora. Han nintzen emaztearekin, haurdun zela, esperoan. Pentsio batean ginen, poliziak joan eta Donostiara ekarri ninduten, gobernu zibilera. Tratu onik ez zidaten eman, jakina, baina torturarik ez nuen izan. Niregandik ezin zutela ezer atera ikusi zuten. Ez nekien ezer! Tautik ere ez! Baina haria aurkitzen bazuten, orduan bai, egurra! Eman!

Logroñon atxilotua zu, Donostiara ekarria, Carabanchel gero…

Hiru egun gobernu zibilean, gero Martutenera astebete, eta handik kartzelara. Ez dakit zer leporatu ziguten [errebolta militarra], eta sei hilabete eman nituen Carabanchelen. Venezuelako bat ezagutu nuen han, Sabin Barrena. Txomin Letamendiren tarteko egiten zuen. Kirmen Uriberen azkeneko liburuan agertzen da! Niri oso pertsonaia arraroa iruditzen zitzaidan. Gu baino nagusiagoa zen, erdalduna, euskaraz ez zekiena, baina abertzalea. «Ze arraio egiten dik hemen?».

Hogeita lau preso ageri zarete Carabanchelen garai hartan.

Hilak gehienak. Julen Madariaga, Iñaki Larramendi, besteren bat eta ni neu bizirik gaudenok! Carabanchel eta gero epaiketa izan genuen urte bi eta zerbait, bota zidaten zigorra, baina kalean nintzen. Defentsa abokatu izan nuen Enrike Mugica Herzog. Askotan etortzen zen Eibarrera, gure zenbait lagunekin izaten zen, eta gu atxilotu gintuztenean, bere burua eskaini zuen abokatu lanak egiteko. Beste gabe izan genuen abokatu. Baina ze txar! Abokatu txarra! Karrera politiko galanta egina, ordea!

1935ean jaioa, Bizkaitik Eibarrera etorriak zure gurasoak. Apatamonasteriokoa, ama. Axpekoa, aita… Abertzalea bata, sozialista bestea, biak euskaldunak.

Euskaraz hobeto egiten zuten gaztelaniaz baino, Eibarren ohikoa zen moduan! Aita sozialista, eta sozialista arraroa. Moscu irratia aditzen zuen, Pirenaica ez, ez zitzaion-eta gustatzen. Estatistika guztien berri zeukan, dela gariaren produkzioa, dela kintalaren prezioa… Ama euskaltzaleagoa aita baino. Lanera etorri ziren. Aitaren baserrian denendako lanik ez, eta irten egin behar, eta Eibarrera! Orbean lan egin zuen, eta batean eta bestean, UGT inguruko jendeak Alfa sortu zuen arte, kooperatiba modura, diru apur bat jarrita hasieran. Toribio Etxeberria izan zen lehenengo gerentea Alfan!

Ekin-en militatzea etorriko zen gero.

Baina ez dakit nola etorri zen ere! Bergarako Josu Oregirekin harreman dexentea geneukan. Biblioteka ederra zeukan, oso jakintsua zen, eta orientatu ere berak orientatu gintuen kultura aldetik jotzeko, ze orduan ez zegoen ezer. Ezer ere ez. Eibar kanposantua zen, desertua. Josu Oregik eta Juanito San Martinek bultzatuta jo genuen kulturara, eta handik Ekinera. Bestalde, Eibarren astean behin biltzen ginen Imanol Laspiur, Juan San Martin eta hirurok, eta nik haiengandik jaso nuen gehiena. Imanolengandik, adibidez, abertzaletasun izugarri hori.

Kultura zen zuen borroka.

Bai, kultura, nahiz eta politikoki beti egon naizen hor, baina ETAren ekintzak sekula ez zaizkit gustatu, beti izan naiz kritiko, beti. 1968a baino lehen zenbait ekintza egiten zituen ETAk, eta Manzanas hil zutenean ere, ontzat eman genuen gehienok. Oso ekintza bereziak ziren. Carrero Blanco akabatzea bezala. Baina fundamentu gabeko ekintzak etorri zirenean, pertsonak akabatzen hasi zirenean, eta Hipercorrekoa gertatu zenean… «Zer duk hau, ordea?». Zama hori ezin genuen gure gainean eraman! Kontra izan naiz beti. 1977an HBren zerrendaburu izan nintzen Eibarren. Urtebete eskas iraun nuen, nazka-nazka eginda utzi nuen, estrategia guztia goitik diseinatuta etortzen zen-eta: erakundeetan parte hartu, ez hartu… «Zer da hau, ordea? Beti kontsignapean?». Eta utzi egin nuen.

Euskarazko eskolen mugimenduari ekin zenioten 60ko hamarkadan…

Eskueran geneuzkan metodo apurrak hartuta hasi ginen euskarazko eskolak ematen, Deportivo klubean, eta Cultural Arrate-n… Umandiren Gramatica Vasca erabili genuen, adibidez, liburua salduko genuela pentsatuz. Geuk eragindako argitalpena izan zen, geure dirutxoak ipinita, liburu lodikote hura aurrera ateratzeko.

Laster zinen zu euskarazko eskolak ematen.

Bai. Ez naiz akordatzen noiz hasi nintzen, hemezortzi-hogei urte izango nituen. Deportivo klubeko bibliotekan irakasten nuen. Ikasleak, berriz, lau bat pertsona. Emakume talde bat ere osatu zen, Margarita Murgizuren etxean. Maistra izandakoa zen Margarita, gerra denboran haurrekin Belgikan ibilitakoa.

Euskara batuaren auzia nola bizi izan zenuten?

Euskara batu behar zela ez genuen dudarik, hizkuntza bat denendako ulergarri izan zedin. Arantzazukoa baino lehen, bilera egin zen Ermuan, 1968an… 68a, urte gakoa Euskal Herrian: Etxebarrieta hil zuten, Manzanas, errepresio gogorra… Kanpoan, Pragako inbasioa, Frantziako Maiatza… Sekulakoa izan zen urte hori, eta, tartean, euskara batuaren urtea ere izan zen. Idazleen bilkura izan zen Ermuan. Akordatzen naiz Joan Mari Torrealdai han ikusia, frantziskotarra orduan, abitu eta guzti, eta Gabriel Aresti, eta Xabier Kintana. Jende asko! Juanito San Martinek esan zidan: «Etorriko haiz, moderatzaile lanak egitera?». Eta hantxe egon nintzen. Hura ere inportantea izan zen. Laspiurrek ere egin zuen lan bat, oso interesgarria, hatxe gabekoa oraindik, ze ez zen halako berrikuntzaren oso zalea. Gero, onartu zuen, eta kitto. Ondoren etorri zen Arantzazukoa, eta, ostean, beste bilera bat Eibarren, ikaragarria, Euskal Herriko idazle pila etorri zen, eta zin ere egin zuten, euskara batua aurrera aterako zutela eta hau eta hura.

Gabriel Arestiren proposamena, zina.

Bai, bada! Gizon beroa zen Aresti, beroa! Beroa eta sua!

Eten handia eragin zuen hatxeak…

PNVko jendearen partetik hatxearen kontrario asko izan ziren. Juanito Beiztegi-eta! Mexikon zegoen. Akordatzen naiz Alfako nire buru bat hara joan zela lan batzuk tarteko, eta bueltan esan zigula: «Zuengatik jardun du demasa! Ikaragarri, zuen kontra!». Hatxearena bataila izugarria izan zen. Nola liteke gure herria halako txorakeria batengatik halako zarata eta haserrea sortzea! Jende kontserbadoreak ez zuen onartu! Horrelako gauzak igaro egiten dira, ordea, eta gaur egun inork ez du hura auzitan jartzen.

60ko hamarkadaren amaierakoak dira euskarazko gau-eskolak.

Orduantxe hasi zen alfabetatzea, eta Eibarrera ere ekartzen genituen hizlariak: Aita Villasante, Patxi Altuna, Rikardo Arregi… Rikardo Arregiren heriotza kolpe handia izan zen, asko maite genuen, gazteontzako galera handia izan zen. Ez zen euskara bakarrik, haren lider sena baino. Lider hutsa zen, eta pertsona maitagarria. Rikardo galdu genuenean asko galdu genuen. Bai kultura mailan eta bai politikan, lider hutsa zen Rikardo. Pertsona irekia, jatorra. Bere anaia [Joseba Arregi] ez bezalakoa!

Ikastolaren sorreran ere parte hartu zenuen Eibarren…

Etxe partikularrean hasi ziren. Nik orduan umerik ere ez neukan eta ez nintzen askorik arduratzen. Gero sartu nintzen ikastolan. Urte gogorrak izan ziren, 1967an edo. Ikastolako kargua hartu nuenean, berriz, dena nire lepora zetorren. Diruz ere urri ikastolan, eta kuotak kobratzen eta dirua biltzen ibili ginen, nahiko larri. Legeztatzea behar genuen, eta katekesi izenarekin jokatu genuen. Lehen urte haiek pasa eta gero ikastola eraikuntza non jarri izan zen eztabaida.

Ikastolaren kokalekua?

Bai. Kalean ala mendian, non? Puristek mendian nahi zuten, eta irabazi zuten. A zer disparatea! Denborak arrazoi eman digu. Ikastola han dago, mendian gora, geldi-geldi. Jende erdaldunarengandik aparte, erdararekin kontaktu barik nahi zuten, ghetto modura! Esan ez zuten esaten, baina horixe zen haien pentsamendua. Kalean behar zen ikastola, herriko euskararekin kontaktuan. Ordurako, nire kultura ardura guztiak utziak nituen, ezin nuen-eta. Itota nebilen. Bestalde, lanean aurrera egiteko aukera ere bai, eta utzi nituen ikastola eta gainerako zereginak. Ikastola karga zen niretzat, karga.

Kanposantua zen Eibar garai batean. Zer da oraingo egunean?

Gaur askoz hobeto dago. Euskara zabaldu egin da, ikastolaren bidetik batez ere, baina erabilera dugu bekatua. Eibar, orduan, desertua zen kulturalki eta politikoki, baina herri euskalduna zen. Alfan, esate baterako, produkzioan, tailerretan eta bulego teknikoetan ez zen euskara besterik. Gure laneko hizkuntza euskara zen, baina gaur egun ez, pikutara joan da hori! Jendea zahartu egin da, hil, eta lehen berezko zena, indarrez egin behar da, militantziaz. Hala ere, gaur egun neska-mutikoen artean euskaraz aritzea normalagoa da gure sasoian baino.

Esperantza bada, orduan, neska-mutikoek zuen garaian baino normaltasun handiagoz hitz egiten badute euskaraz…

Euskarak lotsa galdu du, hori bai, baina egoerak eraginda gaztelaniara jo ohi da. Eibarren, hasteko, plan bat asmatu dute, euskara sustatzeko: A ke bai! jarri diote izena. Arraioa! Kalanbrea eman zidan izena irakurrita: A ke bai! Nola liteke! Disparatea iruditzen zait izena! Ondoren, asmatu zuten Guinnes errekorra hautsi behar genuela, eta hantxe izan nintzen, A ke bai! izena eta guzti irentsita! Hamar urteko plana, nonbait, euskararen erabilera sustatzeko plana Eibarren… Hala biz! Izenarekin, behintzat, ez dira airoso ibili!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.