Alde batetik bertzera ari da François Maton (Bokale, Lapurdi, 1980) Atabal aretoko zuzendari artistikoa. Miarritzeko areto horren hogeigarren urteurrena ospatzen ari dira, eta sumatzen da arduradunak denbora guti duela. Lasterka badabil ere, bere bulego xumean kafe bat eskaini bitartean mintzatu da. 2012tik, hots, izendatu zutenez geroztik aldatu diren gauzez aritu da. Eta ez dira guti: izan ere, kontzertu gela izateaz gain, Atabalek ekintza kulturalak eta artistentzako egonaldiak ere antolatzen ditu egun.
2012an izendatu zintuzten zuzendari artistiko. Harrezkeroztik nola aldatu da Atabal?
Jarduera kopurua izugarri emendatu da. Egun ez gara bakarrik kontzertuak egiteko gela bat: lurraldeko tresna kultural bat gara. Kontzertuen aldetik, urtean laurogei kontzertu baino gehiago egiten ditugu, eta lehen, berriz, 25 baizik ez ziren. Proiektu artistiko zabala eta orotarikoa dugu: musika eskola ireki genuen, eta egun bostehun ikasle baino gehiago ditu.
Sorkuntza egonaldiak ere egiten dituzue, ezta?
Euskal Hirigune Elkargoaren partaidetzarekin abiatu genituen sorkuntza egonaldiak. Lurraldeko artisten sorkuntza laguntzeko baliatzen dugu partaidetza, eta, batez ere, euskaraz sortzen dutenei laguntza eskaintzeko. Bestalde, ekintza kulturala ere antolatzen dugu Ipar Euskal Herrian barna. Alde batetik, eskolekin lan egiten dugu, proiektu pedagogikoen bitartez. Beste alde batetik, Atabaleko ekintza kulturaletik urrun gelditzen den publikoarentzat ere egiten ditugu proiektuak: presondegikoekin, eguneko ospitalekoekin eta haurren babesteko egiturekin lan egiten dugu, besteak beste. Guretzat biziki garrantzitsua da alde hori, lurraldeko hainbat arlotan eragin nahi baitugu.
Nola egin duzue Atabal erreferente izan dadin?
2012an, egoera zaila zen, eta anitz-anitz lan egin dugu egitura zutik emateko eta ekintzak garatzeko. Ez dugu diru publiko anitz ukan proiektua garatzeko, baina aurrekontuari dagokionez, 600.000 euro genituen lehen, eta orain, berriz, kasik bi milioi. Gainera, zortea dugu, autofinantzaketa %65 baita. Kontuan harturik zenbat jarduera ditugun, dirua biltzen dugu kontzertuetako sartzeei eta ostatuko diruari esker. Hala ere, aurrekontuaren %30 laguntza publikoz osatua da: 650.000 euro inguru. Frantziako Gobernua, Akitania Berria eskualdea, Pirinio Atlantikoetako Departamendua eta Miarritzeko Herriko Etxea dira erakunde laguntzaileak.
«Atabaleko ekintza kulturaletik urrun gelditzen den publikoarentzat ere proiektuak egiten ditugu: presondegikoekin, eguneko ospitalekoekin eta haurren babesteko egiturekin lan egiten dugu, besteak beste»
Ibilbide horretan, euskararen lekua ere handitu da Atabalen.
Aski naturalki egin da prozesua. Proiektua lurraldean ainguratu nahi genuen, eta, beraz, komunikazio elebiduna plantan eman genuen aski fite. Hegoaldeko publikoa ere etortzen denez, beharrezkoa zen ele bitan aritzea. Alderdi pedagogikoari doakionez, biziki garrantzitsua zitzaigun euskarazko sorkuntza laguntzea. Gainera, iruditzen zait Iparraldean euskaraz sortzen diren lanak orotarikoak direla egun. Eta hori sustatzea erabaki genuen.
Ezagun bihurtu zarete egonaldi artistikoak sustatzeagatik.
Bi programa ditugu. Batetik, Iparhots: Musika Bulegoarekin, Azpeitiko Dinamoarekin eta EKErekin batera antolatzen dugu. Gure deialdira presentatzen direnen artean hautatu taldeek egonaldiak egiten dituzte Azpeitian eta Miarritzen. Bestetik, Kafira egitasmoa sortu dugu artistak laguntzeko, Lagunarte konpainiarekin batera. Kasu horretan, Bastidan egiten dituzte egonaldi artistikoak, eta guk soinuaren eta grabaketaren inguruko gauzetan laguntzen ditugu.
Europako diru funtsak ere errezibitzen dituzue proiektuak aitzina eramateko?
Erasmus Plus proiektuan ere sartuak gara; Musika Bulegoak ere parte hartzen du, Europako beste eragile batzuekin batera. Amplify programa plantan emanen dugu haiekin, eta artistak laguntzeko xedea izanen du. Mugaz gaindiko gauza anitz ari dira plantan ematen, eta uste dut Musika Bulegoak, Etxepare Institutuak eta guk antzeko lan egiteko manerak ditugula, eta xede bera.
«Mugaz gaindiko gauza anitz ari dira plantan ematen, eta uste dut Musika Bulegoak, Etxepare Institutuak eta guk antzeko lan egiteko manerak ditugula, eta xede bera»
Beraz, mugaz gaindiko lankidetza errealitate bihurtu da?
COVID-19aren pandemia arte, noizbehinkako proiektu batzuk egiten genituen; Emankor Sarearekin, errate baterako. Baina ez genuen lortu sare egonkor bat ezartzea. Etxepare Institutuarekin eta Musika Bulegoarekin osatzen dugun sarea ikusirik, denek gogoa dugu musika taldeak Euskal Herritik kanpo igortzeko. Bertzeak bertze nola lor dezakegu gure taldeak kanpora igortzea, Islandian eta Belgikan bezala? Zinezko lan bat abian da horren inguruan.
Geroari begira, nola segitu nahi duzue?
Proiektua aitzina eramateko, lekua berritu nahi dugu. Leku handiagoa izan nahiko genuke. Gela handiago bat, eta bertze gela ttipi bat. Hegoaldeko partaideekin lan egitea beharrezkoa izanen da, sare emankor eta egonkorra sortu nahi baitugu. Horren karietara, Europako lankidetza sustatu nahi dugu, Atabalen bitartez eta Hegoaldeko partaideekin batera Euskal Herriari lekua eman nahi baitiogu Europan. Ikusten dugu Malandain balletak ontsa lortzen duela hori. Bikaina litzateke guk ere gure taldeak esportatu ahal izatea.
Baina, heldu den urteei behatuz, diru apaltzeak iragarriak dituzte kultura arloan.
Mementoko apaltzerik handienak ez dira musika ekoizpenari eta zabalpenari lotuak, ekintza kulturalari eta sozioedukatiboari baizik. Geroz eta apaltze handiagoak badira, musika zabalpenean bakarrik aritu beharko dugu. Jarduera ttipitu eta musika hedatzen baizik ez bagara aritzen, industrian sartuko gara, eta ez dugu hori nahi: gure rol publikoa ez da musika industria neurriz kanpo bazkatzea.
LOTSABAKO
Azaroko zure kontzerturik gustukoena Atabalen?
The Inspecteur Cluso, hurbileko jendea baitugu.Zer amestuko zenuke Atabalentzat?
Arraberritze proiektu eder bat nahiko nuke, Euskal Elkargoarekin partaidetzan egina.