Gure Zirkua Iruñerrian izango da lehen aldiz, irailaren 24an

Antsoainen ipiniko dute karpa, eta hamabost emanaldi egingo dituzte.

Gure Zirkua, aurten, Muxikan. ARITZ LOIOLA, FOKU
2021eko irailaren 6a
15:15
Entzun

Lau urte daramatza Gure Zirkuak Euskal Herriko hainbat tokitan haurrei eta helduei irri eginarazten, baina Iruñerrian egoteko aukerarik ez du izan. Orain arte. Irailaren 24an Antsoainen (Nafarroa) jarriko dute Gure Zirkuaren karpa, eta hamabost emanaldi emango dituzte. Sarrerak webgunean eros daitezke.

2019ko urrian izan zen Gure Zirkua azken aldiz Nafarroan. «Eta Nafarroara itzuliz gero, zer hobe egonaldia lurraldearen bihotzean egitea baino, Iruñerrian. Hainbat izan dira azken hilabeteotan Iruñerritik eta Nafarroako beste zenbait eskualdetatik beren burua eskaini duten udalerriak Gure Zirkuari lekua egiteko. Eskaintza horri erantzun beharra zegoen, eta iritsi da unea», nabarmendu dute antolatzaileek.

Apirilean hasi zuen aurtengo bira Gure Zirkuak, Errenterian (Gipuzkoa). Laugarren urtea dute aurten. Bizkaian izan zen ondoren, eta azken emanaldiak Orion (Gipuzkoa) egin dituzte. Jendearen erantzun bikaina ikusita, taldeak aurrera jarraitzea erabaki du.

Hala, hamabost emanaldi antolatu ditu Iruñerrian: irailaren 24an (19:00etan), 25ean (16:30ean eta 19:00etan) eta 26an (12:00etan eta 18:00etan), eta urriaren 1ean (19:00etan), 2an (16:30ean eta 19:00etan), 3an (12:00etan eta 18:00etan), 8an (19:00etan), 9an (16:30ean eta 19:00etan) eta 10ean (12:00etan eta 18:00etan).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.