Zer gertatzen da gazte bati beste herri bateko norbaitek gutun bat idazten dionean? Eta hark erantzuten dionean? Eta gutun horiek astez aste elkar hobeto ezagutzeko, bizipenak elkarri kontatzeko eta literaturarekiko zaletasuna elikatzeko bide bihurtzen direnean? Horixe da, hain zuzen ere, Euskal Herriko hainbat herritako liburutegi, irakurle talde eta hezitzailek bultzatu duten esperientziaren oinarria: gazteek idatzizko komunikazioaren bidez lagun berriak egitea, irakurketa ohiturak sustatzea eta herrien arteko zubiak eraikitzea.
Ehun gazte baino gehiago gutunak trukatzen aritu dira ikasturte osoan zehar. Bihar, lehen aldiz, aurrez aurre elkartuko dira Gaztetxo Irakurzaleen I. Topaketan, Zarautzen (Gipuzkoa). Literaturaren bueltan antolatutako jarduera eta tailerretan parte hartuko dute egun osoz, elkar hobeto ezagutzeko eta urte osoan sortu duten harremana sendotzeko. Ekinaldian hamaika herritako ikasleek hartu dute parte: Zarautz, Oiartzun, Iurreta, Eibar, Elgoibar, Oñati, Berriz, Zestoa, Getaria eta Errenteria herrikoek, hain justu. Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailako ikasleak dira guztiak, 9 eta 12 urte bitartekoak.
Adin horietan harreman afektiboak testu idatzien bidez sortzea ohikoa ez bada ere, esperientzia honek erakutsi du posible dela, eta ederra gainera. Natali Cebrian eta Alaitz Redondo, Iurretako (Bizkaia) 6. mailako bi ikasle, Oiartzungo (Gipuzkoa) ikasleekin aritu dira gutunak trukatzen. «Lehen aldiz idatzi dut gutun bat halako testuinguru batean, eta esperientzia oso polita izan da», azaldu du Cebrianek. Redondok ere oso ondo pasatu du.
«Benetan polita izan da ikustea zer-nolako gauzak bidaltzen zituzten: nortzuk ziren, argazkiak, marrazkiak... Esperientzia zirraragarria izan da haientzat»
AMAIA EGIDAZUAntolatzailea
Amaia Egidazu da topaketaren antolatzaileetako bat. Pozik azaldu da orain arte egindako ibilbidea ikusita: «Bidalitako gutunei esker, haurrek lotura emozionala sortu dute beste herri batzuetako ikasleekin, eta aukera izan dute irakurtzen nahiz idazten gozatzeko. Ez da ohikoa haientzat halako zerbait bizitzea, eta benetan polita izan da ikustea zer-nolako gauzak bidaltzen zituzten: nortzuk ziren, argazkiak, marrazkiak... Esperientzia zirraragarria izan da haientzat».
Biharko topaketaren abiapuntua ez da inprobisatua izan. Egidazuk azaldu duenez, topaketaren atzean urteotan hainbat herritan sortu diren haurrentzako irakurle taldeak daude: «Klubetako gidariok sarean hasi ginen dena prestatzen: esperientziak trukatu, elkarri aholkuak eman...». Eta, pixkanaka, topaketa bat antolatzeko ideia piztu zitzaien.
Peru Magdalena da egitasmoaren beste antolatzaileetako bat. Haren ustez, karten bidezko komunikazioari esker bide berriak ireki dira, eta haurrek benetan gozatu dute esperientziaz: «Irakurle klubetako kideak dira, eta denetarik bidali dute. Guztiek kontatu dute zer irakurri duten, zer sentitu duten, zer bizi izan duten».
Egidazuk berak marraztu du topaketaren kartel ofiziala. Iritzi du kartelak ondo irudikatzen duela ekitaldiaren espiritua: «Komunikazioaren bidez sortutako zubia eta irakurketaren bidez sendotutako adiskidetasuna islatu nahi izan ditut. Kartelaren elementu nagusia etxearen itxura duen gutun azal bat da, eta bertan haur batzuk ageri dira, zigilu bana dutela aurpegi aurrean; animalien irudi bat du zigilu bakoitzak. Horrela, hainbat herritatik datozen gaztetxoak irudikatu nahi izan ditut. Gainera, urdina erabili dut atzeko kolore nagusitzat: itsasoaren kolorea, distantziak gainditzeko sinboloa».
Liburutegien eta eskolen arteko elkarlana aberasgarria izan da, beraz: haur bakoitzari beste herri bateko haur bat egokitu zaio zozketa bidez. «Bikote bakoitzak gutunak trukatu ditu ikasturtean zehar, eta, hainbat hilabetez, beren bizitzaz, irakurketa ohiturez eta egunerokoaz hitz egin dute», azaldu du Egidazuk.
Bihar, aurrez aurre
Prozesuak ilusioa sortu du, eta gaztetxoek gogo biziz itxaroten dute orain lagun berri hori aurrez aurre ezagutzeko unea. «Irrikan gaude bihar guztiok elkartzeko», aipatu du Redondok. Egun osoko egitaraua prestatu dute, tailer eta dinamika ugari antolatuta. «Helburua ez da bakarrik gutunak idatzi dituzten lagunak aurrez aurre ezagutzea, baizik eta irakurketa partekatuaren inguruan harreman berriak sortzea eta esperientziak elkarri kontatzea», aurreratu du Magdalenak.
«Pertsona handiak dira, mimatu, zaindu eta lagundu beharrekoak. Literatura jolasera eramatea da helburua, harremanak sortzea, nahastea. Haur horiek izango dira etorkizuneko irakurleak eta idazleak»
PERU MAGDALENAAntolatzailea
Irakurketarekin lotutako jarduerak izango dira goiz osoan: kontaketa tailerrak, ilustrazio saioak eta idazleekin solasaldi laburrak. Arratsaldean, haurrek haien artean jolasean eta elkar ezagutzen jarraituko dute, giro ludiko eta goxoan. Haurrak, irakurle taldeetako gidariak, liburuzainak eta irakasleak elkarrekin ariko dira egun osoan, azaldu du Egidazuk: «Oro har, hainbat tailer egongo dira, eta gaztetxo bakoitzak liburu bat izango du; tailerretan egindakoa jasoko dute bertan. Txandaka arituko dira tailerretan; amaitzean bazkaldu, eta arratsaldean libreago egongo dira».
Literatura bizipen partekatu bihurtzen denean, haurrek hitzekiko eta besteekiko begirada goxo eta jostalaria garatzen dute. Irakurketa ez da bakarka, isilean eta gelako txoko batean egiten den zerbait, baizik eta besteekin konektatzeko eta mundua ulertzeko tresna indartsu bat. Baina Magdalenak uste du «sorkuntzak emango dienari esker» gozatuko dutela egunaz: «Hauek dira gaztetxo irakurzaleak. Pertsona handiak dira, mimatu, zaindu eta lagundu beharrekoak. Literatura jolasera eramatea da helburua, harremanak sortzea, nahastea. Haur horiek izango dira etorkizuneko irakurleak eta idazleak».
Zarautzen elkartuko diren gazteek ez dute elkar aurrez aurre ezagutu. Lotsatu egingo dira batzuk; irrikaz besarkatuko dute elkar beste batzuek. Cebrianek eta Redondok argi dute lagun berriak egitera doazela: «Gustatuko litzaiguke Oiartzungo lagunekin harremana mantentzea, bertara joan ahal izateko».