«Historikoa izango da. Emakumez osatutako hainbeste musika talderekin inoiz ez da orain arte gisa honetako ezer antolatu», adierazi du Saioa Cabañas Emarockeko kideak. Hain justu, emakume musikariei protagonismoa eman eta erreferenteak sortzeko jaio zen Emarock proiektua duela hiru urte. «Ohartu ginen emakumezko abeslariak bazeudela baina instrumentuak jotzen oso gutxi ikusten zirela oholtza gainean. Hutsune bat zegoen, eta hori betetzen lagundu nahi izan dugu».
11:00etan hasiko da festa gaur. Haurrentzako tailerrak egongo dira, eta rock tailerra ere antolatu dute. «Bateria, gitarra elektrikoa eta baxu bat eramango ditugu, eta nahi duenak probatu ahal izango ditu. 0-99 urte bitartean dituzten emakumeei dago zuzenduta», azaldu du Cabañasek.
Horrez gain, Puski Txurruski eta Mariski pailazoen emanaldia ikusi ahal izango da, eta mikrofono librean edonor oholtza gainera igo ahal izango da barruan daukan artista sena erakustera.
Bazkaldu ondoren emanaldi berezi bat prestatu dute. Miren Narbaiza —Napoka Iria—, Maite Arroitajauregi —Mursego— eta Zaloa Urainek —Kokein—Las Vulpes, Paquita del Barrio edota Emiliana Torriniren bertsioak eskainiko dituzte. «Ez dago aukera askorik hirurak batera ikusteko».
Arratsaldeko kontzertuak herriko plazan eta Mitarte kalean egingo dira. Hainbat estilotako musika taldeak biltzen saiatu dira. «40 minutuko kontzertuak izango dira, eta, gune batean bukatzean, bestean hasiko da, taldeak elkar ez zapaltzeko». Gauean, Bartzelonako The Lizards taldeak eta Humusek joko dute, herriko plazan.
Cabañasek adierazi duenez, Emarock egunean oholtza gainean egongo diren musikarien %75 baino gehiago emakumezkoak izango dira. «Jaialdi askotan emakumezkoak %1 izaten dira».
Gaineratu du proiektua hasi zutenetik bilakaera bat nabaritu dutela, gero eta emakume gehiago baitaude musika taldeetan Euskal Herrian. Lan asko dago egiteko, hala ere, Cabañasen aburuz. Hurrengo erronka esku artean dute: emakume musikariak dauden Euskal Herriko taldeekin datu base bat egin nahi dute.