Inor ez da Lakuntzako (Nafarroa) elizan, baina pulpitutik ari da abadea, predikatzen, edo praktika egiten.
«In celum consdendam, super astra celi exaltabo solium meum, similis ero Altisimo».
Barkatu, don Blas, zeharo atzendua dugu latina. Ez dakit, bada, zer ari zaren…
«Igoko naiz zerura, jasoko dut nire tronua zerutik goienera, izango naiz Jaungoiko bezala». Blasfemia ikaragarria, kristauak! Baina zer? Ez da inor ere Jaungoikoaren alde aterako laster. Nola aingeru gaiztoak blasfemia ikaragarri hori egin zuen?… Aurreratzen da aingeru miragarri bat suzko ezpata zorrotz bat eskuetan duela, aurreratzen da Migel aingeru printzipalmente bat eta, han bertan, alde batetik Migel beste aingeru onekin eta, besterik, Luzifer gaiztoenekin, peleatzen dira —preliabantur Micael et angeli eyus cum dracone—, eta azkenean Migelek bentzitzen du eta Luziferrek, ordu arteraino hain ederra izandu zena eta argitasunez jantzirik egotetik, galtzen du bere edertasuna eta gelditzen da infernuko inkez kozkor bat baino itsusiago, eta zeruko goienetik botatzen dute infernuzko zulo beltz eta ilunetara, eta harekin batean baita ere berarekin altxatu ziren guziak.
Barkatu (bis), don Blas, baina zer erretolika duzu hori? Asteasuko Agirreren sermoien usaina dute zure hitzek.
Mikel goiaingeruaren eguneko hitzalditik ari naiz. Sermoia, zuk bezala esatera.
Barkatu (tris), oraindaino arte inoiz ez dut apaizaren sermoia eteteko abilidaderik izan. Zuk segi zeure kabutan, ni hemen ez banengo bezala.
Hi hemen ez bahengo bezala! A, kirten hori! Eta zer uste duk, eliza bete jende izango diat egunean! Segi dezadan platikan, herritarrak aurrean banitu bezala, eta ni pulpitutik… Eta Migelek orduan oihu egiten du: «Quis ut Deus?». Eta haren bozak zeruko zabaltasunak betetzen ditu. «Nor Jaungoikoa bezala?». Gerrako denboran, jeneralak odola suturik, bere soldadu leialak pelean hasi baino lehen animatzen zituen bezala eta bere indar guziekin «Biba errege!» esatearekin batean, botatzen dira lehoiak bezala etsaiaren kontra, modu berean zeruko aingeruaren jeneral handi honek garrasi egiten zien bere lagunei. «Quis ut Deus?». «Nor Jaungoikoa bezala?». Nor igualatu daiteke zeruan Jaungoikoarekin, handitasunean, ondasunean, edertasunean eta glorian? Nor bera bezain handi? Nor bera bezain ona? Nor bera bezain ederra? «Quis tut Deus?».

Bai, «Nor Jaungoikoa bezala?». Hiru aldiz ere esan duzu, ikasi dizut. Baina zer duzu hitz pila horren asmoa? [Zenbait galdera ekarri ditut, paperean idatziak, erantzungo dizkidan esperantzan].
Ni ari naiz gure erlijioaren eta gure fedearen defentsan. Gu atera behar gara beldurrik gabe gure aurrekoek utzi ziguten herentzia gozoaren defentsan. Eta zein da herentzia gozo hau?
[Don Blasek ez du niri ezer ere esaten uzteko intentziorik. Bereari eutsirik ari da].
Horra hemen hitz gutxitan gure aurrekoek utzi ziguten herentzia ederra eta esan ez daitekeen moduan gu, haien semeak, onratzen gaituena. Horregatik esaten dizuet, euskaldunak, denbora hartako gizon glorioso haien semeak!, baldin haien odolak zuen gorputzeko zainak bustitzen baditu, ez zaiteztela lotsatu euskaldunak izateaz, baizik izan dadila hau zuen urguilurik handiena. Eta haien modura egin gerra zuek ere gure etsaiari, gure fede santu, gure hizkuntza eta kostunbre zaharraren etsaiari, gure artean bizioa eta gaiztakeria sartu zituenari! Zergatik bizioa eta gaiztakeria sartzen badira, a!, orduan gure gurasoek madarikatuko gaituzte, eta Jaungoikoak berak alde eginen du gure ondotik. Badakizue zer egin zuen aita batek bere seme naturalak galdu ondorean. Hau bera egiten du Jaungoikoak bere seme maiteak galdu ondorean: beste batzuk adoptatzen ditu.
«Nor igualatu daiteke zeruan Jaungoikoarekin, handitasunean, ondasunean, edertasunean eta glorian?»
Gustura ari zara, bistan denez.
Gustura? Gutxitan gaur hainbesteko gustuarekin igo naiz pulpitura Jaungoikoaren izena manifestatzeko intentzioarekin, eta egiaz nola nekez aurkitzen diren munduan bi pertsona bata besteari guztiz igual edo berdin —baizik bakoitzak baditu besteak ez dituen gauza asko—, modu berean ez dira herri edo familia guziak berdinak, eta distingitzen dituen gauzetan hizkuntza da dudarik gabe printzipalenetatik bat, eta horregatik zuek eta ni euskaldunak garelako, herri batenak gara, familia bat bakarra, anaiak gara. Eta nor ez da pozten bere anaien artean aurkitzen denean eta, hain hizkuntza garbian, aita eta amarengandik haur ginela ikasi genuen hizkuntza eder honetan hitz egitean? Hau da nirekin gertatzen dena, eta nire bihotza gozotasunez betetzen da zuei nire euskara maitean hitz egitean. Zorionekoak euskaldunak!
Zorionekoak euskaldunak?
Bai, zorionekoak, zergatik Espainiako bandera maitearen itzalean jartzen diren guzien artean, guk guardatu eta kontserbatu ditugun, han urrutian lehendabiziko denboretan gizonak elkarri aditzera emateko egin zituzten hitzak. Eta hitz haiekin famatu gintuzten guzien artean: gure fede santua defenditzeko, beti lehenbizikoa izandu zen herriaren hizkuntza. Elizari eta gure aurreko gurasoei zor diegun hizkuntza, Elizari eta gure aurreko guraso gloriaduei, hain baleroso eta gogorrak estranjeri edo kanpotarren gerra egitean, nola bere independentzia, bere libertateak, fuero eta bakartasuna defenditzean. Bada, Antonio de Nebrija [1444-1522, gaztelaniazko lehen gramatikaren egilea] jakintsuak ederki esan zuen bezala, hizkuntzak inperio edo erreinuari lagun egiten badio, euskara eta euskaldunak munduan izateak ezin eta hobeki erakusten du izandu dela Euskal Herri bat, baina ez nolanahikoa. Ez beste herri baten mendean egoteko jaioa, baizik bere libertate eta fueroekin.
Nebrijak, besteak beste, hizkuntza beti izan dela inperioaren lagun, esan zuen. Gaztelaniari buruz ari zen, jakina.
Erdara, nire adizale maiteak, ez zen formatu erromatarrak Espainiako jabe izan ziren denboran, zergatik hemen seietan ehun urtez erromatarrak izandu baziren jabe, denbora luzeagoz izandu ziren moroak edo beltzak deitzen direnak, hau da, arabiarrak. Hauek Espainian bizitu ziren zortzitan ehun urtez, eta erdara orain den bezala izan beharrean — hau da, latinetik sortua izan beharrean—, izango zen beste modu batera. Izango zen arabiarren antza edo irudi bat. Eta horregatik dudarik ez dago Elizari zor diotela erlijioa, erreinua eta hizkuntza.

Hobeko duzu segi, don Blas. Tokitan gaude! Utzi erdarak, eta lotu euskarari.
Gauza triste eta negargarria, gutxi dira gaurko egunean euskara egiaz maitatzen dutenak. Eta ikusten dut bihotza oinazez urraturik, ahazten ari dela. Sekula inongo beste hizkuntza generorik sartu behar ez zen tierra honetan. Eta hau gertatzen da zergatik ez dakizuen ongi zer daukazuen etxean. Ez dakizue ongi zer den eta zenbat eta zenbat balio duen gure euskara maitagarriak, ezta ere ez duzue konprenitzen zer esan nahi duen hizkuntza hau galtzeak, zergatik hau galtzearekin baita ere galtzen dira hari juntatzen diren gauza batzuk, asko balio dutenak: gure historia izanik hain ederra, gure kostunbre zaharrak izanik hain onak, eta horiek galdurik malizia eta gaiztakeria zabaltzen da, eta hozten da gure fedea, eta erlijioa bera gutxitzen da. Horregatik prezisoa da gure fedea bizirik guardatzeko gure kostunbre zaharrak eta gure hizkuntza guardatzea. Izan gaitezen gure gurasoak izan ziren bezala eta bizi gaitezen haiek bizi ziren bezala. Eta orain adbertentzia bat: festak.
Festak? Eta zein da, beraz, zure adbertentzia? Ez nuke esango desorduan datorrenik, festarik festa gabiltzan garaian. Zaude, Tapia eta Leturia ari dira: «Festarik festa lan egin behar gauero/ Festarik festa hor nabil ni egunero /Gure etsaia benetan dago ero /Zigortzen gaitu inoiz huts eginez gero...»
Festak ez dira jarri han puztu arteraino jateko eta edateko, baizik herriko patronoa behar bezala onratzeko. Ez da gaizki zerbait dibertitzea, baina dibertsioak izan behar dira onak, inozenteak eta honestoak, ez zenbait bezala ibiltzeko: tabernan beranduraino egon ondorean ateratzen dira azkenean zapela galduta, gerriko banda galtzera, karrika guzia asko ez dutela iskin batean etzatera. Nola zoraturik dagoen, uste du herriko etxe guziak bere inguruan bueltaka dabiltzala eta espera dago noiz pasatuko den bere etxea, buruz behera sartzeko. Eta buruz behera sartzen da, baina ez bere etxean, errekaren batean baizik. Dibertsioak izan behar dira honestoak, inozenteak. Eta orain beste adbertentzia bat nire mutilei.
«Ez zaiteztela lotsatu euskaldunak izateaz, baizik izan dadila hau zuen urguilurik handiena»
Beste adbertentzia bat zure mutilei?
Bai, bada! A, zenbat aldiz onratu beharrean ofenditzen da Jaungoikoa, eta hau batez ere gertatzen da halako dantza genero nahasietan.
Axular, frai Bartolome, Pixpi dultzainero zenaren aitaren garaiko Azkoitiko parrokoa eta hau eta hura eta guztiak… dantzaren kontra denok! Ez dago erraz!
Gure aurrekoek ez zuten kanpotik sartu diren dantza nahasirik ezagutu, eta hain inozenteak ziren, haien dantzak ere eskurik elkarri ez ukitzeagatik, ateratzen zituzten painueloak, eta bi puntetatik hartuta ipintzen ziren. Baina gaurko egunean, o!, baldin denbora hartako gizonen batek burua jasoko balu enterraturik dagoen lekutik eta ikusi gaurko dantza madarikatuak, zein laster sartuko litzateke berriz lotsaturik bere sepulkroan. Baina nire mutilek eman duten hitzari faltatzen dute nahi dutelakoz. Badakizue zer den fariseo, hipokrita, gezurti bat. Ez dut uste inork ere hain flore ederrik errezibitu nahiko duenik! Akorda zaitez denbora asko ez duela misionistak dantzarengatik esan zituzten gauzez, eta akorda zaitez oraindik hobeki garai hartan eman zenuen hitzez.

Nik inoiz ez dut ez dantzatzeko hitzik eman!
Oraindik ez da, nik dakidala, misio ondorean festak izandu zituzten herrietan, dantzatu zenbait dantza genero, eta adbertentziarekin espera dut ez zaretela ez gaur eta ez sekula dantzatuko bals deitzen dioten dantza itsusi hartan. Adbertentziok egin dizkizuet zergatik orain bezala festa denboran azken predikatzea egiten izandu nintzenean herri handi batean —herri erdalduna zen—, gelditu nintzen deskontsolaturik hango musika hamabost edo hamasei gizon bere instrumentuekin eta hango dantzak ikusi nituenean! Eta orduan asmoa hartu nuen edozein lekutan edo edozein partetan predikatzera ailegatzen banintzen, adbertentziok egin gabe ez jaisteko pulpitutik. Gaur konplitu dut eta uste dut —uste baino gehiago, seguru nago—, zuek ere konplituko duzuela, eta horrela onratuko duzuela behar bezala zuen patronoa eta, baita ere, berak onratuko zaituzte guzion Jaungoikoaren aurrean egunen batean. Amen.
Amen?
Bai, amen. Edo vale, nahiago baduzu.