Gasteiztar guztien azoka

Lan Ta Lan Gabonetako artisautza azoka egiten ari dira Gasteizko Probintzia plazan. Jende asko ibili da egunotan opariak erosten: jostailuak, arropa, lurrinak, bitxiak, eskulanak...

GASTEIZKO ARTISAU AZOKA
Izaskun Labat, Esmeralda Jimenezi bitxiak erakusten, atzo, Gasteizko gabonetako artisautza azokan. U. E.
unai etxenausia
2023ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Bisitarien joan-etorria etengabea zen atzo goizean Gasteizko Probintzia plazako karpan. Agertoki xelebre bat zen, eta artisautzak bizia hartu zuen bertan. Saltokietako jabeek harrotasunez erakusten zituzten beren sorkuntzak, zurezko jostailu fin zizelkatuetatik hasi eta zerrautsez egindako bitxi pieza dotoreetaraino. Artisauek bisitariei erakusten zizkieten beren grinak, giro atsegina eta benetakoa sortuz.

Betikoak dira saltoki asko, eta berriak beste asko. Gasteiztarrentzat, baina, urteroko klasiko bat bilakatu da Lan Ta Lan gabonetako artisautza azoka. Sartu ahala, bisitariek Gabonetan oparitzeko ehunka aukera zituzten: jostailuak, bitxiak, eskulanak, arropa, lurrinak... Hogei postu baino gehiagotan, bazen non eta zer aukeratu.

Haurrentzako egurrezko jostailuen saltokia dauka Isabel Fernandezek. Bata eta bestea agurtzen ari zen, merkatuko beteranoetako bat izanda bisitari guztiek ezagutzen baitzuten. «30 urte baino gehiago daramatzat hemen. Bereziak dira egurrezko jostailuak, belaunaldiz belaunaldi pasatzen direnak». Egurrezko trenak, animaliak, panpinak... urtero asmatzen du azokan saltzeko jostailu berriren bat; aurtengoa azkena da, ordea: «Erretiroa hartuko dut datorren urtean, baina gustatuko litzaidake norbaitek negozioarekin jarraitzea».

Beteranoak saltzaile berria du parean; Patricia Nagashiro ilustratzailea, duela asko Boliviatik Euskal Herrira iritsia. Probintzia plazan saltokia jartzen duen lehen urtea da, eta, lehen aldietan gertatu ohi den bezala, «urduri» zegoen lehen egunetan: «Lehen aldia da hemen nagoela, eta, egia esan, oso ondo hartu naute. Merkatuaren magia ilustrazioak eta artea maite dituztenengana zabaltzen da, eta pozgarria da hori». Lehen aldia badu ere, Nagashiro konturatu da bisitarien soslaiak askotarikoak direla. Horregatik, mota guztietako bezeroentzat aukera desberdinak jartzea erabaki zuen. «Originalak edo kalitate handiko ilustrazioen kopiak saltzen ditut, nahi duenak nahi duena hartzeko aukera izaten dezan».

Dirudien hori ez denean

Maite Marco artista iruindarraren Lamai apaingarri eta bitxien saltokiak erakartzen zuen jende gehien. Zeramikazkoak ziruditen, eta gehienetan gauzak diruditen hori dira, baina ez beti. Artista ez zegoen, baina Izaskun Labat saltzaile eta artistaren lehengusinak azaldu zuen bitxiek gordetzen zuten sekretua: «Zerrautsez egindakoak dira. Antza dute itxuraz, baina hauek askoz gutxiago pisatzen dute. Forma eman, eta marraztu egiten ditu lehengusinak: akuarelarekin, txinatar pinturekin...». Bakarrak eta bitxiak dira erakusmahaiko guztiak.

Dena miatu eta erosteko asmotan bertaratu ziren bisitarietako asko. Postuz aldatu, eta Lamaira egin zuen jauzi Esmeralda Jimenezek. «Gustatzen zait ikusten dudana», horiek izan ziren bere lehen hitzak. Izan ere, ohiko dendetan aurkitzen ez diren gauzek erakartzen dute Jimenez. Halere, ez da erraza bera konbentzitzea: «Erosi aurretik bi aldiz pentsatzen duten horietakoa naiz. Urtero etortzen naiz, eta gustatzen zait gauza bereziren bat erostea. Horrelako saltokiengatik gustatzen zaizkit Gabonetako azokak».

Jimenezek bezala, merkatuko korridoreetan zebiltzan bezeroek argi zuten helburua: zerbait eramatekotan, bakarra eta berezia izatea. Nagashirok ohartarazi zuen, ordea: «Oso pozik gaude jendea guregana etortzeagatik, baina azkar etorri behar dute. 6an amaitzen da azoka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.