Berantevillan (Araba) ditu denda eta fabrika Valecea su etxeak, eta urte askoan parte hartu du Bilboko Aste Nagusian. Enpresak 150 urte bete ditu, eta, gaur egun, Aitor Valdecantos Martinez de Lezea da burua (Gasteiz, 1975), gurasoen bideari segika. Produktu propioak fabrikatzea eta tonalitatea zaintzea aipatu ditu etxearen bereizgarri gisa, besteak beste.
Mende eta erdi daramazue piroteknian. Nolakoa izan da industriaren bilakaera?
Eboluzioa oso handia izan da teknologikoki: bai ekoizpen makineriari dagokionez eta bai diseinuari dagokionez —gaur egun, guztia ordenagailuz diseinatzen da, eta, garai batean, paperean eta boligrafoz—. Produktuaren aldetik, ordea, ez da ezer ere aurreratu: garai batean erabiltzen ziren produktuak erabiltzen dira egun, salbuespenak salbuespen. Oso famatua da 1860-1890 inguruan idi gorotza antiaglutinatzaile moduan erabiltzen zelako kontua. Orain, noski, ez da erabiltzen. Laktosa eta bestelako produktuak erabiltzen dira.
Nola hasi zinen zu enpresaren gidaritzan?
Gurasoengandik jaso dugu oinordekotzan. Hasieran, anaia eta biok geunden, baina hark enpresa utzi, eta neu bakarrik gelditu nintzen.
Euskal Herriko enpresarik zaharrenetakoa duzue. Zein da irauteko gakoa?
Pasioa, nekaezin aritzea, helburuak ezartzea... Argi izatea nondik zatozen eta nora zoazen; ikustea zure gurasoek, aitona-amonek, birraitona-birramonek eta herenaitona-herenamonek lan egin dutela negozioa zure esku gera zedin; eta negozioari eusteko ardura hori izatea.
Zerk bereizten zaituzte industriako beste enpresetatik?
Kolore sorta zabal eta purua izateak, batez ere. Eta fabrikazioari eusteak. Oso erraza da fabrikatzeari uztea eta produktu inportatuak erabiltzea, edo beste bati erosi eta jaurtitzea.
Zer bilakaera izan du pirotekniak?
Gurean, segurtasunari lotutakoak izan dira aldaketak, nagusiki. Mota honetako enpresetan, eta bereziki gurean, garrantzi handia ematen zaio horri. Urtetik urtera, ikusleak ikasiz doaz gurea ez dela soilik zarata handia egiten duen bonbardaketa ikuskizun izugarri bat. Irakatsi nahi diegu oso polita dela koloreen tonalitatea, ikuskizunaren erritmoa...
Oro har hartuta, nolako harremana duzu Bilboko Aste Nagusiarekin?
Handia. Udalaren aholkulari aritzen gara enpresen eta epaimahaien aukeraketan. Eta Bilbo etxetzat daukat, neurri batean. Beti hartu izan naute oso ondo Bilbon.
Aurten, emanaldia antolatu duzue azken egunerako, txapelketatik kanpo. Zer prestatu duzue?
Itxiera egiten dugu saria ematen den egunean. Ikuskizun koloretsu eta dinamikoa egin nahi dugu, eta azken traka garrantzitsua jaurti.
Zer ematen dio su festak Bilboko Aste Nagusiari?
Su festa da ikuskizunik jendetsuena. 0 eta 100 urte bitarteko jendea joaten da. Ez dago kontzerturik aldi berean. Jendeari gustatzen zaio: dibertigarria izaten da, magikoa.
Zer berezitasun du Bilbok? Zer ezaugarri nabarmentzen da?
Oso abantaila handia du, altueran baikaude, Etxebarria parkean. Eta beraz, ia Bilbo osoan ikus daiteke ikuskizuna. Errekan, Arriagan eta jartzen diren puntu guztietan. Kalkulatzen da gutxi gorabehera 120.000-130.000 inguru egoten direla espresuki suak ikusten; beraz, iruditzen zait ikuskizuna ikustera datorren jendearen kuota handia dela. Baina askoz jende gehiago dago, inguruan jartzen dena, barraketan, mendi hegalean... Horiek guztiak kontuan hartuz gero, izugarria da jende kopurua.
Epaimahaiaren aholkulari zara Bilboko Aste Nagusiko su festen txapelketan.
Epaimahaia batzean, baliteke epaileek zalantzak edo desadostasunak izatea auzi teknikoen inguruan. Beraz, nik esaten dut zer den zuzena eta zer ez. Orduan, edozein zalantza argitzen diet: koloreari buruzkoak, erritmoari buruzkoak, ikuskizunaren antolaketari buruzkoak, egiturari buruzkoak...
Askotan salatzen da material piroteknikoak «kalte» egiten diela txakurrei, autismoa duten herritarrei eta beste zenbaiti.
Hori ez da zuzena. Piroteknia fabrikek mende askoko ibilbidea dute... Pentsa, duela 50 urte, herrietako animaliak oso garrantzitsuak ziren, baita ekonomikoki ere. Imajina ezazu material piroteknikoa jaurti eta behiek esnerik ez ematea, edo oiloek arrautzarik ez jartzea. Ez da halakorik gertatu, eta ez da gertatuko. Gehiago erreparatu beharko genioke desgaitasunen bat —autismoa, adibidez— edo gaixotasunen bat dutenei. Askori gustatzen zaizkie su festak —nik baditut lagun autistak piroteknia gustatzen zaienak—, eta baliteke beste batzuei beldurra ematea, noski. Koherentea izan beharra dago, eta guztientzat lan egin, gustuko duenarentzat, gustuko ez duenarentzat... Nik zaldiak ditut, txakurrak, oiloak, ahuntzak... eta bat ere ez da beldur, batek ere ez du arazorik sortu. Ohitura kontua da. Ezagutzen duzu tiroek beldurtzen duten ehiza zakurrik? Ez. Orain pil-pilean daude halako auziak. Badira beldurtzen diren txakurrak, baina material piroteknikoak ez ditu bereziki izutzen.
Beraz, orain garrantzi handia ematen diezue koloreari eta ikusgarritasunari?
Bai, esan dudan horrengatik. Zaratarena ez da erraza. Baina kontuan hartu behar dira piroteknia gustuko ez dutenak ere. Valecea etxean asko lantzen dugu soinua, suak zaratatsuegiak ez izatea, pertsonek eta animaliek ez dezaten sufritu. Ez dugu modurik isilak izan daitezen; beraz, soinua kontrolatzen saiatzen gara, ez dezagun inor molestatu.
LOTSABAKO
Bilbon suak ikusteko tokirik onena? Arriagako zubia.
Piroteknia mota gogokoena? Italiakoa.
Kolorerik edo efekturik gustukoena? Urdina.