Hiru hamarkada asko dira, baina ez dira nahikoa, beharbada, proiektu baten oinarriak aldatzeko: Bilboko Otxarkoagako Paya konpartsan, behintzat, bere horretan segitu du langile auzoa izatearen harrotasunak, eta beharra eta borroka egiteko prestasunak. Ager Cañas (Bilbo, 2004) eta Itsasne Nuñez (Bilbo, 1989) kideek ziurtatu dute konpartsak baduela erreleboa, baina, halere, kezka agertu dute etorkizunaren inguruan.
Noiztik zaudete Payan?
AGER CAÑAS: Ni, betidanik, oso txikitatik. Nire gurasoen eta lagun baten bitartez sartu nintzen; 6 urte inguru izango nituen.
ITSASNE NUÑEZ: Ni 2012-2013 urteen bueltan sartu nintzen. 22 urte nituen, txanda bat egiteko eskatu ziguten, eta zuzenean sartu ginen konpartsara. Lagunen bitartez sartu nintzen.
Zergatik jarraitu duzue?
NUÑEZ: Konpartsa honek harrapatu egiten zaitu pixka bat. Hainbat belaunalditako jendea gaude, eta hori bada berezia, ohituta gaude-eta beti gure adineko jendearekin parranda egitera; hemen aukera duzu nagusiekin egoteko, txikiekin... Eta Paya konpartsak ondo ordezkatzen du Otxarkoaga guztia, Bilboko periferiako auzo bat, auzokideen bizitzen alde izugarrizko borroka polita egin duena, beste periferiako auzo batzuek bezala. Hori guztia harremanak egiteko daukagun eran islatzen da: nik hemen ez daukat lagun talde bat, familia bat baizik; eta horrela sentitzen dugu guztiok. Sartzea erraza da, baina ihes egitea, zailagoa [barrez].
Konpartsak 30 urte bete ditu aurten, baina 1989an du jatorria, Baionan.
CAÑAS: 1989an, Peña Paya izenarekin sortu zen, gure laguna zen Baionako Patxa taldeagatik. Talde bat sortu zen Otxarkoagan, eta auzoan hainbat ekintza egin zituzten; apur bat geroago, 1995ean, konpartsa bat sortu zuten. Hortik aurrera, gure ibilbidea Bilboko Konpartsen Federaziora lotuta egon da, eta auzoan ere jarraitzen dugu jarduerak antolatzen.
«Ticket Baik eskatzen dituen azpiegiturak garestiak dira, eta jakintza teknikoa behar da... Txosnan txandak egiten dugunak ez gara ostalariak, eta ez dugu zertan jakin zelan fakturatu behar den zerbait»
AGER CAÑAS Paya konpartsako kidea
Taldearen sorreran egondakoek hitz egin dizuete orduko giroaz? Zergatik sortu zuten peña?
NUÑEZ: Peña Paya sortu zuten kideak beteranoak dira orain, baina garai hartan oso gazteak ziren. Mugimendu handia zegoen; batez ere, maila sozialean. Grina handia zegoen gauza berriak egiteko, batez ere auzoetan. Eta hori gogoratuko dugu 30. urteurren honetan: orduko hartan auzoetako borroka asko piztuta zeudela, zela etxebizitzaren alde, zela garraio publikoaren alde; eta oraindik ere badirautela: osasun zerbitzu publiko baten alde mobilizatzen gara, adibidez, baita etxebizitzaren alde ere, oraindik. Borroka eta jaia ikuspuntu euskaltzale batekin uztartzeko zuten beharretik sortu zuten Peña Paya.
Konpartsa zelan heldu da urteurrenera? Nola dago?
CAÑAS: Indartsu dago. Azkenean, urte asko dira, eta belaunaldi askotako jendea gaude, baita gazteak ere.
NUÑEZ: Azken hamar urteetan, hazkunde handia izan dugu kideei dagokienez: Otxarkoagatik kanpo bizi garen hainbat lagunek Paya aukeratu dugu gure erreferentziazko konpartsa moduan, eta belaunaldi gazteenak ere asko inplikatu dira azken urteetan; erreleboa pasatuz joan gara. Oso konpartsa langilea da, langile auzo batean bizitzeak eragina du konpartsan ere, denek ematen dute zerbait. Indibidualismoak hain gogor jotzen duen garai honetan, halako proiektuek harro egoteko arrazoiak ematen dizkigute.
Zuek 30 urte egin dituzue, Zorrotza auzoko Txinbotarrak konpartsak hogei... Auzoen presentzia egonkortuta al dago Aste Nagusian?
CAÑAS: Tira... Kontrakoa esango nuke. Azkenean, dena zentratzen da inguru honetan [Areatzan], eta auzoen presentzia ez da hainbeste ikusten.
NUÑEZ: Galdu egin da. Hasieran, konpartsa gehienak auzoetakoak ziren: Abusuko konpartsa, Kobetas... Bilboko konpartsetan militatzeak exijentzia handia dakar, eta auzo guztiek ezin izan diote eutsi erritmo horri. Oraindik badaude auzoak ordezkatzen dituzten konpartsak, baina ez nahi genukeen beste.
Aurrera begira, uste duzue egoera irauliko dela?
CAÑAS: Zoritxarrez, nik behintzat ez dut uste egoera irauliko denik. Aldatzekotan, okerrera egingo duela uste dut.
NUÑEZ: Auzoetan jada bertoko jaiak antolatu behar ditugu, eta uste dut horrek eragin handia duela. Otxarkoagakoak ekainaren erdian dira, beste auzo batzuetakoak geroago, eta horiek bukatu eta segituan Aste Nagusia antolatzen hasi behar dugu. Eta Bilboko Udalak gero eta zailtasun eta traba gehiago ipintzen ditu Bilboko konpartsek zerbait antolatu nahi dutenean, baina baita auzoetan jaiak edo edozein jarduera egiteko asmoa dagoenean ere, eta higadura handia ekartzen du. Nire ustez, ez da kasuala justu auzoetako konpartsak desagertu izana, batez ere. Egoera iraultzeko, udalak auzoen alboan egon beharko luke, eta gaur-gaurkoz ez dago.
«Otxarkoagara bizitzera etorri diren euskaldun asko konpartsaren bitartez integratu dira auzoan, badakitelako hemen euskaraz mintzatzeko eta bizitzeko aukera dagoela»
ITSASNE NUÑEZ Paya konpartsako kidea
Hala ere, zer garrantzi du Bilboko jaietan egoteak? Otxarkoagari zer ekarpen egiten dio presentzia horrek?
NUÑEZ: Jendea Bilbora jaisten denean, kutsu familiar bat dauka auzoko erreferentziazko txosnara joan ahal izateak. Bilbora zoaz, baina zure auzoko txosnara, eta han bizilagunak ikusten dituzu, eta haiekin egoten zara momentu batez. Hori, batetik. Eta, bestetik, Bilbo auzoetatik eraikitzen da, eta auzoei balio eta ikusgarritasun hori ere eman behar zaie. Polita litzateke Bilboko Aste Nagusian egitarau potente bat egotea Otxarkoagan, jendeak handik mugitu behar ez izateko; baina, erdigunera etortzen direnean, garrantzitsua da beren auzoko txoko txiki bat topa dezatela jai eremuan, sozializatzeari eta programazioaz disfrutatzeari begira. Gero, Areatzan buelta bat emango dute, baina elkartzeko tokia beti izango da txoko ezagun hori.
Euskara da Payaren ildo nagusietako bat. Nola sustatzen duzue?
NUÑEZ: Konpartsak euskarazko hainbat talde sustatu ditu, eta hainbat proiektu dinamizatu: mintzapraktikak, hitzaldiak, kontzertuak... Euskal kultur eskaintza egiten saiatzen gara, eta konpartsa euskaraz hitz egiteko gune bat ere bada; euskarazko komunikazioa lehenesten dugu. Otxarkoagara bizitzera etorri diren euskaldun asko konpartsaren bitartez integratu dira auzoan, badakitelako hemen euskaraz mintzatzeko eta bizitzeko aukera dagoela.
Datorren urtean, Bizkaiko Foru Aldundiak txosnetan ere Ticket Bai ezartzeko asmoa dauka. Prestatzen ari zarete dagoeneko?
CAÑAS: Horren aurka lanean gabiltza, ea salbuetsita geratu gaitezkeen: hainbat bilera egin ditugu, eta Txosnak. Gureak, denonak dinamika abiatu dugu. Egia da nahiko konplikatu ikusten dugula.
Aldundiak atzera egingo duen itxaropena duzue?
CAÑAS: Bai. Ticket Baik eskatzen dituen azpiegiturak garestiak dira, eta jakintza teknikoa behar da... Txosnan txandak egiten dugunak ez gara ostalariak, eta ez dugu zertan jakin zelan fakturatu behar den zerbait; guretzat, traba da.