«Euskal Herriko paisaiaren elementu garrantzitsu bat. Erabilera desberdinak bateratzen dituen bolumen bat. Denboran zehar oso aldakorra izan den eraikin bat, garai bakoitzeko ezaugarriak eta ukituak dituena». Ibon Telleria Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasleari nekeza suertatu zaio baserria zer den hitz gutxitan azaltzea. Izan ere, datatutako baserririk zaharrena 1401. urtean eraiki zuten, eta, geroztik, bilakaera luzea izan du. Giza eboluzioan, Homo sapiens-a heldu bitarte, hamaika espezie egon dira; ba, halaxe, makina bat «baserri espezie» egon dira Euskal Herrian. Dena dela, baserriak aztertzeko, genetikaren ordez dendrokronologia erabili dute, hots, zuraren eraztunak neurtuz zuhaitzaren urteak jakiteko teknika.
Hain zuzen, euskal ondare horren eboluzioa jaso du Euskadiko Arkitektura Institutuak Baserria. Egurra, harria, mitoa, orain erakusketan. Ikusgai dago Donostiako Arkitektura Institutuaren egoitzan, irailaren 14ra arte; Ibon Telleria eta Jon Arkaraz Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko irakasleak ari dira komisario lanetan. Telleriaren arabera, baserriaren garrantzia azpimarratzea da erakusketaren helburua. «Eta hark atzetik dakarren parafernalia eta folklore guztia alde batera uztea. Hemen kontatutako ororen memoria galdu egin da. Gaur egun, baserrietan bizi diren askok ere ez dakite beren etxearen historia».
Erakustetxeko sarreran 152 kiloko harri bat dago. Alboan, enbor zati bat; enborrean, aizkora bat sartuta. Txapel gorri bat dago aizkoraren heldulekuan. Jendeak ondo baino hobeto ezagutzen ditu elementu horiek guztiak. Horregatik guztiagatik, sarrerako hormak zeharkatu eta historian atzera egiteko bidaia bat proposatzen dute erakusketan.
Zura: baserriaren jaiotza
XV. mendearen hasiera. Bada zurezko eraikin handi eta harmoniko bat, barne zein kanpo itxiturak zurezkoak dituena. Palankako dolare bat dauka barnean txertatuta. Bizitoki bat baino gehiago, lantegi handi bat dirudi, eta sagardo usaina dago bertan. Eraikinaren jabeak beste inor ez da bizi han; abelbururen bat ere badago.
Egitura horren zurezko piezek «barra kode bat» daukate. Dendrokronologiaren bidez, ikertzaileek haiek «eskaneatu» eta jakin dute zutik dirauen baserririk zaharrena Olaberriko (Gipuzkoa) Bengoetxe Txiki dela: 1401. urtean eraiki zuten. Hala ere, Telleriak azaldu du datatutako lehenengo baserriek, ordurako, «oso arkitektura garatua» zutela, eta horrek zera pentsarazi diela: aurretik bazeudela beste baserri batzuk. Horrek «paradigma» asko aldatu duela nabarmendu du, orain arteko teorien arabera baserriak XVI. mendeko arkitekturak baitziren: «Ehun urte atzera eraman gaitu neurketa horrek».
Harria: familia baten ohorea
XVI. mendearen bukaera eta XVII.aren hasiera. Otsoak botea du jada txerritxoaren zurezko baserria, eta harriz eraikitakora abiatu da. Zurezko baserri bakar bat egiteko, 323 haritz inguru behar dira; ondorioz, basoak soiltzen hasi dira. Gainera, azkar eta merke eraikitako eraikin horiek erraz hondatzen dituzte haizeak eta euriak. Beraz, baserritarrei prestigio handiagoa ematen die harriz eraikitzeak.
Harrizko baserriak bizileku bihurtu dira, eta dolareek lehengo erabilera galdu dute. Orain, familia bat edo gehiago bizi dira baserrian, eta ekoitzitako dena etxekoek jaten dute. Oraintsu jarri dituzte lehenengo armarriak fatxadetan, eta baserriak familiaren sinbolo bihurtu dira.
Mitoa: beltza zuriz tindatuz
XIX. mendearen bukaera. Industria zabaltzen hasi da. Modernitatea. Makinak. Hiribilduetako harresiak eraitsi dituzte. Baserritarrak hirira joan dira bizitzera. Funtsean, herritarrak beste gauza batzuekin txunditzen hasi dira.
Baserriak husten ari badira ere, haien balioaren jakitun, artera eraman dituzte. Eraikin eredu hori galtzen ari delakoan, «mitifikatu» egin dute, hau da, idealizatu. Horrexegatik, askori ondorengo elementuak datozkie burura: eraikin zuri-zuriak, jendea pilotan, aizkoran, trikitiarekin... Berez, pobreziak, zikintasunak eta langile jendeak osatua da garai jakin horretako koadro errealista.

Orain: etxebizitza krisiaren irtenbidea
Baserriaren istorioak ez du Hiru txerritxoak ipuinaren amaiera bera: ez da harrizko «etxetxoan» amaitzen. Oraingo baserri askotan zurezko zutabeak, teilak edo harrizko hormak plastikoarekin simulatzen dituzte, baita belarra ere. Gainera, Euskal Herrian, landa eremuetako eraikin tradizionalez gain, baserri itxurako jauregi, tren geltoki edo gasolindegiak aurki daitezke. «Hori parodia bat da», adierazi du Telleriak.
Bestalde, arkitektoaren aburuz, bizitokian oinarrituta dago baserriaren etorkizuna. Azaldu du hirian salgai jartzen dituzten etxe guztiak, edozein preziotan eskainita ere, «berehala» saltzen direla. Gainera, gehitu du jendea etxerik ez dagoelako kexatzen dela, nahiz eta hiritik hamabost minutura 6.000 eraikin inguru hutsik egon: «Ezin ditugu galtzen utzi; kudeaketa ereduren bat asmatu behar da».