Hamaika zalantza, 11 ikerlari eta hamabost minutu

Elhuyar fundazioak antolatuta, Gasteizko lau ikastetxetako hainbat ikasle eta 11 ikerlari elkartu dira Izaskun Arrue kulturgunean. Ikerketa gazteengana hurbiltzeko eta haien zalantzak argitzeko baliatu dute topagunea.

Amaia Munarriz hizkuntzalaria, Elhuyarren zientzia azokan, herenegun. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Munarriz hizkuntzalaria, Elhuyarren zientzia azokan, herenegun. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2026ko otsailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru, bi, bat, aurrera. «Kaixo, ni Jon naiz»; «ni, Bera», «eta ni, Ane». «Nik Medikuntza ikasi nahi dut»; «nik, Ingeniaritza»; «nik oraindik ez dakit». Batxilergoko bigarren mailako hiru ikasle eta EHUko ikerlari bat daude aurrez aurre, bizkarrean erloju bat dutela atzerako kontaketan.

Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean hiriko hainbat ikasle eta EHUko hamar ikerlari bildu ditu Elhuyar fundazioak. Bioarabako beste aditu bat ere badago bertan. Hainbat alorretakoak dira: Farmaziako, Ingeniaritzako eta Letren fakultateetakoak, eta azken horien artean hizkuntzalariak eta historialariak. Ikasleak, berriz, Armentia ikastolakoak eta Ekialdea eta Unamuno institutuetakoak dira, DBHko 1. mailatik Batxilergoko 2. mailara artekoak.

Ikasleak heldu baino zertxobait lehenago bildu dira aretoaren albo batean ikerlariak eta antolatzaileak. Bakoitzak bere helburu propioa duela bertaratu da zientzia azokara. Elhuyarreko kide Danel Solabarrietak argi adierazi die: «Ikasleak ikerketara gerturatzea nahi dugu, ikus dezaten ikerketa ez dela urruti dagoen zerbait, eta ez dezatela pentsatu egun osoan bata zuria duzuela soinean». «Hori da, ikus dezatela pertsona arruntak garela», erantzun dio bertaratu den ikerlari batek.

«Ikasleak ikerketara gerturatzea nahi dugu, eta ez dezatela pentsatu egun osoan bata zuria duzuela soinean»

DANEL SOLABARRIETA Elhuyar fundazioko prentsa arduraduna

Ikasleak iritsi dira, eta talde txikietan banatu dira aretoan sakabanatuta dauden aulkietan. Bitartean, Solabarrietak jardueraren argibideak eman dizkie adituei: «Zuetako bakoitza talde batean eseriko da. Eta hamabost minutu izango dituzue haiekin hitz egiteko. Lehenengo bost minutuetan, ikasleek euren burua aurkeztu eta ikastetxean egiten ari diren proiektua azalduko dizuete. Ondorengo bost minutuetan, zeuek zeuen burua eta ikerlanak aurkeztuko dizkiezue. Eta azkenengo bost minutuetan, euren proiektua hobetzeko gomendioak eman ahal izango dizkiezue, edo, zalantzarik baldin badute zuen arloaren inguruan, bada, argitzeko aukera izango duzue». Halako lauzpabost txanda egingo dituztela iragarri die. 

Azken argibideak jaso dituzte ikerlariek. Talde bana eman die antolatzaileak. Aurrera, hasi da lehendabiziko atzerako kontaketa. Ikasleek euren buruak aurkeztu dituzte, eta jarraian, eskolan gauzatzen ari diren proiektuak. Solabarrietak azaldutako gidoiari jarraitu diote. 

Danel Solabarrieta topaketaren antolatzailea, azken argibideak ematen, atzealdean atzerako kontaketa duela hastear.
Danel Solabarrieta topaketaren antolatzailea, azken argibideak ematen, atzealdean atzerako kontaketa hastear duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Gazteen arreta bereganatzeko eta interesa pizteko, ikerlari bakoitzak bere estrategia dauka. Batzuek infografiak ekarri dituzte, euren lanak modu bisualagoan azaltzeko; beste batzuek euren hizkera moldatu dute —Farmazia fakultateko ikerlariak laborategian egiten duen lana Tamagotchi edo Pou izeneko jolasekin alderatu du, ikasleek euren modura irudika dezaten zelulekin egiten duena—, eta beste batzuek haien adinean eduki zituzten zalantzak kontatu dizkiete ikasleei, baten bat identifikatua senti daitekeelakoan.

Lehen hamabost minutuak amaitu dira, eta oihu bat aditu da: «listo! Mahai aldaketa!». Ikerlariek agindua entzun, eta alboko mahaira mugitu dira, aurreko taldearekin zuten solasaldia erabat etenda. Gauza bera lau aldiz egin dute. Eta laugarren txandan, nekea agertuko zen beldurrez, antolatzaileek patata zorro bana eman diete taldeei. Azken txanpa zen, eta ez zen isilunetarako astirik. Eta hasieran pentsa zitekeenaren kontra, saioak iraun duen ordubete pasatxoan ez da isilunerik egon, denek zuten zer galdetu eta zer erantzun, bai ikasleek eta bai ikertzaileek.

Ikerlari bat berandu heldu da, eta, hura iritsi artean, beste bik hartu dute haren lekua. Bigarren txandan hartu du bere lekua, eta beste biak aretoaren erdigunetik irten dira. «Izugarria izan da. Dauzkaten zalantzak adierazi dizkigute, eta erantzuten saiatu gara. Eta, aldi berean, guk aurretik inoiz egin ez ditugun galderak egin dizkigute, eta ideia berriak eman dizkigute gure ikerketetarako», esan diote Solabarrietari, ekitalditik martxa egiten duten bitartean.

«Ikasleek ez zuten espero historiak zientziarekin loturarik izan zezakeenik»

NAROA GARCIA IBAIBARRIAGA Historialaria

Ekitaldiaren amaieran bestelako ondorio batzuk errepikatu dituzte gainontzeko adituek. Naroa Garcia Ibaibarriaga eta Aritza Villaluenga Martinez historialariek, esate baterako, adierazi dute halako egunak dibulgazio lanak egiteko probestu izan ohi dituztela. Eta horren erakusgarri dira motxilan gordeta dauzkaten infografiak. Garcia Ibaibarriaga: «Nik, adibidez, Bizkaian egin berri dugun indusketa bat azaltzeko bertan ateratako irudiak erakutsi dizkiet, eta harrituta geratu dira. Ikasleek ez zuten espero historiak zientziarekin loturarik izan zezakeenik».

Eta, hain zuzen ere, zientzia azoka honen ondorioetako bat horixe da, diziplinen arteko mugak ez direla horren zorrotzak. Ikasketa garaian batxilergoko modalitateek guztiz kontrakoak badirudite ere, errealitatean ez daude elkarrengandik hain urruti. Horixe erakutsi nahi izan die Villaluenga Martinezek: «Adierazi digute biologia dutela gustuko. Gu historialariak gara, baina erakutsi diegu indusketetan biologoekin, fisikariekin eta beste hainbat zientzialarirekin aritzen garela elkarlanean. Gradu bat ikasteak ez zaitu mugatzen».

«Gu historialariak gara, baina erakutsi diegu indusketetan biologoekin, fisikariekin eta beste hainbat zientzialarirekin aritzen garela elkarlanean. Gradu bat ikasteak ez zaitu mugatzen»

ARITZA VILLALUENGA MARTINEZ Historialaria

Aretoaren izkin batean dago saioari so Armentia ikastolatik ikasleekin heldu den irakaslea. Eta hark ere adierazi du sarri saiatzen dela bere ikasleei azaltzen errealitatean mugak uste baino lausoagoak direla: «Ikasleek askotan esaten digute Zientzien bidea hautatu nahi dutela, ezinbestean. Eta nik sarri esan izan diet Gizarte Zientziek zientzia hitza ere zerbaitengatik dutela».

Ekinaldira etorri diren ikasle batzuek gauzak argi zituzten Izaskun Arruera sartu aurretik, eta beste batzuek, ez hain garbi. Atera ostean, ordea, rolak aldatu daitezke. Halako egitasmoek aurretik hain ziur izandakoak zalantzan ipintzen baitituzte askotan. Halere, argi geratu zaie ikerlariek ez daramatela beti bata zuria jantzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.