Hamar saio berri Hala Bedin

Gasteizko irratian hemezortzi programa egingo dituzte euskaraz. Arrosatik ere hartzen dituzte

Hala Bediko esatariek joan den larunbatean aurkeztu zuten aurtengo parrillada. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
urtzi urkizu
2021eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Gasteizko Hala Bedi irrati libreak barne ekoizpeneko 48 saio egingo ditu denboraldi honetan. Askotariko berrikuntzak izango dituzte, hamar saio berri egingo baitituzte: euskaraz batzuk, gaztelaniaz besteak. Izan ere, Hala Bedi Bat elebiduna da, eta Hala Bedi Bik euskara hutsean emititzen du.

Bi magazin indartsu egiten ditu Hala Bedik: Suelta la olla eta Hizpidea. Gasteizen bertan ere egiten dute Zebrabidea, Arrosa sareak ekoitzitako magazina. Eta Arrosatik beste hamar saio hartuko dituzte programazioak osatzeko.

Joan den larunbatean aurkeztu zuen irrati libreak denboraldi berria. Berrikuntzen artean, Bizikleta estatikoa euskarazko irratsaioa dago: igande gauetan, giro informalean, bi lagun beraien bizitzan agertzen diren gai existentzialei buruz jardungo dira. «Gure eztabaidak zure bizitzan noizbait agertu badira, zatoz gurekin birra batzuk hartzera», iragarri dute esatariek.

Ikasleek ikasleentzat sortutako tarte bat ere sortu dute: Berbetan. Gizarte gaiak, kultura eta historia landuko dituzte, eta gazteen kezkak lantzeko asmoa dute.

Umorerako tarterik ez da falta Hala Bedin. Katu ta xepia irratsaio berriak, esate baterako, umore show absurdoa eskainiko die entzuleei.

Herriaren hitza emankizunean, berriz, «ahotsik gabekoei ahotsa» eman nahi diete. Hedabide handien albistegietan agertzen ez diren herritarrek beren tartea izango dute bertan. Hiriko eszenako artistek, gazteek, erretiratuek eta langabetuek mikro aurrean hitz egiteko modua izango dute.

Bestelako eskaintza izango da Asuntos interiores. Elkarrizketa informal eta pertsonaletan, Hala Bediko programak egiten dituztenak agertuko dira astero. Esatariak «sakonean» ezagutu ahalko dira programa horren bidez.

Mundu berria saioan, berriz, askotariko egitasmoei egingo diete lekua. «Mundu berri bat» eraikitzeko ahaleginean ari diren kultur eta gizarte egitasmoetako partaideak elkarrizketatuko dituzte. Zientzia, magia, artea... denetarik izango dute irratsaioan.

Hainbat musika estilotako saioak entzun daitezke Gasteizko irrati librean. Aurten, trap estiloari buruzko programa bat ere egongo da: Autotune o barbarie. Trapa egiten duten artistekin hitz egingo dute, baita zaleak diren zenbait kolektibotako kideekin ere.

Sama kolektiboak zinemari buruzko irratsaio berri bat egingo du: Lo que el viento se llevo.

Ezustekoak ez dira faltako Hemeretzi ertz saioan. «Entzumenaren mugetan» egongo direla iragarri dute.

Café ex-preso saioan, «berriz, harresiak uhinka zulatzen» ahaleginduko dira.

Hala Bediren bi irratietako saioen artean, ohiko hiru magazinez gain, hamazazpi izango dira euskaraz; 28 gaztelaniaz, eta galegoz ere bada saio bat.

Hala Bedi FM bidez entzun daiteke Gasteizen, Lautadan (Araba) eta Arabako Errioxan. Baita mundu osoan Internet bidez ere, Halabedi.eus webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.