Hiriaren kanpoaldean, baina espazio handiagokoa, eta zaharra eraberritzeak zekarren gastuaren aldean, merkea. Ezaugarri horiek zituen aldeko Saint Ouen herriko eraikinak, eta horregatik aldatu zuten hiriaren erdigunetik kanpoaldera Parisko Eskual Etxea. 2003an egin zuten aldaketa, eta hamargarren urtebetetzea ospakizun bihurtuko dute bihartik aurrera egingo dituzten ekitaldietan.
1955ean sortu zuten Parisera lanera joandako laborariek Parisko Eskual Etxea. Maitane Larronde Eskual Etxeko kidearen arabera, oraingoak ez du zaharrarekiko bekaizkeriarik, kokapenagatik ez bederen. Paris iparraldean dago Saint Ouen, hiriaren kanpoan, baina hiritik oso gertu. Eskual Etxearen ondoan dago gainera, Garibaldi geltokia, eta haraino iristen den metroaren 13. ibilbideari esker, berehalakoan dago bisitaria atarian.
Euskal etxeetan eskaintzen dituzten antzeko zerbitzuek eskaintzen ditu Pariskoak ere. Jatetxea eta taberna ditu, zeinak leporaino betetzen diren errugbi partidetan, Larronderen esanetan. «Miarritzek edo Baionak jokatzen duten aldiro, errugbi gauak egiten ditugu, eta bete egiten da; afariak emateko probesten dugu». 300 lagun inguru bertaratzen direla gaineratu du. Mus txapelketak ere antolatzen dituzte noizean behin.
Lotarako aukera ere badago, barnetegi bat baitaukate. Parisera ikastera edota lanera etorritako euskaldunek hartzen dute ostatu bertan, garai bateko laborariek egin zuten moduan. Momentu honetan 30 lagun bizi dira Eskual Etxean.
Sustraiak eta Erroak, Anaiki, Gazteria, Gernika, Lokarria eta Peer elkarteko partaideak dira eraikinari egunero-egunero bizitasuna emateaz arduratzen direnak. Bakoitzak bere egitasmo eta ekitaldiak aurrera eramateko lekua du, baita entseatzekoa ere, elkarte gehienak dantzari eta abesbatzari lotutakoak baitira. Larronde bera Gazteria elkarteko kide da, eta euskal dantzak entseatu ez ezik, hainbat ikastaro ere antolatzen dituztela azaldu du. Ikastaro gehiago, baina euskara eta euskal kulturaren ingurukoak antolatzen ditu Sustraiak eta Erroak elkarteak. Udan eta neguan ematen dituztela argitu du.
Elkarte bakoitzak, dena den, ez du dena euskal etxean egiten, Frantzian hainbat kontzertu eskaintzen dituzte Anaiki eta Gernika abesbatzek. Euskal Herrira ere sarri bidaiatzen dutela nabarmendu du. «Gazteri-rekin Etxalarrera joan izan naiz, eta abesbatzek ere egin izan dituzte hainbat bidaia».
Senperen ez ezik, Parisen ere egiten dute Herri Urrats. Egun osoko egitarauan, dantza eta kantu emanaldiez gain, hainbat joko egiten dituzte, euskara eta euskal kulturaren ingurukoak guztiak. Bertan bildutako dirua gero Seaskari ematen diotela jakinarazi du Larrondek. Aurten Eskual Etxean bertan egin dute jaialdia, baina Parisko beste toki batzuetan ere egin izan dute.
Sorterriko jaiak, festa-egun
Euskal Herriko egun seinalatu gehiago ere baliatzen dituzte zenbait ekitaldi antolatzeko. San Sebastian egunaren harira, bazkaria egiten dute urtero, eta sagardotegi garaian Sagardo Gauak antolatzen dituztela azaldu du Larrondek. Pastoralak ikusteko leku ere bada Eskual Etxea. «Pantaila erraldoi bat ipintzen dugu egun horietan Parisko euskaldun guztiok elkarrekin ikusteko».
Ekitaldi guztietarako sarreralibrea da, hau da, edonor bertaratu daiteke. Hala ere, Larrondek azaldu du bisitari gehienak euskaldunekin nolabaiteko lotura dutenak izaten direla. «Arbasoak euskaldunak dituztenak edo euskaldunen lagunak inguratzen dira errazen Eskual Etxera». Gauza bera gertatzen da urte osoan antolatzen diren ekitaldietan. Frantzia hego-mendebaldeko jendeak badu Eskual Etxea bisitatzeko joera, Larronderen arabera. «Guztiak, hori bai, Euskal Herriarekin nolabaiteko lotura izaten duten bisitariak izaten dira».
Bi asteburutako ospakizunak
Gartxot filmaren proiekzioarekin ekingo diete urtemugaren ospakizunei. Bihar izango da haren emanaldia, 20:00etan. Etzi Saint Ouen bizi diren hainbat jatorritako jendearekin gastronomia eta musika partekatuko dituzte, 14:00etan. Iluntzean, berriz, nazioarteko janaria izango dute afaritarako. Ekintza horrekin herritarrekin harremanak egin nahi dituztela nabarmendu du Larrondek. Igandean, berriz, euskal dantzen emanaldiarekin batera afalduko dute.
Hilaren 22an, Gazta zati bat dokumentalaren emanaldia egingo dute, 19:00etan; eta ondoren, bertso afaria egingo dute Miren Amuriza eta Xan Alkhat bertsolariekin. Hilaren 23an, berriz, Etorkizuna dantza emanaldia egingo dute, 21:00etan.
Hamar urte Eskual Etxe berriak
Hamar urte bete ditu Parisko Eskual Etxeak hiriaren erdigunetik kanpo, haren iparraldean dagoen Saint Ouen herrian. Urtemuga hori ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen bi asteetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu