Hamar urte eta hamaika trixerta

Trixerten txanda berri bat dator; hamargarrena eta azkena. BERRIAko albiste bat abiapuntu hartuta, hamar kamiseta sortuko dituzte bost ilustratzailek: ostegunero bat. Urteotan ehun trixerta egin dituzte euskal sortzaileek.

BERRIAk azken hamar urtetan egin dituen trixerten bilduma. BERRIAKO DISEINU TALDEA
BERRIAk azken hamar urtetan egin dituen trixerten bilduma. BERRIAKO DISEINU TALDEA
Kristina Berasain Tristan.
2024ko apirilaren 16a
05:00
Entzun

Azken hamar urteotako gertaerarik esanguratsuenen hemeroteka grafikoa da trixertena. Ideia zoro samar bat izan zena egitasmo eder bezain sendoa bilakatu da. Udaberri guztietan bezala, ostegunean, trixerten beste txanda bat abiatuko da, baina hau azkenekoa izango da, hasten diren gauza guztiak amaitu egiten baitira. Hamargarren aldia, dena den, berezia izango da. Oraingoan bost izango dira astero-astero albiste bat oinarri hartuta elastikoak egingo dituzten ilustratzaileak: Malen Amenabar, Asisko Urmeneta, Idoia Beratarbitarte, Edurne Kortabarria eta Jon Paterne. Ostegunean bertan egongo da eskura lehen trixerta. Hamar astez txandakatuz joango dira bost ilustratzaileak, ekainaren 20ra arte. Orduan, hamargarren urtemuga ospatzeko, sorpresa bat izango da. 

Ainara Lasa BERRIAko marketin saileko arduraduna ziklo baten amaieraz mintzatu da: «Egia esan, atzera begiratu eta sortu diren kamiseta guztiei erreparatzen badiegu, ederra izan da, baina egitasmoari amaiera emateko unea ere iritsi da. Horrek ez du esan nahi momentu puntualetan, albiste edo efemeride jakin baten bueltan trixerta gehiago egingo ez ditugunik». 

Trixerten egitasmoak aukera eman du albisteak soinean eramateko. Eguneroko albisteetatik tiraka, mosaiko grafiko bat eratu da, jada imajinarioaren parte diren hamaika elastiko sortu baitira urteotan. Zehatz-mehatz, 102 trixerta egin dira, eta, horretarako, 33 artistarengana jo dute sustatzaileek. Elkarlan oparoa ekarri du horrek. Lasaren hitzetan, sare sendo bat sortu da egitasmoari esker: «BERRIAk berezkoa du euskal kulturarekiko eta sorkuntzarekiko sentsibilitatea, eta, egitasmo honi esker, sendotu egin da elkarlana. Bide bat urratu dugula esan liteke. Orain, erredakzioan, albisteak ilustratzeko garaian, argazkietatik harago beste diziplina batzuei tokia egiten zaie. Iritzi artikuluak, esaterako, maiz laguntzen dira ilustratzaile baten obrarekin».

«Proiektu honi esker, lekua eman diegu sortzaileei, plaza berri bat eskainiz, eta ikusgarritasuna emanez».

AINARA LASA BERRIAko marketin saileko arduraduna

Lasak sorreraren kontakizun laburra egin du. Berez, Koldo Aiestaran sortzailearena izan zen ideia. «Lesakako [Nafarroa] Oninart enpresarekin harremana zuen artistak, eta bertako kide bati bota zion interesgarria litzatekeela egunkariren batekin albisteak kamisetetara eramatea». Imanol L. Perotxena zen kide hori. Perotxenak ere ondo gogoan du une hori: «Donostiako taberna batean elkartu ginen. Unai Iturriagarekin harremana dut eta beste sortzaile batekin kontrastatu nahi genuen ideia. BERRIAtik Joan Mari Larrarte eta Ainara Lasa etorri ziren bilerara, eta aurrera salto egitea erabaki genuen». Iturriagak berak asmatu zuen hitz jolasa. Trixertak hiru erpin ditu, eta euskaraz kamisetari, elastikoari, tixerta ere deitzen zaio. Iturriagak izenarekin bete-betean asmatu zuela uste du Perotxenak: «Sormena, ekoizpena eta hedapena. Hiru hankako proiektua zen. BERRIAk albisteentzako beste euskarri bat aurkitu zuen. Egunkaria arduratuko zen asteko albistea aukeratzeaz eta elastikoa zabaltzeaz eta saltzeaz, sortzaileak horiek marrazteaz, eta gu diseinuak kamisetetan inprimatzeaz».

Estanpazioak egiteko makina

Lana azkar egitea zen erronka. Oninartek inpresio zuzeneko estanpazioak egiteko makina bat erosi zuen. Paradigma berri bat ekarri zuen horrek. BERRIAko erredakzioko editore taldeak astelehenean erabakiko zuen zein izango zen aste horretako edukia. Sortzaileek bi egun baino ez zituzten izango diseinua egiteko, eta, ostegunerako, trixertak prest egon behar zuen. Eskariaren araberakoa izango zen salmenta. 

Zaldieroa-rena izan zen lehen trixerta. Euskal Herriko eguraldiari erreparatu zion artista nafarrak, eta kamiseta hori-horian hodei bat marraztu zuen. Barruan, esaldi bat: «Euria, aste honetan bitan besterik ez, lehena hiru egunetan, eta bigarrena lau egunez». Ihintza Zubiarrain BERRIAko marketin saileko teknikariaren hitzetan, urteotan sortutako trixertetako asko eta asko gaur-gaurkoak dira oraindik: «Palestinari eskainitako elastiko bat sortu genuen, eta hor dugu orain genozidioa. Azterketak Euskaraz egitasmoari ere keinu egiten zion kamiseta batek». Lasaren iritziz, zoritxarrez, albiste batzuk aktualitate dira oraindik. Emakumeen zapalkuntza hartu du hizpide. Nire ahizpa defendatuko dut leloa duen trixerta gogoratu du Lasak.

«Palestinari eskainitako elastiko bat sortu zen, eta, hor dugu orain genozidioa. Azterketak Euskaraz-i ere keinu bat egin genion. Gaur-gaurko gaiak dira».

IHINTZA ZUBIARRAIN BERRIAko marketin teknikaria

Udaberriroko zita erreferente bilakatu da, baina izan dira ohiko garaitik kanpo sortutako trixerta bereziak ere. Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak eragin zuen zirrarak trixerta bat eskatzen zuen. Sorioneku hitzarekin eta eskuarekin berarekin elastikoak sortu ziren. Lasak azaldu du di-da batean egin zirela. «Behin mekanismoa sortuta, prozedura oso azkarra eta arina da». BERRIAren hogeigarren urtemugak ere elastiko sorta berezi bat ekarri zuen; Aldi hau kontatzeko leloarekin lau aldaera egin zituzten orduan. Lau trixerta berezi, lau ilustratzaileren eskutik. Sanferminetarako ere sortu zuten salbuespenezko trixerta. Eta Bizkarsoro-rena izan da azkena. «Euskarak bizi izan duen eta bizi duen zapalkuntzari arreta jartzeko modua zen. BERRIA filmaren laguntzailea ere bada, eta horregatik egin genuen elastiko berezi bat».

Hamar urte hauek, beraz, oso emankorrak izan dira. Kolore ezberdinetako milaka kamiseta saldu dira, eta, bide batez, makina bat euskal sortzaileren lanak ezagutarazi dituzte. «Kulturgintzako eta euskalgintzako eragileekin harreman berezia daukagu, eta euskal kultura zabaltzea ere bada gure eginkizuna. Proiektu honi esker, lekua eman diegu sortzaileei, beste plaza bat eskainiz eta ikusgaitasuna emanez». Lasak azaldu du aitorpen bat egiteko modua ere izan dela, eta, sortzaileak aukeratzeko garaian, estilo ezberdinetako artistengana jo badute ere, beti izan dute aintzat genero ikuspuntua eta lurraldetasuna, egunkariak berak bere ildo editorialean egiten duen bide beretik. 

Iruñeko Katakraken egin zuten erakusketa ere ezin da ahaztu. 2019an, ordura arte sortutako trixerten erakusketa egin zuten liburu denda hartan. Azken ekinaldia ere berezia izango da, eta amaierak egitasmo berriei atea zabaltzeko aukera emango du. Marketin sailekoek gauza berrietara bideratu nahi dituzte indarrak, ideia berriak garatzera. Oraingoz, apirilaren 18tik ekainaren 20ra sortuko dituzten hamar trixertak eskura izango dira aurki. BERRIA dendan izango dira, 22,95 euroan BERRIAlagunentzat eta 24,95 euroan gainerakoentzat.

TRIXERTETAKO ARTISTAK

Zaldieroa 

Savanna 

Oninart 

Zugazart 

Eider Eibar 

Malmö 

Olariaga 

Ainara Azpiazu 

Maite Mutuberria 

Exprai 

Maite Caballero 

Txakur Gorria 

Joseba Attard 

Pergoi 

Fortun 

Lubaki 

Leire Urbeltz 

Ane Pikaza 

Alaia Gaztelumendi 

Joseba Larretxe-Josebinsky 

Jone Bengoa 

Unai Gaztelumendi 

Iñaki Landa 

Ane Arzelus 

Oier Zuñiga 

Inge Borg 

Exprai 

Joseba Attard 

Asisko Urmeneta 

Edurne Kortabarria 

Jon Paterne (Ez kexa) 

Malen Amenabar 

Idoia Beratarbide

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.