Irati Erauskin eduki sortzaileak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996) 30 urte bete berri ditu, eta gogotik ospatu du urtebetetzea. Taberna bat hartu zuen beretzat eta bere lagunentzat; denak gays and girls (gayak eta neskak), nabarmendu duenez. Derrigorra zen 2000ko urteetako janzkera, eta musika, noski, haren esku egon zen.
Zer duzu azkenaldian Metrikaren Toto de loca abestiarekin?
Ai! [barrez] Ni obsesiboa naiz denarekin! 4 urte nituela 2000ko urteetako modarekin obsesionatu nintzen, eta begira nola jarraitzen dugun... Toto de loca-rekin, gauza bera: entzun nuen, gustatu zitzaidan... Asko gustatzen zait. Era berean, Kupela taldea ere asko gustatzen zait. Bi musika mota horiek ondo islatzen dituzte nire izaeraren bi alde.
Beraz, Hannah Montanak bezala, bi munduetako onena biltzen al du zure edukiak?
Hannah Montana naiz, bai! Ile ilunekoa. Tira, hobeto esanda: Hannah Montanak eta La Zowik ume bat izango balute, horixe izango nintzateke ni.
Psikologoa zara ofizioz, baina Twitter bidezko antropologia lan batek egin zintuen ezagun.
Nik hau esan behar dut: Twitterretik ezagutzen banauzu, ja ez zara hain gaztea. Beti izan naiz oso bisuala, eta informazioa geratu egiten zait buruan. Zer estetika duen pertsona batek, zer jarrera duen... Oso azkar ikusten dut, eta umore pixka bat egin nuen horrekin: Euskal Herriko denetariko estiloen sailkapen bat egin nuen.
Berriki eguneratu duzu, gainera. Zertan aldatu dira tribu urbanoak?
Batzuk ez dira aldatu, baina gehien aldatu direnak jurrutxintxuak dira. Hauek dira: Zuriñe Hidalgo 2015ean, Pello Reparaz 2015ean. Hau da: Vendettaren kamiseta bat, Ternua markako galtzak, metalezko edo koko formako belarritakoak, rasta pare bat... Orain desberdinak dira: Ze Esatek entzutetik Hofe eta Merina Gris entzutera pasatu dira. Musikan aldaketa dago, eta estetikan ere bai.
Orain modernoak dira?
Modernizatu dira, baina jurru esentzia hor dute. Ez dira Bartzelonako modernoak bezalakoak, adibidez. Modernoak nahi dute izan, baina jurruak dira, aldi berean.
Salomon zapaten kolorea aldatu dute?
Bai! Orain Salomonak askoz modernoagoak dira. Kris Jennerrek egin duena... Mutiletan, esango nuke gehien aldatu direnak jurrutxintxuak izan direla. Nesketan, Azpeitiko euskaldun pijak —Maritxu Kajoi energia dutenak— antzeko janzten dira, baina ezkondu dira, umeak izan dituzte... Orduan, gauza batzuk eraldatu dituzte, baina kolore beixak hor segitzen du.
Eta zertan aldatu dira sare sozialak zu hasi zinenetik?
Niri nagia ematen zidan Tiktok sortzeak: oso azkarra iruditzen zitzaidan. Orain bisualagoa da. Lehen, Twitter iritzia ematea zen, eta orain irudia nagusitzen da.
Twitter uztea erabaki bat izan da?
Oso eskuinera hasi da joaten, eta hori ja ez da nire giroa. Saiatu naiz esentzia hori Instagramera eta Tiktokera pasatzen.
Edukia euskaraz sortzea ere erabaki bat izan da?
Nik euskaraz sortzen dut nire ama hizkuntza delako, eta iruditzen zait edukia euskaraz sortu beharra dagoela. Denetik egin behar da, baina euskaraz: izan daiteke eduki serioa, eta izan daiteke tiktoker bat Zetak-en abesti bat txakurtzen.
«4 urte nituela 2000ko urteetako modarekin obsesionatu nintzen, eta begira nola jarraitzen dugun...»
Iraun egin duzu. Zein da gakoa?
Ba, uste dut nire izaeragatik iraun dudala: nire publikoa gays and girls direlako, denetarik egiten dudalako, aktibismoa ere bai... Ez daukat filtrorik.
Nola egokitzen zara, adibidez, irratira?
Gaztean izugarri gozatzen dut: hara joatea opari bat da. Euskadi Irratian ere oso giro ona jarri didate, eta super gustura joaten naiz. Baina esan behar dut: nik Padirekin [Alex Padillarekin] programa bat eduki nahi dut. Hori da nire ametsa: gu biok Aquí hay tomate moduko bat egiten euskaraz, txutxu-mutxuak Euskal Herrira ekartzen.
Euskal Herriak behar du prentsa arrosa?
Jendeak ez daki zer botere duen prentsa arrosak. Horretan pentsatzen dugunean, oihuka ari den jendea datorkigu burura. Guk, baina, beste ideologia bat dugu: gure prentsa arrosa ez litzateke izango esatea zer eder dagoen erregina. Gureak aukera emango luke kritikatzeko, txutxu-mutxuetarako, fribolizatzeko, baina, aldi berean, zenbait jarrera zalantzan jartzeko. Prentsa arrosak badu jendea hezteko gaitasuna, nire ustez.
Zuk zeuk maiz salatu izan dituzu matxismoa, lodifobia, kapazitismoa...
Bai. Gauza bat da ni ondo pasatzearen alde egotea, baina horrek ez du esan nahi nik ez ditudala jarrera desegokiak salatuko.
Eta, Irati, zer duzu esateko beren bizitzako gailurra institutua izan duten horiez?
Zure momenturik onena DBHko hirugarren maila izan bada... Ezin da nortasun gutxiago eduki! Askotan, norbait ezagutzen dudanean, badakit baztertua izan den edo ez. Autentikoa baldin bada, badakit segur aski eskolan ez duela ondo pasa. Nire kuadrillako denak marjinatu batzuk ginen, eta harro nago! Beraz, izan autentikoa, eta izan zu zeu! Badakit 14 urterekin oso gaizki pasatuko duzula, baina merezi du.
lotsabako
Goenkale edo Pasión de gavilanes?
Ama edo aita? Aukeran, Goenkale: euskarazko telenobela bat da.Paquita la del Barrio edo Kupela?
Paquita. Emakume oso ahaldundua zen.El Rocio edo Aristerrazu?
Mesedez! Ni euskal folklorikoa naiz. El Rocio ez da nire kultura.