Duela sei hilabete Jordi Plak Pukasek Bartzelonan duen surf eskolan izena eman zuenean hasi zen dena. Aulki gurpildunean geratu zen duela bederatzi urte, istripu baten ondorioz. Gustuko zuen surfean aritzea, eta istripua baino lehen ibilia zen, baina ez gehiegi.
Ordutik, baina, ez zen berriro surfeko taula batera igo; ez, ordea, gogo faltagatik. Hondarra eta itsasoko ura sentitzea, horrexen falta sumatzen zuen. Bartzelonako eskolarekin izan zuen lehenengo kontaktua surfarekin, eta olatuak hartu nahi zituen, baina Bartzelonako hondartza bareetan, nekez egin zezakeen. Gauzak horrela, Zarauzko surf eskolarekin (Gipuzkoa) jarri zen harremanetan Bartzelonakoaren arduraduna, eta dena mobilizatu zuten Pla Euskal Herrira etorri eta surfean aritzeko.
Taula egokitua ekarri, eta gustura ibili zen Pla olatu gainean: «Oso esperientzia ona izan zen. Esango nuke bizitzan inoiz izan dudan onena izan zela». Ez zen gutxiagorako: Aritz Aranburu, Hodei Collazo eta Adur Letamendia izan ziren Plari uretan mugitzen laguntzen ibili zirenetako batzuk, eta «motibazio gehigarria» zen hori harentzat.
Zarautzera itzultzeko asmoa du Plak; «behin baino gehiagotan», espero du. Gainera, hurrengoan etortzen denean opari berezia izango du, Pukaseko Zarauzko surf eskolari esker. «Plarentzako taula berezi bat egiten ari gara Oiartzungo fabrikan, eta sekulako ilusioarekin dago, badakielako hau hasiera besterik ez dela: surfean jarraituko duela, eta ez dela izango bere horretan geldituko den esperientzia», azaldu du Letamendiak.
Helburu humanoa
«Istorioa polita da, eta, besterik gabe, egun horren oroitzapena gordeta izateko grabatu genuen bideoa», dio Letamendiak. Aranburuk, baina, bere webgunean jarri zuen, eta, sareak hedapenerako indarra duenez, bere bidea egin zuen, berriz ere, eta hainbat hedabidetan ere agertua da Plaren istorioa.
Ez zuten inolako asmo berezirekin egin. Helburua zen «lagun artean ondo pasatzea», baina bideoa sarean jarri, eta bolboraren antzera zabaldu da. Letamendia kezkatuta dago, Plarekin egindakoa jendeak ez ote duen hartuko marketin kanpainatzat: «Arraroa litzateke horrelako ekintza batetik publizitatea egin nahi izatea. Kontu honetan, Jordi da protagonista bakarra». Ez dute aurreikusi elbarrientzako ikastaro berezirik, baina, inork laguntza eskatuz gero, ez lukete arazorik izango: «Antzeko egoeran dagoen norbaitek probatu nahi duela esaten badigu, noski; gu prest gaude ditugun baliabide guztiak erabiltzeko, hori posible izan dadin».
Hainbat gauza zaindu behar dira, elbarri fisiko batekin uretara sartu eta surfean aritu aurretik. Surferako taula egokitua izatea ez da nahikoa, Letamendiaren arabera: «Lagunduko dizun talde prestatu bat behar duzu, itsasoa ezagutzen dutenek osatua. Itsasoarekin tentuz ibili behar da: ez zaio beldurrik izan behar, baina bai errespetua». Plarekin, adibidez, «denbora gutxi» egon ziren uretan, itsaslasterrak direla medio.
Duela gutxi Aitor Frantsesenea Gallo surflari eta entrenatzailearen ezbeharra gertatu zen, eta Plaren istorioari batu zitzaion hura: «Istorio hauek guretzat oso lazgarriak dira, baina horrelako ezbeharrak uste baino gehiagotan gertatzen dira, tamalez. Besterik ez bada ere. Laguntzeko gaude gu: hori seguru!».
Harea eta ura kontaktuan
Taula gainean surfa egin nahi zuen Jordi Plak: aulki gurpildunean ibiltzeak ez dio galarazi bere helburua betetzea, Zarauzko Pukas surf eskolako lagunei esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu