Eguraldi tristea zegoen arren, haurrez bete zen atzo Donostiako Kontxa hondartza. Saharatik etorri diren haurrekin batera egon ziren Oiartzungo eta Donostiakoudalekuetakoak, eta guztien artean SOS Sahara idatzi zuten hondarrean, antolatzaileek banatutako harea ontziekin. Haima bat ere jarri zuten, eta tea banatu zieten gerturatu zirenei. Han duten arazo politikoa salatzea eta euskal herritarrak sentsibilizatzea dute helburu.
Euskal Fondoak eta Donostiako Udalak antolatu dute ekitaldia. Hitzarmen bat dute Euskal Fondoak eta Gipuzkoako Aldundiak, Sahararen inguruko sentsibilizazioa bultzatzeko. Hitzarmen horren barruan egin dute kanpaina hau, Oporrak Bakean egitasmoko umeak etorri direla aprobetxatuz. «Jendea oso ohitua dago haur sahararrak udan hemen ikustera, baina askok ez dute pentsatzen zergatik dauden hemen. Ezin dira haien hondartzetara joan, Marokoren militarrek dituztelako okupatuak, eta horregatik daude gure hondartzetan», dio Itziar Iturri Euskal Fondoa elkarteko Sahara Koordinazio Unitateko kideak. Haurrak eta hondartza uztartzeko, kuboen kanpaina hori egitea pentsatu zuten. Bertan izan ziren, besteak beste, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Donostiako SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunak, Ane Pirata eta Patakon, Irrien Lagunak-eko ordezkariak, eta Gipuzkoako Sahararren Elkarteko ordezkariak. Izagirreren arabera, elkartasuna dago Euskal Herria eta Sahararen artean, «gauza asko ditugulako komunean». Horrelako egitasmoen bitartez nahiz kanpamentuetara joanez lagundu behar zaiela esan du: «Konturatu behar gara autodeterminazio eskubidea eskatzen duen herri bat dela, eta hori edozein lekutan defenditu beharreko gauza da. Marokok beren lurraldetik kanporatu ditu, eta hara itzultzeko eskubidea dute». Iturriren arabera, arazoa ez da pobreak direla, baizik eta beren herria okupatua dutela. «Horregatik bizi dira Aljeriako desertuaren zatirik lehorrenean eta gogorrenean».
Saharako haurrak Oporrak Bakean proiektuari esker etortzen dira Euskal Herrira. Fronte Polisarioak sortutako elkartasun proiektua da, eta haurrei oinarrizko laguntza eskaintzen die. «Haur hauek beharrezkoa dute urtean gutxienez bi hilabetetan desertutik ateratzea: ongi elikatu, han dagoen berotik ihes egin —momentu honetan 63 gradutik gora daude—, osasun azterketak pasa...», dio Elixabet Eizagirre Oporrak Bakean-eko Donostiako arduradunak. Urte osoan lan egiten dute harrera familiak lortzen: «Azken finean, haiek dira proiektu honen oinarria». Saharatikahalik eta haur gehien ateratzen saiatzen dira; aurten, 187 harrera familia daude Gipuzkoan; horietatik, 32 Donostiakoak; Arabakoak eta Bizkaiakoak batuz, 393 familia dira guztira. Kopuru horiek mantendu egiten dira urtetik urtera. Ekainaren amaiera aldera etorri ziren haurrak Euskal Herrira, eta bi hilabete igaroko dituzte hemen. «Oso gustura etortzen dira, baina etxera ere pozik itzultzen dira. Haiek Aaiunera joan nahi dute, beren herria ezagutu nahi dute, eta ezin dute», dio Iturrik. Buha Aduh sahararra da, eta sei urte daramatza Euskal Herrian. Haurrak hona etortzen jarraitzea nahi du: «Hemen ikusten dute ongi bizi daitezkeela, eta beren herria aske izanez gero, han ere horrela biziko liratekeela». Sahararren eskubideak defendatzeko manifestazioa egiten dute urtero abuztuan. «Gustatuko litzaiguke hau izatea Oporrak Bakean egiten dugun azken urtea. Horrek esan nahi luke sahararrak euren lurraldera itzuli direla, eta hori da denon nahia», dio Eizagirrek.
Harea gaineko elkartasun mezua
Kontxa hondartzan elkartu dira Saharako eta Euskal Herriko hainbat ume, Euskal Fondoak eta Donostiako Udalak deiturik'SOS Sahara' idatzi dute hondarrean, herritarrak Saharako arazoaz jabetu daitezen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu