Olagarroak ezin ditu garroak mugitu, behiak ez du belarrik jaten, eta marrazoak eta txakurrak ez dute hozka egiten. Animalia ugariren hareazko eskulturek apaintzen dituzte sarri hondartzak, eta batzuetan kosta ere egiten da benetakoak ez direla ohartzea. Horixe egiten du Andoni Bastarrikak: hondarra hartu, eta askotariko formak eman. Ikastaroak ere ematen ditu. Bihar du horretarako hurrengo hitzordua, Zumaiako Santiago hondartzan (Gipuzkoa), 11:00etatik 14:00etara.
Badira hamabost urte Bastarrika sormenaren eta hondarraren arteko jolasean murgildu zela. Hondarraren «magiak» edo «magnetismoak» erakarri zuen, besteak beste: «Hondarra, elementu bezala, umetan denoi gustatu izan zaigu. Hondartzara joaten gara, eta hondarrarekin jolasten hasten gara: gazteluak egiten, edo zuloak... edozertan».
Ez da hura hondarrak harrapatu duen bakarra. Zumaian bertan, adibidez, urteak daramatza udan bizpahiru tailer ematen, eta kontatu du jendeak berriz parte hartu ohi duela. Haren tailerrera joandako 7 urteko haurrak, esate baterako, berriro ere topatu ditu gerora, 12 urte zituztela. Hondarrezko eskulturak egiteko prozesua azaltzen die bertan: «Tailerretan ez ditugu egiten nik egiten ditudan gauza berak. Oinarrizko teknika batzuk ikasten ditugu, gero haien kabuz halakoak egin ditzaten. Garrantzitsuena da jendeak hondarrarekin konektatzea eta ondo pasatzea».
Haurrei ez ezik, gurasoei ere gustatzen zaie hondar artean aritzea, kontatu duenez. Sarri, «barruan duten haurra» ateratzeko balio die: «Pertsona batzuek sekulako sormena izaten dute txikitatik. Baina, gero, bizitzan zehar, laga egiten dute. Lanagatik edo dena delakoagatik. Baina 40 urte ingurukoekin ere hori gertatzen da askotan: hasten dira, eta, hara! Hondarrak harrapatu egiten ditu».
Bost bat minutuko azalpena ematen du Bastarrikak lehenik, hondarrak nola egon behar duen barneratu dezaten. «Ur gehiegirekin ez du funtzionatzen, eta ur gutxiegirekin ere ez». Gero, dortoka baten oskola egiten irakasten die, hondarra nola landu behar den azalduz. «Kolpetxoak eman behar dira, baina eskua erlaxatuta eduki behar da; kolpetxo goxoak eman, eta, gero, igurtzi. Hori da modua hondarrarekin oinarri egoki bat egiteko».
Material gutxi
Eguraldia lagun bada, hondartza inguruan egiten dute tailerra. Itsasbeheran egiten dute. «Masa hori eginda egoten da hondartzan, eta hori aprobetxatzen dugu», esplikatu du. Gainerakoan, oso material gutxi erabiltzen du: makila bat, luma bat eta bere eskuak. «Ez dugu beste ezeren beharrik. Horiexekin bakarrik moldatzen gara».
Hain zuzen, eskuekin aritzea du gustukoen: «Hasieran, dena eskuekin egiten dut. Horregatik gustatzen zait aurpegiak, gorputzak edo animaliak egitea: denak baitira biribilak. Arropak edo kotxeak egin beharko banitu, beste erreminta batzuekin egin beharko nituzke, eta eskua gutxiago erabili beharko nuke, linealagoak baitira». Eta gazteluen tailerrak ere antolatzen dituen arren, nahiago izaten ditu animalienak, kontzientziazioa lantzeko. «Gure artean bizi dira, eta garrantzitsua iruditzen zait umeek ere haiekiko harremana lantzea».
Kostaldeko herrietan soilik ez, barnealdean ere ematen ditu ikastaroak, hondarra hara eramanda. Uztailean ematen ditu batez ere, baina oraindik ere izango da horietan parte hartzeko aukera. Irailaren 4an, Berrizen (Bizkaia) izango da; 20an, Markina-Xemeinen (Bizkaia); eta, 21ean, berriz, Sopelako Arrietara hondartzan (Bizkaia). Irailaren 29tik urriaren 19ra bitarte, berriz, erakusketa bat jarriko du Azpeitiko (Gipuzkoa) Betharram aretoan; hondarrezko lau animalia eta buztinezko beste zenbait lan ipiniko ditu bertan, jendea harearen magiara gerturatzeko.