Argazkilaria

Asier Gogortza: «Haritzen erritmoan begiratuz gero, aldaketa txikiak nabaritzen dira»

Urruña eta Bera arteko mugan jarritako harizti bat da Gogortzaren laborategia, eta ‘Hariztia’ argazki liburuetan jaso du haren bilakaera. Bizitzari begiratzeko moduaz eta erritmoaz egin du gogoeta.

Asier Gogortza argazkilaria, hariztian, ‘Zaldaina’ eskulturan eserita. IDOIA ZABALETA / FOKU
Asier Gogortza argazkilaria, hariztian, ‘Zaldaina’ eskulturan eserita. IDOIA ZABALETA / FOKU
ane insausti barandiaran
Bera
2024ko apirilaren 5a
05:00
Entzun

Presaka bizi den gizarte batean, proiektu patxadatsu bat abiatu zuen Asier Gogortzak (Bera, Nafarroa, 1976): Urruña (Lapurdi) eta Bera arteko mugan 27 haritz kimu landatu zituen 2021eko abenduan. Horien bilakaera bildu du orain, bi liburutan: Hariztia. «Zu zara liburua idatzi duena?», galdetu dio hariztira bidean mendi ibilaldia egiten ari den bikote batek. Lazkaoko (Gipuzkoa) Biziolan aurkeztuko du liburua, datorren asteazkenean.

Zenbat hazi dira haritzak?

Gure ikuspegitik, guti. Ez baita gauza bera gure erritmoa eta haritzen erritmoa. Horretara ohitzen edo hori ikasten ari naiz. Mantsoago hazten dira, baina hazten dira, etengabe.

Zenbat denbora behar da aldaketak igartzeko?

Segun eta zer aldaketa. Espero baldin baduzu harizti heldu bat eta arbolak ikustea, hori momentuz ez da ikusten, eta agian ez dugu ikusiko. Baina haritzen erritmoan begiratuz gero, aldaketa txikiak nabaritzen dira.

Zenbatean behin ateratzen dituzu argazkiak?

Ez dut maiztasun finko bat, baina baditut urtean zehar egun berezi batzuk: solstizio egunean, adibidez, beti egiten dut argazki berdina. Hariztira etortzen naizenero ere beti paisaia bera hartzen dut, harri horretatik [goiko harri bat seinalatu du]. Urtearen buruan, bata bestearen ondoan jartzen ditut, aldaketa ikusteko. Guk ez dugu nabarituko gaur eta hurrengo astean etorrita, baina aldatzen da. Horri buruzkoa da proiektua: begiratzen ikastea, eta abiadura pixka bat mantsotzen ikastea.

Epe luzeko proiektu bat da, presaka bizi den gizarte batean.

Pandemia garaian sortu zen proiektua, eta bidegurutze bat izan zen denboran. Nire hausnarketa izan zen preso gaudela sorgin gurpil moduko batean: ez dugu epe luzerako proiekturik egiten, mundua bukatzen ari delako; baina, aldi berean, mundua bukatzen ari da, ez dugulako epe luzera pentsatzen. Horrekin hautsi nahi nuen, eta proiektu bat egin, etorkizunera begira. 

Mugako paisaia batean interbentzio bat egitea da beste asmo bat?

Muga nire argazki ibilbideko gaietako bat izan da beti. Oraingoan ere interesatzen zitzaidan mugako toki batean izatea interbentzio hori. Lehenengoa izan zen haritzen landatzea. Baina, konturatzen bazara, badaude interbentzio gehiago.

Zein?

Hesia, adibidez. Hesiak badu arrazoi praktiko bat, hemengo behorrek arbolak izorratu ez ditzaten. Baina, horrez gain, hariztiak biribil ireki bat sortzen du mugaren gainean. Ideia da hemendik berrogei edo 50 urtera batzarleku baten antza duen espazio bat sortzea, zuhaitzen bidez. Eta atseden gune bat ere bai, bidegurutzeak atseden hartzeko tokiak baitira, baina baita pentsatzeko eta erabakiak hartzeko guneak ere. Hori indartu egingo da haritzen forma edo espazio berri hori sortzen denean.

Eta gainean eserita zauden eskultura?

Zaldaina deitzen diogu guk. Pasarela esan nahi du, oinezkoentzako zubia. Hemen proposatu duguna da eskultura bat mugaren gainetik pasatzen dena eta gonbidatzen duena muga igarotzera. Baina baditu beste erabilera batzuk ere: mahaia izan daiteke, haurrentzako jostalekua, aterpea mendizale batentzat edo ardientzat... Funtzio desberdinak izan ditzakeen eskultura bat da, eta Ander Rodriguez arkitektoarekin eraikitzen ari gara hori.

Liburu gehiago argitaratuko dituzu, paisaia aldatu ahala?

Hariztiaren urtekaria da hau, nolabait. Hemen gertatzen diren gauzak horrat isurtzen ditut: nire argazkiak, ideiak, testuak... Lehen alea proiektuaren aurkezpena zen, eta bigarren hau begiradari eta bizi garen abiadurari buruzkoa da. Asmoa da liburuetan erakusten segitzea hemen gertatzen dena; proiektu ireki bat da, ez dakit nora iritsiko naizen harekin. Eta hori aldi berean da erakargarria eta beldurgarria.

LOTSABAKO

Haritz kuttunaren izena?
Vergnügungen (plazera alemanieraz).

Argazki kuttuna?
Beti, egindako azkena.

Paisaia bat?
Oraindik sortu gabea dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.