Deierri ibarreko herrixka batean daukate tailerra aita-alabek, Zabalen. Amaia Prieto (Lizarra, Nafarroa, 1998) pozik bizi da ehun biztanle ere ez dituen herri horretan: «Ez zaizkit hiri handiak gustatzen, gorroto ditut». Irailean egingo ditu bost urte etxeko etxabean kupel zaharrekin lanparak egiten hasi zirela. Baku Barrikupel da marka.
Baku Barrikupel?
Bai. Izenarekin irrist egin genuen. Barrica gaztelerazko hitza eta kupela euskarazko hitza batu, eta horrela sortu zen Barrikupel. Kontua da hitz arraro samarra zela. Euskal Herritik kanpo inork ez luke ulertuko. Orduan, lehenengo bi silabak hartu, eta horrela sortu zen Baku. Baina Baku Azerbaijango hiriburua ere bada. Interneten jartzen baduzu, erreferentzia guztiak hiriarenak dira; hortaz, erabaki genuen izena eta abizena izatea: Baku Barrikupel.
Orduan ez du zerikusirik ardoaren jainkoarekin; Bakorekin?
Ez du zerikusirik, baina izan zezakeen. Japonian Baku izena duen izaki mitologiko bat ere badago, amets gaiztoak kentzen dituena, eta haurrak, oheratzean, haren babesa eskatzen dute. Polita da hori ere, baina ez; Baku barrika eta kupel hitzen batuketa da.
Izena argi geratu da. Eta izana?
Material baztertuak berrerabiltzen ditugu. Gure produktuak artisautza lantegi txiki batean egiten ditugu, banan-banan. Elementu funtzionalak eta apaingarriak sortzen ditugu, betiere ekodiseinuaren irizpideekin. Aita arotza da, eta ni diseinatzailea. Elkarrekin egiten dugu lan. Aita beti egon da zurari lotuta, eta nik betidanik ezagutu dut tailer hau. Pandemian denda itxi behar izan zuen aitak, eta nik orduantxe amaitu nituen diseinu ikasketak. 2020. urteko irailean hasi ginen elkarrekin. Hasieran eztabaida pila genituen, baina orain oso ondo ulertzen dugu elkar.
Berrerabiltzea da zuen filosofia...
Bai, egiten ditugun produktuen %98 berrerabilitako materialekin eginak daude. Orain txapola eta plastikozko tutu batzuk ere erabiltzen ditugu, baina bereziki kupelak. Haritzezko kupel zaharrekin egiten ditugu lanparak. Egurra, berez, ez da zaborra, zura material noblea baita, baina egia da zaharkituta geratzen denean sua egiteko erabiltzen dugula. Nafarroan eta Errioxan upategi asko daudenez, kupel pila bat botatzen ziren, eta hortik sortu zen ideia. Zuhaitz batek, haritz batek, ia ehun urte behar ditu sortzeko, eta kupel bat zortzi-hamabi urtean geratzen da zaharkituta. Gu egur horren bizitza luzatzen saiatzen gara; ez dakigu beste ehun urtez iraungo duen, baina hori da asmoa.
Bereziki lanparak egiten dituzue, baina baita bestelakoak ere...
Bai. Etxerako tresneria egiten dugu, sukaldeko oholak, lata irekigailuak... Azoketan gehien saltzen duguna ardo botila ipini eta kopak zintzilik jartzeko gailua da. Kupelen estalkiekin egiten ditugu halako guztiak. Dena den, eskatzen digutena egiteko prest gaude.
Pieza bakoitza bakana da, ezta?
Bai. Bakoitzak bere xarma dauka. Ez daude berdinak diren bi pieza, nahiz eta diseinua eta prozesua bera izan. Materialak berak ematen dio berezitasuna, egur puska bakoitzak bere markak eta zauriak ditu eta. Berrehun lanpara egiten baditugu ere, denak desberdinak izango dira. Kupelak aliritzira egiten dira, eta kanpotik denak itxura bera duten arren, desmuntatzen dituzunean denak desberdinak dira. Guk ez dugu horren kontra egin nahi, horrekin jolasten gara, eta horrek egiten du pieza bakoitza bakana.
Puntako diseinua egiten duzue Zabalen.
Bai. Gu hemen bizi gara, tailerraren gainean dago gure etxea. Nik hiriak gorroto ditut. Zabal ez da Milano, Bartzelona edo New York, baina gu hemen bizi gara, eta hemen egoteak ere berezitasun bat ematen digu. Diseinua egin daiteke 50 biztanleko herri batean. Gu hirietara azoketara joaten gara, baina hona ere jende asko dator tailerra ikustera. Herri txikiei bizitza emateko modu bat da, eta landa eremuaren despopulazioaren kontra egiteko modu bat.
Eta sariena?
Espero ez genuen zerbait izan da. Oso pozik gaude, ikusgaitasuna eman digulako. Bilboko Selected lehiaketa irabazi genuen 2023an. Hogei finalista baino gehiago geunden, tartean diseinu enpresa handiak, eta guri eman ziguten.
Bisita gidatuak egiten dituzue tailerrean.
Bai, baina ez dira bisita turistiko tipikoak; gure tailerra erakusten dugu, gure proiektua azaltzen dugu, eta landa eremuaren gure ikuspuntua ematen dugu. Ideia batekin etortzen dira, eta beste batekin joaten dira. Jende asko aholku eske ere etortzen da, horrelako egitasmo bat sustatu nahi dutelako eta ez dakitelako nondik hasi.
Kontzertuak ere egin izan dituzue.
Bai, hiru hilabetetik behin egiten ditugu kontzertuak. Aita eta biok oso musikazaleak gara, eta gure etxean beti egin dira kontzertuak, urtebetetzeetan eta... Inguruan, gainera, musikari eta talde ugari dago, eta oso erraza da haiengana iristea. Elkar ezagutzen ez duen jendeak elkar ezagutzeko topaguneak ere badira kontzertu horiek.
lotsabako
Egin duzun pieza kuttunena?
'Kaiola' lanpara. Bakoitzari izen bat jartzen diogu. Askotan herrien izenak jartzen ditugu. Donostia, adibidez, aita han jaio zelako.Diseinatzaile bat?
Lucas Muñoz. 'Mo de Movimiento' proiektua izugarri gustatzen zait. Madrilen auditorium zahar batetik ateratako materialarekin jatetxe bat egin du.