Esan ohi da maitasuna dela mundua mugiarazten duen sentimendua. Liburuetan, filmetan, abestietan... maitasuna beti ageri da argiaren sinbolo gisa: bi pertsona edo gehiago elkarrekin hazten, elkarri eusten, elkar maitatzen. Hitz ederrez jositako kontakizunak, emozioz betetako uneak. Baina zer gertatzen da argi horrek itzala estaltzen duenean? Zer gertatzen da ustez maite zaituenak gaizki tratatzen zaituenean? Harreman guztiek ezkutatzen dituzte ñabardurak, baina batzuetan zauriak ezin diren begi hutsez ikusi. Batzuetan mina isilean sartzen da: hitz zehatzetan edo isiltasun luzeetan, kontrol keinuen bidez, isolamenduaren arrakaletan edo erruaren zama etengabean.
Hainbat egoeratan sor daitezke harreman toxikoak. Askotan, bortizkeria forma sotilagoetan agertzen da: psikologikoki, emozionalki, ekonomikoki edo sozialki. Mikel Abaurrea sexu hezitzailearen esanetan, «toxiko» hitza eufemismo bilakatu da sarri, benetako izenik ez emateko beldurrez: «Toxiko deitzen diegun askotariko harreman horiek tratu txarrak dira».
Harremanen inguruko hitzaldiak eman izan ditu Abaurreak. Harreman toxikoak zer diren galdetzen duenean, jendeak bikotea izan ohi du buruan. Baina harreman toxikoak hainbat esparrutan sortzen direla zehaztu du: «Familian, lagunartean, lanean… Bikotekidearekin dugunari jartzen zaio izen zehatz hori. Lagunekin edo senideekin duguna harreman bat izango ez balitz bezala, baina egoera askotan jasan daitezke tratu txarrak».
Edonolako harreman batean, pertsona batek besteari min egiten dionean —autoestimuari erasoz, askatasuna mugatuz edo errudun sentiaraziz—, harreman hori jada ez da osasungarria. Baina, sarritan, biktima bera da konturatzen azkena, Abaurreak azaldu duenez: «Ez gara ohartzen, eta gehienetan ez da erraza aitortzea; horregatik da hain garrantzitsua zaintzarako eta konfiantzazko eremuak izatea, non harreman ereduak birpentsa daitezkeen».
«Ez da harritzekoa helduaroko harremanetan tentsioa, mendekotasuna edo bazterketa agertzea, baldin eta txikitatik ez badigute irakatsi emozioak izendatzen, kudeatzen eta adierazten»
MIKEL ABAURREASexu hezitzailea
Tratu txarrek inguratzen badute, honelako gogoetak sortzen zaizkio biktimari: «Ez dut merezi ezer hoberik», «ez naute entzungo», «hauxe tokatu zait»… Ohikoak dira horrelako pentsamenduak, sexu hezitzaileak azaldu duenez, eta ondorioz, murriztu egiten dira harreman osasuntsuak eraikitzeko aukerak. Hala ere, ohartarazi du arriskutsua dela honelako esaldiak zabaltzea: «Zeure burua ez baduzu maite, ez zaituzte maitatuko». «Hori faltsua da. Ez baduzu zeure burua maite, beste batzuek maita zaitzakete, eta horrek lagundu zaitzake autoestimua lantzen. Maitasunak ez du zigortzen, sendatu egiten du».
Zaila da, eta ez dago harreman toxiko baten biktima edo egilearen soslaia definitzerik. Haatik, Abaurreak iritzi dio jarrera indibidualistak eta nartzisistak dituzten pertsonek —kapitalismoaren logika bereganatua dutenek— dutela joera «besteak objektu gisa tratatzeko». Izan ere, «kapitalismoak pertsonak objektu bihurtzen ditu. Eta objektu bihurtutako pertsona batek ez du duintasunik gordetzen; hor hasten da tratu txarren justifikazioa».
Dena dela, harremanen jatorria haurtzaroan dago. Zaintzaileekin izandako loturek baldintzatzen dute helduaroko harremanak nola eraikitzen diren, eta horien arabera «garatzen da lotura estiloa»: atxikimendu segurua, atxikimendu antsietatezkoa eta atxikimendu iheslea, azaldu du sexu hezitzaileak. Azken horrek, esaterako, baliteke «jeloskortasun, kontrol nahia edo tratu txarretarako joera handiagoa» eragitea. «Ez da harritzekoa helduaroko harremanetan tentsioa, mendekotasuna edo bazterketa agertzea, baldin eta txikitatik ez badigute irakatsi emozioak izendatzen, kudeatzen eta adierazten», gehitu du.
Heziketa emozionala funtsezkoa da haren ustez, baina ezin da aitzakia bihurtu: «Ez da onargarria esatea ‘tratu txarrak eman ditut nire haurtzaroa gogorra izan zelako’. Ez gara gure zaurien errudun, baina bai arduradun». Lan egin behar da harremanak hobetzeko eta nork bere burua deseraikitzeko.
Kuadrilla toxikoak?
Edozein egoeratan sor daitezke harreman edo giro toxikoak, eta Euskal Herrian bada bereziki maiz aipatzen den bat: kuadrilla. Hain ohikoak eta errotuak diren lagun talde horiek ez dira beti harreman osasuntsuen gune. Talde horietan ere ager daitezke jabetza sentimenduak, jeloskortasuna eta kontrol dinamika bortitzak. Abaurreak ohartarazi duenez, dinamika horiek «oso arriskutsuak dira, ez baitira tratu txartzat hartzen», eta normalizatuak baitaude.
Kuadrillen «boterea ia sakratutzat hartzen da», eta horrek askotan zailtasunak sortzen ditu barruko funtzionamendua zalantzan jartzen denean. Abaurrearen esanetan, «oso zaila izaten da kanpotik etorritako norbait kuadrilla batean onartzea; are zailagoa da barruan dauden rolak aldatzea». Gatazka pizteko, batzuetan nahikoa izaten da beste batzuekin harremanak izatea edo bikotekidea izate hutsa: «Jeloskortasuna eta jabetza sentimendua gaizki kudeatzeak, gainera, tratu txar oso gogorrak eragiten ditu kuadrilla askotan», ohartarazi du.
«Niretzat, kuadrilla beste esfera batean geratu da; ez da existitzen nire eguneroko bizitzan»
IBIS UGARTEKuadrilla bateko kide ohia
Egoera toxikoak bere larruan bizi izan zituen Ibis Ugarte oñatiarrak (Gipuzkoa). Herriko kuadrilla baten parte izan zen urte luzez, baina pixkanaka aldentzen hasi zen, bere ongizatea jokoan zegoela ohartu zenean. Ez ditu gertakari zehatzak kontatu, baina aitortu du praktika kaltegarriak eta esperientzia desatseginak bizi izan zituela: «Umetatik sentitu naiz libre; denekin ibiltzen zen hori nintzen. Baina saldu digute harremanek luzeak izan behar dutela. Askorekin ibiltzen nintzen, baina beti eutsi nion kuadrillari... pandemia iritsi zen arte. Kuadrilla hegemoniko horretan dinamika toxikoak zeuden, eta badaude oraindik ere».
Gutxinaka hasi zen kuadrillatik aldentzen, bere ongizatea jokoan zegoela konturatu zenean. Azaldu du etengabe sentitzen zela behartuta bere leialtasuna frogatzera, eta beste lagun talde batzuekin harremanak izateak tentsioak sortzen zituela. Pandemiaren ostean, zeharo aldatu zen bere harreman sarea: Donostian aurkitu zuen bere tokia, «gorputz disidenteen» esparruko pertsonekin harremanak sendotzen hasi zenean. Esperientzia horrek beste ikuspegi batzuk ekarri zizkion eta, ondorioz, aurreko kuadrillarekin loturak eten zituen: «Ez datoz bat nire bizi ikuskerarekin. Haiek ere aldatu dira, eta errealitate oso ezberdinetan gaude orain. Niretzat, kuadrilla beste esfera batean geratu da; ez da existitzen nire eguneroko bizitzan». Gaur egun, nahi dituen lagunak ditu inguruan, eta «talde askatzaileagoetan» bizi da.
Ugartek lortu du, beraz, harreman osasuntsuen ingurune bat eraikitzea. Hala ere, Abaurreak aipatu du ohikoa dela praktika toxikoak berriz gertatzea. «Bide beretik behin eta berriz ibiltzera bultzatzen gaituzte gure sozializazio ereduek, kapitalismoak eta geure kontraesanek. Eta bai, gizakia leku berean hamar aldiz iraultzen da». Erresilientzia prozesua ez da automatikoa. Denbora behar da, baina denbora ez da nahikoa: «Zure ingurua, zure zaintza sareak eta autolaguntzarako gaitasunak funtsezkoak dira. Egin daiteke, baina ez da erraza», gehitu du.
Ugarteren esperientziak erakusten du posible dela giroz aldatzea. Baina aitortu du jende guztiak ez dituela aukera berberak: «Elitista izango litzateke esatea erraza dela sistemak inposatutako arauak alboratzea. Egia da jende guztiak ez dituela baliabide berberak, baina komunikazioa beharrezkoa da harreman osasuntsuak eraikitzeko: ezinbestekoa da etengabe berrikuspena egitea, eta deseraikitzen saiatzea».
Zaintza eta elkarrizketa
Funtsean, bikote harremanek eta familiek «instituzio» modura funtzionatzen dutela uste du Ugartek. Horrek zera esan nahi du, arau inplizitu eta esplizituak ezartzen dituztela parte hartzaileek: «Aurrekoan lagun batek esan zidan haren kuadrillan arauak idatziz ezartzen zirela. Esklusibotasuna, pribilegioak, baztertzeak… sekta itxura har zezakeen kuadrillak». Azken batean, babes eta laguntasunerako eremua izan daiteke kuadrilla, baina kontrakoa ere gerta daiteke. Dinamika estankoak eta botere harremanak dira arriskutsuenak.
Zaintzan, elkarrizketan eta zaurgarritasunean oinarritutako harremanek ez dute soilik banakoen bizitza eraldatzen; komunitate osoen dinamika ere alda dezakete. Horregatik, Ugartek garrantzitsutzat jo du beste errealitate batzuetako pertsonekin harremanak eraikitzea: «Harreman eredu ezberdinak nahi dituztenek ere merezi dute aitortza soziala; hori ukatzea ere toxikoa da».
Abaurreak kapitalismoa jarri du jopuntuan: «Kapitalismoa ez da bihar bukatuko, baina gure gorputzetatik eta komunitateetatik eremu bizigarriagoak eraiki ditzakegu». Izan ere, Abaurrearen ustez, zaintzaz, elkarrizketaz eta autokritikaz eraikitako harremanetan dago «benetako aldaketaren gakoa»: «Harreman batek arnasa eman behar digu: masailezurra askatzeko eta sakon arnasa hartzeko leku bat izan behar du». Eta Alba Reche abeslariaren esaldi bat ekarri du gogora: «Gaur jolastu egin nahi dut, ez haginak erakutsi». Jolasteko baitaude harremanak, bestearen konpainiaz gozatzeko.