Harremanak (are gehiago) estutuz

‘San Juan’ baleontziaren erreplikak Ternuara egingo duen bidaia prestatzeko bilera bat egin dute Ottawan, Komunen Ganberan. Kanadako Arrantza ministro Joanne Thompsonekin elkartu dira Eider Mendoza diputatu nagusia eta Xabier Agote Albaolako zuzendaria.

Euskal Herriko eta Kanadako agintari eta ordezkariak, atzo, Ottawako Parlamentuaren atarian. ALDUNDIA
Euskal Herriko eta Kanadako agintari eta ordezkariak, atzo, Ottawako Parlamentuaren atarian. ALDUNDIA
enekoitz telleria sarriegi
Ottawa
2026ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da erraza Red Bayra iristea. Eta ez bada erraza hegazkinez, pentsa zer izango den XVI. mendeko baleontzi baten erreplikarekin iristea. Iristen saiatzea. Behar da eskifaia, behar da eskarmentua, baina behar dira iritsierari babesa emango diotenak ere. Harreraren beroa eta bitartekoetarako erraztasuna.

Babesa eta bitartekoak berrestera (ere) joan dira Gipuzkoako Aldundiko kideak Kanadara, eta topatu dute babesa eta berretsi dituzte bitartekoak. Ez dute xehetasunik eman: ez sos eta ez data. Baina estutu dituzte harremanak (are gehiago), eta jarri dute martxan euren «misio instituzionalaren» alderdi historiko eta kulturala.

Kanadako ordezkaritzaren buru, Joanne Thompson Arrantza ministroa. Gipuzkoako Aldundiko ordezkaritzaren buru, Eider Mendoza ahaldun nagusia. Harekin batera: Felix Urkola Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua, Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Euskadi Globalaren idazkari nagusia. Eta horiekin batera, inguru hura bikain ezagutzen duen euskal herritar bat: Xabier Agote Albaolako zuzendaria. Kanadako kongresuan Labrador ordezkatzen duen parlamentaria ere han izan da: Phillip Earle.

Herrialdeko hiriburuan egin dute bilera: Ottawan. Muino batean, Komunen Ganbera hartzen duen eraikin historikoan. Historia eta ondare komun batek lotzen ditu bi herrialdeak, eta agerian gelditzen da hori halakoetarako egin izan dituzten bileretan —Pasaiako Itsas Festibalean egin zuten azkena: Kanada izan zen herrialde gonbidatua—. Balearen eta bakailaoaren arrantzan aritu ziren euskal arrantzaleek ehundutako harreman komertziala izan zen kulturala ere. Eta bizirik diraute aztarnek Ternuako eta Labradorko lurretan. Hori guztia berretsi dute bileran, eta elkarrekin landu dute San Juan ontziaren erreplikak Kanadara egingo duen bidaia.

Eider Mendoza diputatu nagusiak gogorarazi duenez, San Juan baleontziaren eraikuntzak eta haren itsas abenturak «izaera zientifiko garrantzitsua» ere badute. Izan ere, erreplika egitearen eta bidaia hura bera errepikatzearen bidez, Selma Huxley ikerlariak, Robert Grenier itsas arkeologoak eta Parks Canada erakundeko lantaldeak 1980ko hamarkadan hasitako bidearen «zirkulu historiko eta zientifikoa» itxiko litzateke. Mendozak nabarmendu du haiek aurkitu zituztela baleontziaren hondakinak; baita «zehatz-mehatz» aztertu ere. «Kanadan hasitako lanari esker Pasaian baleontziaren erreplika eraikitzea, Atlantikoa zeharkatzeko gai izatea eta Ternuako eta Labradorko kostaldeetara iristea aukera paregabea da Kanadako gizartearekin eta jatorrizko herriekin dugun ondare eta historia komuna gogoratu eta partekatzeko; gainera, Atlantikoaren bi aldeetan harreman kultural, sozial eta ekonomikoak sortzeko balio izan zuten», adierazi du Mendozak, Ottawan egindako bilera horren ostean.

Gipuzkoako Aldundiak San Juan Kanadarako bidean egitasmoan «estuki» lan egiteko borondatea duela jakinarazi dio Mendozak Kanadako Arrantza ministroari, «mugarri historikoa» baita, ez bakarrik Euskal Herri osoarentzat, baita «nazioarteko esparruarentzat ere, zientziaren, itsasoaren eta kulturaren ikuspuntutik».

Xabier Agote Albaolako zuzendariak «interes handia» nabaritu du Kanadako agintarien aldetik. «Hainbat goi kargudunekin bildu gara. Harrera handia egin nahi diote San Juan baleontziari. Eta hori dena antolatzera etorri gara». Epeei buruz galdetuta, zera dio Albaolako buruak: «Oraindik ez dago egutegi jakin bat. Batzorde bat sortzera doa hemen, eta laster bideratuko dute hori guztia. Gu laster prest egongo gara, baina haiek harrera landu bat egin nahi digute. Aukera interesgarriak ikusten dizkiote Euskal Herriarekin harremana izateko, jakina, baina Europarekin ere bai, oro har. Proposamen interesgarri bat egingo digute, eta horren zain gaude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE