Hamabi kanpaikadak jo orduko bota dituzte giltzak airean. Baionako herriko etxeko plazan milaka jende bilduak zirela ireki dituzte aurtengo Baionako bestak. Zapi gorria lepoan jarrita osatu dute goizetik soinean zeramaten uniforme zuri eta gorria. Lehertu dira su artifizialak, eta lehertu da besta, igandera arte iraunen duen bost eguneko eromenari hasiera emanez.
Ohi bezala, aurtengo urtea markatu duten pertsona ezagunak gomitatu ditu Baionako Herriko Etxeak hiriaren giltzak plazara botatzera. Horien artean izan dira Baionako errugbi taldeko hiru jokalari: Arthur Iturria, Camille Lopez eta Guillaume Rouet. Aspaldi ikusi gabeko denboraldia egin dute Baionako errugbilariek, eta, Top14 ligako finalerdietara iritsita, baionarrei orotariko emozioak sentiarazi dizkiete. Horiekin batera, Camille Lou aktorea eta Joel Doihanburu Frantziako telebista kate publikoko jolas batean garaipen andana eskuratu dituena izan dira aurtengo giltzen arduradun.
Baionako orfeoiaren doinuan alaitu dute herriko etxeko plaza arratsalde erditsuan, irekiera ekitaldia hasi duten arte. Hainbat pertsonak pankarta bat ere atera dute jende artetik, «Faxismoa borrokatu» leloarekin. Herriko etxeko balkoitik, frantsesez mintzatu dira nagusiki, euskarari leku pixka bat eman badiote ere. Ohi bezala, Henri Lauque besta batzordeko buruak iragarri du besten irekiera ofiziala.
Badu urte batzuk orain Baionako Herriko Etxeak besten irekitzean kantatu ohi zen bertsoa zentsuratzea erabaki zuela. Ordutik, saiakera bat baino gehiago egin dituzte euskarari eta euskal kulturari balkoian ematen dioten leku urria atxikitzeko. Agur jaunak kantuarekin hasi zen, eta Txoria txori ere kantatu izan dute —publiko frantsesarentzat Hegoak izena du kantuak—. En Tol Sarmiento taldeko Iñigo Etxezarretak bete du aurten euskal txoko hori, Arabako taldearen Zurekin batera kantuarekin. «Gora Baionako bestak!», oihukatuz bukatu du; tronpeta soinua eta «Ole!» ozen batekin erantzun diote plazatik.
Gaskoien izenean, Joan de Nadau kantari famatua igo da balkoira. Taldearen L'encantada kantua eman ondotik, besten irekitzean ohikoa den Prosei famatua irakurri du.
Urtero gisan, emaitza arrakastatsuak lortu dituzten kirolariak gomitatu dituzte balkoira: Baionako errugbiko Junior taldekoak —Frantziako txapelketa irabazi dute—, eta Florence Dordezon eta Sylvie Morvan arraunlariak. Horrez gain, Baionako hiru elkarte goraipatu dituzte egiten duten lanagatik. Horien artean lehena, Gurutze Gorria, pertsona zaurgarrienei laguntza ematen diena. Bilaka dantza taldeari egin diote azpimarra, eta baita Baionako Nautika Elkarteari ere.
Goizetik karrikak beteak
Goizean goizetik sentitu da besta giroa Baionako karriketan zehar. Ostalariak eta feriatzaileak azken prestaketak egiten ari ziren bitartean, edari eta janari hornitzaileen kamioiak joan-etorrian ari ziren azken banaketak egiten. Eta pixkanaka jende oldez betetzen hasi dira Baiona Txikia eta Handia.
Festazaleen lasterkaldia izan ohi da besten hasierako animazio nagusietako bat. Aurtengoa 24. aldia zen. 10.000 parte hartzaile abiatu dira Miarritzeko (Lapurdi) Euskaldunen Kosta hondartzatik, eta 14 kilometroko ibilbidea egin dute Baionako Santizpiritu zubiraino. Batzuk lasterka, besteak oinez; batzuk korrikalari profesionalen gisara jantziak eta besteak mozorroturik, halako giro alaian egin dute lasterketa. Nicolas Mariani izan da denetan bizkorrena gizonezkoetan, eta Margaux Sieracki emakumezkoetan. Baina goiz osoan zehar iritsi dira bakoitza bere erritmoan ibili diren lasterkariak, inguruan bilduak zirenen txaloen artean.
Horietako batzuk Paulbert plazara joanen ziren arrapaladan, eguerdirako piper moletak bukatzen ari baitziren Nazioarteko Piper Moleta Txapelketako parte hartzaileak. Baionako peñen eta beste elkarteen arteko urteroko hitzordua bilakatua da lehiaketa hori. Lapurdiko piper berdea dute osagai nagusia, baina bakoitzak ematen dio bere ukitua. Bihotzez Abesbatza Getariako elkarteak konbentzitu du aurten epaimahaia. Kantuz ospatu dute garaipena.
Ondoko egunetan ere kantu, musika eta dantza andana espero dira Baionako karriketan.