ATZEKOZ AURRERA. Rita Naveira. Zuzendaria

«Haurrek ulertzen dute presoak egotea, baina ez hurbiltasun falta»

Haurrekin sakabanaketaren gaia eskoletan lantzeko, 'Motxilaren umea' film laburra estreinatu du Kurkuluxetan kultur elkarteak. Film pedagogikoa izango da, «maitasun istorio bat, azken finean».

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2017ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Kurkuluxetan kultur elkarteak Motxilaren umea filma aurkeztu zuen atzo Bilboko Kafe Antzokian. Euskal presoen sakabanaketaren gaia lantzen du 22 minutuko filmak, baina haurrentzat da. Film pedagogiko bat zuzendu du Rita Naveirak (Barakaldo, Bizkaia, 1974), gainerako haurrek enpatiaren bidez uler dezaten gurasoren bat urrun duten haurrek duten egoera. Filma Youtuben egongo da ikusgai, eta Kurkuluxetan kultur elkartearen webgunean unitate didaktiko bat ere eskuragarri jarriko dute. Azken finean, gai hori eskoletan lantzea lortu nahi du kultur elkarteak.

Sakabanaketaren inguruko film labur bat egin duzue, baina haurraren ikuspegitik. Ez da ohiko ikuspegia izaten hori...

Ez, eta gainera, dispertsioa hitza erabiltzetik ihes egin nahi izan dugu. Nagusioi asko gustatzen zaigu gauzei eta egoerei hitz potoloak jartzea, baina haurrek askoz hobeto ulertzen dute halako egoera bat beste modu batean azaltzen zaienean. Guk erakutsi nahi izan dugu haur bati maitasuna eta heziketa ukatu egin zaiola.

Hezkuntzan ere eragingo die haur horiei, ez delako egoera normal bat. Haurrek beste era batean ulertzen dute egoera?

Haurrek ulertzen dute eskubideak badituztela, eta urratuak izan direla. Ezin dute euren eskubidea den zerbait eduki.

Nola landu daiteke presoen gaia ikuspegi pedagogiko batetik?

Maitasun osoz, guk azken finean maitasun istorio bat egin dugulako. Eskubideen aldarrikapena jorratu dugu, eta haiek hori oso ondo ulertzen dute. Haurrek badakite kartzela existitzen dela, eta beste haurren egoera bizi ez badute ere, badakite errealitate bat dela. Uler dezakete hori, baina ezin dute ulertu zergatik egon behar duten hain urrun. Eta zergatik ezin den bisitatu, edo zergatik ezin den komunikatu, azken finean hormak besterik ez baitaude. Gaur egungo aurrerapen teknologikoekin, gainera, hori da ulergarri egiten ez zaiena. Presoak egotea ulertzen dute, baina ez hurbiltasun falta hori.

Teknologiari lotuago dagoen belaunaldi batean zailagoa izango da hori ulertzea.

Hori da. Guk nahi dugu istorioa ikuspegi horretatik ikus dadila, bizimodu arrunt batetik. Gosaltzeko garaian ama ez egotea, ezta etxeko lanak egiteko orduan ere.

Eragin psikologikoa izango du egoerak, ala?

Bai, eta, horregatik, motxila jarri dugu metafora gisa. Motxilari garrantzia eman nahi izan diogu, motxilak haurraren egunerokoa markatzen baitu, bai psikologikoki eta bai afektiboki ere. Erakusten du nolako harremanak dituen gainerako haurrekin, asteburuetan zer egiten duen... Filmean ere psikologoek parte hartzen dute, eta halako egoeretan zer egin dezakegun azaltzen digute. Azken finean, gaiari buruz hitz egitea onuragarria dela diote, hitz egiten denean gaia existitzen delako. Kontrara, ez bada gaiaz hitz egiten, badirudi ez dagoela halako egoerarik.

Zaila izaten da euskal presoen gaia politikatik bereiztea. Nola egin duzue ihes arlo horretatik?

Grabazioak egiten ari ginenean Izarren kasua pasatu zen [Sara Majarenasen alaba], eta oso mediatikoa izan da. Kasu bitxia eta larria izan da, baina gaia gizartera ateratzeko balio izan du, erakusteko halako kasuak existitzen direla. Izarrena beste pauso bat izan da, eta gure filmak istorio honekin laguntzen baldin badu, aurrerago joatea lor dezakegu. Gure helburua gizartera heltzea da, aurreiritzirik ez izatea. Azken finean, era honetako eraso bati buruz hitz egiten ari garenean maitasunari buruz hitz egiten ari gara.

Baina egoera politikatik aldentzea zaila izango da, nolanahi ere.

Bai, baina gu saiatu gara elkarrizketa guztiak mimo handiz tratatzen, iritzi politikoetan ez sartzeko. Inor ez mintzea da asmoa, inor ez baztertzea, baita egoera hauek arrotzak zaizkien pertsonengana hurbiltzea ere. Azkenean, ez bazaizu hurbiletik gertatzen, badirudi ez dela zure arazoa. Jende askok ez du ikusten, ez zaiolako erakusten. Eta film hau horretarako saiakera bat da.

Eta publiko orokorrarengana nola iritsi?

Bideoa Youtuben jarriko da, eta unitate didaktiko bat ere egongo da eskuragarri. Hezkuntzako hainbat sindikaturekin ere egon gara, eurek ere har dezaten konpromisoa euren arloan mugi dadin. Filmarekin, azken finean, horretara ere iritsi nahi dugu, irakaskuntzako langileengana. Sakabanaketaren gaiaren inguruan enpatia sortu nahi dugu, gauza txikiekin asko lagundu baitezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.