Dokumental zuzendaria

Zuberoa Andres: «Hausnarketa sakona egin nahi genuen: ‘Zergatik da inportantea gure tradizioa berreskuratzea?’»

Bakiok ere badu bere inauteria: Anarru Eguna. Laurogei urtez desagertuta egon da, eta orain dela hiru urte hasi ziren berriro egiten. Andresek dokumental bat ondu du haren inguruan: ‘Anarru Egune’.

Zuberoa Andres, joan den astelehenean, Bakioko begiratokian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zuberoa Andres, joan den astelehenean, Bakioko begiratokian. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bakio
2026ko otsailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bakiok (Bizkaia) aspalditik dauka bere inauteria, baina oraintsu jabetu da horretaz: 2024an, herriko udala eta Itsas-Alde dantza taldea Anarru Egunaren arrastoan ipini ziren, eta ordutik aurkitutakoak jaso ditu Zuberoa Andresek (Getxo, Bizkaia, 1978) Anarru Egune dokumentalean (Maule Productions, 2026). Adineko herritarren oroimenean bermatuta, eta Joseba Aurkerena, Thierry Truffaut, Aitzpea Leizaola eta Oier Araolaza adituen laguntzari esker berreskuratu dute festa. Aurtengoa etzidamu egingo dute. Goizean baserriz baserri ibiliko dira, eta 17:00etan hasiko da kalejira, Kale Nagusitik hondartzara.

Nola izan zenuen Anarru Egunaren berri?

Bakion bizi naiz orain dela 30 urtetik. Harreman handia daukat bai udalarekin, bai Itsas-Alde dantza taldearekin. Konturatu ginen beti ari ginela beste herri batzuen inauteriak antzezten, ez geneukalako geure inauteririk. Herriko nagusiei esker jakin genuen bageneukala inauteri propio bat, baita berba propio bat ere.

Beraz, ez da transmisiorik egon orain gutxira arte.

Hori da. Beste leku askotan gertatu den bezala, tradizio hori galdu egin zen hainbat arrazoirengatik: gerra, frankismoa... Egia da Bakio ez dela salbuespena: dokumentalean parte hartu duten ikertzaileek azaltzen dute bigarren loraldi batean gaudela; lehena, 1960ko hamarkadan izan zen. Guk harago joan nahi izan dugu. Gure inauteria berreskuratu, eta tradizioaren inguruan hausnarketa sakonago bat planteatu nahi genuen: «Zergatik da inportantea gure tradizioa berreskuratzea?». Eta ez gara inauteriez bakarrik ari, baita Olentzerori buruz ere, Santa Agedari buruz, gure hizkuntzari buruz... Gogoetarako dokumentu bat egin nahi genuen, ez bakarrik bakiotarrentzat; balio unibertsalez ari garenez, Euskal Herriko edozein lekutan erakuts dezakete.

Noiz utzi zioten Anarru Eguna egiteari?

Ia laurogei urtez egon da galduta tradizio hori.

Adinekoek zer gogoratzen dute egun hartaz?

Normalean pertsona bat edo bi zetozela, beti gauez, etxean zituzten arropa zaharrekin mozorrotuta: koadrodun arropak zeramatzaten, ardi narruz jantzita zetozen, praka gorriekin... Aurpegia beti estalita zeramaten, eta batez ere beldurra emateko joaten ziren baserrietara. Badirudi San Pelaio auzoan hasi zela, baserrietan, Bakioren jatorrian. Gogoan dutenez, emakumeek eta gizonek parte hartzen zuten, nahiko parekidea zen. 1980ko hamarkadan, garai hartako kopla berreskuratu genuen, eta hori ere erabili dugu.

Gogoan dute desagertu zenekoa ere? Herriak nola hartu zuen?

Jada ohituta zeuden halako gauzak galtzera. Urte batetik bestera galdu zen.

Ez da ohikoa izan euskal inauterietan emakumeek ere parte hartzea?

Horren inguruan ere hitz egin dugu dokumentalean. Ikertzaileek esaten dute emakumeak beti egon izan direla inauterietan, baina hori eragozten eta ezkutatzen ahalegindu zela Eliza, eta, haren erruz, emakumeen rola galdu egin dela urte askoan. Anarru Egunean, gizonek eta emakumeek mozorro bera daramate, eta ezkongaiak, adibidez, bi emakume dira. Orduan, klixe askorekin apurtzen dugu; ez bakarrik Bakion, baita beste inauterietan ere.

«Inportanteena komunitatea indartzea da, eta herritar guztiek parte hartzea: ez bakarrik umeek, baita nagusiek ere, eta, batez ere, gazteek»

Berba ere berreskuratu duzue. Zer da anarru bat?

Ikerketa horri esker, Euskaltzaindiak eta Labayru fundazioak anarru hitza jaso dute; beraz, hori ere lorpen interesgarria da. Alde batetik, mozorroa adierazten du, eta, beste alde batetik, pertsonaia; anarruz jantz zaitezke, edo Anarru izan zaitezke. Oso modernoak ziren pertsonez ere esaten zuten: «Anarruz jantzita dator». Hau da, arraro samar jantzita, mozorrotuta. Inauteri askotan bezala, bertoko pertsona historiko bat hartu dugu eredu: Joseph Ormaza deitzen zen, eta Joseostu goitizenez ezagutzen dugu; hori erretzen dugu Anarru Egunean.

Inauteriak ez dira jai hutsak; herri baten identitatearekin dute zerikusia, baita komunitate jakin batekin ere. Zergatik da garrantzitsua loraldia?

Aitzpea Leizaolak oso ondo azaltzen du: tradizioa berreskuratzea zure identitatea eta memoria aurkitzea da. Eta Thierry Truffautek ere zera dio: mundu globalizatu honetan, inportantea dela zure identitatea finkatzea. Niri gustatzen zait esatea tradizioa etxe zahar bat bezala dela: eguneraketak behar ditu bizi kalitate hobea izateko, familian eta komunitatean pentsatuz, eta etorkizunera begira. Leizaolak esaten du ez dagoela beste festarik munduan inauteriek bezala komunitatea ehuntzen duenik.

Eta hain askotarikoa denik, ezta? Herri askok baitute inauteri propio bat.

Hori da: inportanteena ez da guztiz asmatua den, berreskuratua izan den... Inportanteena komunitatea indartzea da, eta herritar guztiek parte hartzea: ez bakarrik umeek, baita nagusiek ere, eta, batez ere, gazteek, horien eskuetan baitago inauterien eta gure tradizio guztien etorkizuna.

Anarru Egunari bere horretan eutsi diozue, edo berrikuntzak gehitu dizkiozue?

Eguneratu egin dugu. Orain dela bi urte kalejira bat egin genuen, eta herritar guztiak jantzi ginen Anarruz. Ikertzaileei esker, berrikuntzak barneratu ditugu: iaz, adibidez, baserriz baserri egiten den ibilaldi hori barneratu genuen; Lapurdin egiten dute, batez ere. Aurten berriro egingo dugu, baina beste auzo batean, denek parte hartzeko aukera izan dezaten.

Anarruz gain, beste pertsonaia batzuk ere egoten al dira?

Bai, noski. Gehienok Anarruz jantzita joaten gara. Baina badaude beste herrietan ere agertzen diren pertsonaiak: Mahatsorria, esaterako, Bakion txakolina inportantea delako; artaburua; iditxuak; hartza, noski, Euskal Herri osoan ez ezik, Europako Mendebaldeko inauteri guztietan ere badagoena... Eta azken bi urteetan ezkongaiak izan ditugu, epailea, eta abar.

lotsabako

Pertsonaiarik gogokoena?
Anarru bera.

Berreskuratu nahiko zenukeen beste tradizio bat?
Udatiarrek pentsatzen dute Bakio hondartza baino ez dela, baina jatorrizko herria goian zegoen. Eremu horri lotutako gauza gehiago berreskuratu nahiko nituzke.

Beste gai bat?
Klima aldaketaren inguruko dokumental bat ekoizten ari gara. Eta hona etorritako emakumeei buruzko beste bat daukat buruan: ea nola ikusten gaituzten, ez bakarrik gu, baita gure herria ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA