Gaston Bordet. Historialaria

«Hautetsi errespetagarriak genituzke Rousseau eta Hugo irakurriko balituzte»

Jean-Jacques Rousseau jaio zela 300 urte betetzen dira aurten. Haren ideiak inoiz baino biziago daude, filosofoaren inguruko aditu Gaston Bordeten ustez, eta kargudunek derrigor irakarri beharko lukete.

Edu Lartzanguren.
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Gaston Bordet (Thonon-les-Bains, Savoia, Frantzia, 1933) Ideien Historiako irakaslea izan zen Besançongo Unibertsitatean. Jean-Jacques Rousseau pentsalariaren inguruko Gizarte-Hitzarmena eta demokrazia hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, San Telmo museoan, Donostian. Gero, eztabaida zabalduko da Antxon Lafontekin.

Rousseau jaio zeneko 300 urte betetzen dira aurten. Zuretzat gaurkotasun handikoa da?

Gizateriaren historiako funtsezko pertsona bat da. Demokraziaren pentsalari handia da. Gizarte-Hitzarmena-ren aurretik, Gizakien arteko desberdintasunaren jatorri eta oinarriei buruzko mintzaldia idatzi zuen. Horretan, salatzen ditu zibilizazioaren kalteak, ziblizazioa jabegoaren gainean oinarrituta dagoelako, gizaki batzuk lurraren jabe egin direlako, eta desberdintasun handiak daudelako. Gizaki batzuk boterearen jabe egiten dira, beste batzuk azpian hartzeko. Gaurkotasun handiko ideiak dira, beraz.

Rousseauk uste zuen gizakia berez zintzoa dela. Ez duzu uste optimismo hori zalantzan dagoela aspaldi?

Bere garaian ere bai. Rousseauk eraiki egiten zuen, Voltairek suntsitu. Gizakia eta gizartea hobetu daitezkeela uste zuen. Kontra izan zituen bere garaiko guztiak, iraultza piztu arte.

Psikoanalisiaren aitzindaria izan zela diozu. Horretarako, baina, ez al zuen onartu beharko gizakiak berezko alderdi iluna duela?

Les Confessions lanean kontatzen du txikitan behin zigortu egin zutela. Ipurdikoa eman zion izebak, eta berak hala moduzko plazer sexuala sentitu zuela. Halako behaketa oso introspekzio sakona da, inkonzientearen eremuan barrena, sexualitatearen garrantziaz. Hor ez dago Freudengandik oso urrun, mende batzuk lehenago. Rousseau, gainera, lehen etnologoa da Levi Straussentzat. Garai hartako bidaiarien txostenak irakurri zituen, eta ondorioztatu zuen herri primitiboak elkartasun handiagoa duten gizarteak dituztela. Diruak eta botere goseak ez ditu itxuragabetu.

Basati zintzoaren ideia hori ez al da oinarritzen gizarte horien azaleko azterketan? Apur bat gehiago jakin izan balu, ez al zuen alde iluna gizarte guztietan aurkituko?

Entziklopedista guztiek esaten zuten orduan letrek, arteek eta zientziek ohiturak eta zibilizazioa hobetzen zituztela. Rousseauk ere baietz esaten du, baina erakusten du horrek ez duela zertan horrela izan. Rousseaurentzat, gizakiak, bakarrik, ezin du egia atzeman: taldeak egin behar du hori. Baina, horretarako, gizakiak hezi egin behar dira. Demokraziak ezin du funtzionatu ez badago herritarren arteko hitzarmena eta elkartasuna.

1998ko kantonamendu hauteskundeetan, «alferrikako gastuen» kontrako kanpaina egin zenuen. Horretan ere, Rousseauri jarraitu zenion?

Gizakia zorionaren bila ibiltzen da: batzuk, diruan eta jabegoan; Rousseau, zuzentasunean, naturaren errespetuan, zientziaren garapenean, eta gizabanakoen askatasunean. Ni Alderdi Sozialistako kidea naiz, eta hainbat hautetsiren portaera ikusten dudanean, baita ezkerrekoena ere, haien diru eta botere gosea, gero eta argiago ikusten dut Rousseauren ideiak inoiz baino beharrezkoagoak direla. Demokraziak funtzionatzeko, behar da herritarrek eta hautetsiek kargua hartu aurretik Gizarte-Hitzarmena irakurtzea. Hori eta Victor Hugoren Miserableak. Horren idealak eta Rousseauren teknikak indarrean jarriz gero, hautetsi errespetagarriak izango genituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.